Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Abian da BADALAB hizkuntza eta berrikuntzarako

Abian da BADALAB hizkuntza eta berrikuntzarako

Etorkizuna Eraikizen baitan, euskararen biziberritzea eta hizkuntza berdintasuna sustatzeko esperimentazio gune erreferentziala bihurtzea du helburu

Euskara biziberritzeko eta hiztunen arteko berdintasuna sustatzeko garaian esperimentazio gune erreferentziala bilakatzeko helburuarekin jaio da BADALAB Hizkuntza eta Gizarte Berrikuntzarako Laborategia. Jomuga horrekin abiarazi dute gaur proiektu berri hori, Gipuzkoako diputatu nagusi Markel Olano buru dutela, euskal erakundeetako eta euskalgintzako hainbat ordezkarik Foru Aldundian egindako sinadura ekitaldian, zeinetan osatu duten erreferentziazko zentro honek oinarrian izango duen partzuergoa.

Etorkizuna Eraikiz egitasmoaren baitan dagoeneko hezurmamituko den zortzigarren proiektu estrategikoa izango da badalab –aurretik sortuak izan dira Ziur, 2deo, Labe, Adinberri, Mubil, ArantzazuLab eta Naturklima–. Kasu honetan, euskararen biziberritze prozesuan berrikuntza eta esperimentazioaren aldagaiak txertatzea izango du xede eta, aldi berean, gizarte berrikuntza prozesuetan hizkuntzaren aldagaia kokatzea. Hala nola, euskararentzat aukera berriak identifikatu eta horietan eragiten saiatuko da, prototipo berriak proposatuz. Hizkuntza teknologiarekin esperimentatzea izango du jomugan, baita ere.

Helburu horietatik abiatuz, badalabek hiru emaitza nagusi lortu nahiko lituzke bere jardunarekin. Lehenik, euskara indartuko duen ekosistema eraberritu eta aberatsagoa lortzea, eragile berri eta anitzen partaidetzarekin, euskal hizkuntza etengabe sortzen diren testuinguru berrietan egon dadin eta eremu horietan bere erabilera areagotu dadin. Bigarrenik, prototipo eta gizarte proposamen ausartak gauzatu nahi ditu, bide berriak irekiko dituzten proiektu eta ekimen berritzaileak euskaraz abiarazi daitezen. Hirugarrenik, narratiba berriak eta euskarazko bizipen zirraragarriak sorraraztea, formatu eta testuinguru anitz eta digitaletan, euskaraz momentu berriak eta gogoangarriak gehiagotan bizitzeko aukerak sortuz –aisialdian, kulturan, lanean, sorkuntzan, eta abar–.

Aitzindaria nazioarte mailan

Zimendu horiekin ekingo dio ibilbideari datozen hilabeteetan Errenteriako Torrekua eraikinean, bertan izango baitu behin-behineko egoitza. Euskal Herriko mugez haratago erreferentzia bilakatzeko bokazioa ere hasiera-hasieratik garatuko du, egitasmo aitzindaria izango baita nazioarteko mailan. Horrela, hizkuntza gutxituak biziberritzeko lanean diharduten guztientzat erreferentzia izango da badalab.

2018tik hona abian da laborategiaren helburuen eta diseinuaren inguruko gogoeta  –Aldundiak, Langunek, Elhuyarrek eta Emunek gidatu dute, Soziolinguistika Klusterrarekin batera–, gainontzeko erakundeen eta euskalgintzako ordezkarien partaidetzarekin. Dagoeneko aurreratua dago prozesu hori eta gaurko lan bileran badalab martxan jartzeko estreinako bi erabaki nagusiak finkatu dira: egitasmoa babesten duten entitate publiko eta sozialek osatu duten partzuergoa eraketa, batetik, eta egitasmoaren abiaraztea gidatuko duen gobernu batzordearen osatzea.

Hizkuntza eta Gizarte Berrikuntzarako Laborategiaren “izaera kooperatiboaren” lekuko, batzarrean parte hartu dute Gipuzkoako diputatu nagusiak, Markel Olanok; Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza politikako sailburuak, Bingen Zupiriak; Errenteriako alkateak, Aizpea Otaegik; Kontseiluako idazkari nagusiak, Paul Bilbaok; Soziolinguistika Klusterreko zuzendari nagusiak, Imanol Larreak, EITBko zuzendari nagusiak, Andoni Aldekoak; UPV/EHUko errektoreak, Eva Ferreira; ArantzazuLABeko zuzendari nagusiak, Naiara Goiak; Languneko zuzendari nagusiak, Lohitzune Txarolak; eta Euskaltzaindiko presidenteak, Andres Urrutiak.

“Euskarari, etorkizuna eta elkarlana”

Gipuzkoako diputatu nagusiak gogorarazi duenez, “sakoneko eraldatzeak” gertatzen ari dira gaur egun mundu osoan, digitalizazioa, aldaketa klimatikoa, gizarte aniztasunaren areagotzea, kasu. “Paradigma berri horiek modu nabarmenean eragiten diete hizkuntza gutxituei eta euskara ez da salbuespena. Galdera ikur eta desafioen aurrean, hil ala bizikoa da jomuga berriak eta egitasmo berritzaileak urratzea. Esperimentaziorako baliabideak eta testuinguruak sortu behar ditugu, elkarlanean sortu ere, horrela bakarrik lortuko dugulako erronka horiei modu arrakastatsuan erantzun eta euskararen etorkizuna bermatzea. Garai berriek tresna, proiektu, baliabide berriak eskatzen dituzte eta ahalegin horretan akuilu lana egitera dator badalab”, laburbildu du.

Olanok adierazi du Europan desberdintasun maila txikienak dituen pertsonen komunitatea izateko helburu duela Gipuzkoak eta, bere iritziz, xede hori gauzatzekotan “hizkuntza berdintasuna” bermatzea eta sustatzea “ezinbestekoa” da. Gehitu duenez, gure lurraldearen “ezaugarri bereizgarrienetako hiruk” bat egiten dute badalaben sorreran. “Lankidetza, berrikuntza eta euskara bera gure izateko moduaren muinean kokatuta daude. Hiru balio horietan eragin behar dugu, euskarari eta euskal hiztunei eskaini behar diegulako elkarlana eta etorkizuna”, aldarrikatu du.

Proiektuaren jatorrian dago 2015-2019 legegintzaldian Hizkuntza Berdintasuneko foru zuzendaritzak abiarazi zuen euskalgintzaren berrikuntza palankak izeneko partaidetza-prozesua. Bertan, hizkuntzaren biziberritze prozesuan eraginkorragoak izateko hainbat funtsezko faktore identifikatu ziren. Aldi berean, Gipuzkoako etorkizuneko erronkei gizartearekin elkarlanean ekiteko Etorkizuna Eraikiz programak bere gain hartu zuen euskararen alorrean berrikuntza sustatzeko desafioa eta, horrela, Foru Aldundiaren 2020-2023 plan estrategikoan kokatu zen hizkuntza berrikuntzako laborategi bat sortzeko proiektua: “ekosistema bizi gisa eraikiko da, proiektu esperimentalak bultzatzeko, euskara berdintasunez garatzea sustatzeko, gaur egun bizi garen ingurune hizkuntza-aniztunean”.

Bestalde, proiektuak bete-betean bat egiten du euskara eremu digitalean sustatzeko 2021-2024 epealdirako Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako bide orrian eta, baita ere, Europako Batasunak era digitalean hizkuntzen arteko berdintasuna sustatzeko indarrean jartzen ari den politikekin. Tartean, besteak beste, 2030erako Europan hizkuntza berdintasun digital osoa erdiestea helburu duen sarea sortu dute –European Language Equality–, Europako zenbait erakunde akademiko, instituzional eta enpresen parte-hartzearekin.

  

5968