Abian Covid-19aren krisiari aurre egiteko sektore ekonomikoko lan talde bereziak
Abian Covid-19aren krisiari aurre egiteko sektore ekonomikoko lan talde bereziak
Foru arduradunek bilera bana egin dute gaur eskualdeetako garapen agentzietako arduradunekin eta Elkargirekin.
Aldundiak bilera erronda hasi du aste honetan hainbat eragile ekonomikorekin, Covid-19a Gipuzkoako sektore ekonomiko desberdinen jardueran izaten ari den eraginaren jarraipen zehatza eta jarraitua egiteko eta, dituzten zailtasun zehatzei modu partekatuan aurre egiteko. Joan den astean jarraipen ekonomikorako organoa martxan jarri ondoren, ikuspegi orokorrago batekin, foru erakundeak mahai tekniko espezifikoak sortzeari ekingo dio orain, sektore bakoitzaren errealitate zehatzari heldu eta horri erantzungo dioten neurriak martxan jartzeko asmoz.
Hala, gaur bi bilera egin dituzte, eta horietan parte hartu dute, Aldundia ordezkatuz, Markel Olano diputatu nagusiak, Imanol Lasa Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko diputatuak, eta Iker Estensoro eta Jon Gurrutxaga ekonomia arloko zuzendariek. Lehenengoa modu telematikoan egin da eta bertan parte hartu dute Gipuzkoako eskualde garapeneko agentzietako arduradunek, hau da, Debagoiena, Bidasoa Aktiba, Uggasa, Urola Kosta, Iraurgi Berritzen, Oarsoaldea, Donostia Sustapena, Beterri, Tolosaldea, Debegesa eta Goieki agentzietako arduradunek.
Topaketa horretan aztertu da gaur egun dauden laguntzen koordinazioa, eta Aldundiak garapen agentzien ahotik entzun ditu ehun ekonomikotik jasotzen ari diren eskaerak. Ildo horretan, on line plataforma bat abian jartzea adostu da, krisi egoera honetan ETEen eta profesional autonomoen beharrak kudeatzen laguntzeko. Gainera, administrazioek dituzten laguntzak eta programak erraz eskuratu ahal izateko gidak egingo dira, eta eguneratzen joango dira laguntza eta programa horiekin batera.
Imanol Lasak nabarmendu duenez, garapen agentziek tokiko errealitate ekonomikoarekiko duten kapilaritateak eta hurbiltasunak "ezinbesteko aliatu" bihurtzen ditu, Covid-19aren ondorioei aurre egiteko. "Errealitate horrek agerian uzten du, inoiz baino gehiago, administrazioek modu koordinatuan jarduten jarraitu behar dutela, bakoitzak bere eskumen eta gaitasunetatik balio erantsia eskainiz, lehentasunak zehaztu eta ditugun baliabideen erabilera eraginkorra egin ahal izateko, hori funtsezkoa baita egoera honetan”.
Ildo berean, foru arduradunek lan bilera egin dute Elkargiko arduradunekin, Zenon Vazquez zuzendari nagusia buru dutela. Bertan, soluziobideak aztertu dituzte enpresa txiki eta ertainek zein autonomoek eduki dezaketen likidezia arazoei aurre egiteko. Mailegu lerro berezia jarri du martxan Elkargik. 943309060 telefonora deitu edo comercialgipuzkoa@elkargi.es helbidera idatzi dezakete interesa dutenek. Lasak baieztatu duenez, ezinbestekoa da krisialdi honetan “inor ez gelditzea atzean”, eta hori lortzeko, “likidezia erraztu behar zaio ekoizpen ehunari, bereziki zailtasun gehien dituzten profesionalei eta enpresei”. Hori horrela, konpromisoa hartu du aipatutako aktuazioak babesteko, eta Elkargiren, garapen agentzien eta sektoreko enpresa elkarteen arteko lankidetza errazteko.
Diputatuak adierazi duenez, koronabirusaren krisiak ondorio "sanitario, ekonomiko eta sozialak" ditu, eta aurre egiteko neurriek "hiru errealitate horiek integratu behar dituzte". Zentzu horretan, azpimarratu du "jarduera ekonomikoa guztiz ez gelditzeko, eta ahal den neurrian jarduera horri eusteko beharra, betiere segurtasun protokoloak eta osasun bermeak errespetatuz. Gipuzkoak historian zehar jakin izan du une benetan korapilatsuak gainditzen, elkarlanean oinarrituta; eta badakigu, zalantza izpirik gabe, oraingoan ere hala egingo dugula, eta, gainera, gizarte gisa indartuta egingo dugula”.
2531