Abian «Talentia» proiektua, Gipuzkoako unibertsitate-talentua garatzeko
Abian «Talentia» proiektua, Gipuzkoako unibertsitate-talentua garatzeko
Konpetentzia pertsonalak eta profesionalak garatzeko programa pilotu bat da
Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak, UPV/EHUko, Deustuko Unibertsitateko, Mondragon Unibertsitateko eta Tecnuneko errektoreordeekin batera, Talentia proiektua aurkeztu du gaur, Gipuzkoa Talent estrategiaren barruan Gipuzkoako unibertsitate-talentuaren garapena bultzatzeko. Ekimen hori martxan jarriko da ikasturte honetan bertan programa pilotu baten bidez, non Gipuzkoako ikasle unibertsitarioak prestatu ahal izango diren, tailer, coaching saio eta topaketen bitartez, lanbide-merkatuan sartzeko, eta lan-merkatuko egiturarekin eta testuinguruarekin koherenteak izango diren helburu pertsonalak eta profesionalak bat egiteko.
Markel Olanok xehetasun horiek eskaini dizkie Ibaetako campuseko Barriola Zentroan, programa pilotuari buruzko xehetasun gehiago ezagutzeko, bildu diren ehun ikasle baino gehiagori. Berarekin batera, ekitaldian parte hartu dute Ainhoa Aizpuru Ekonomia Sustapeneko, Landa Inguruneko eta Lurralde Orekako diputatuak, Agustin Erkizia UPV/EHUko Gipuzkoako Campuseko errektoreordeak, Victor Urcelay Deustuko Unibertsitateko Ekintzailetza eta Etengabeko Prestakuntzako errektoreordeak, Jon Altuna Mondragon Unibertsitateko errektoreorde akademikoak; eta Iñigo Gutierrez Tecnuneko zuzendariordeak. Gipuzkoako unibertsitate-talentua garatzera bideratutako laguntza profesionaleko ekimen hori «Profesionaltasunerako gaitasunak» izenpean garatuko da, eta hainbat elkargo profesionalen laguntza ere izango du.
Diputatu nagusiak gogora ekarri duenez, Foru Aldundiak martxan jarri du Gipuzkoa Talent estrategia, lurraldeko giza kapitalaren garapena «sustatu eta bultzatzeko» asmoz, eta, etorkizuneko erronkei aurre egin ahal izateko talentu hori gero eta gehiago eskatzen duten enpresekin «konektatzeko». "Giza talentua hazkundea, lehiakortasuna eta berrikuntza lortzeko faktorerik garrantzitsuena izango da XXI. mendean. Gipuzkoa gogor ari da lanean erronka horietan aurrera egiteko, eta jarduera ekonomiko berria sortzen duen eta herritarren ongizatea bermatzen duen gizarte moderno gisa aurrera egiteko», adierazi du diputatu nagusiak.
Estrategia honen lehenengo mugarria lehendabiziko Gipuzkoa Talent Forum izan zen, 2016ko abenduaren 27an burutu zena, -berriro antolatu zen 2017an-; izan ere, foro horretan, atzerrian lan egiten duten 200 gipuzkoarrek lehen eskutik ezagutu ahal izan zuten Gipuzkoako 30 enpresek egiten duten lana, eta beraien profil profesionalak ezagutzera emateko aukera izan zuten. Estrategia horrek aurrerapauso bat gehiago ematen du Talentia programa aktibatzeko eta lehenengo programa pilotu hau martxan jartzeko.
«Gure lurraldeak duen talentuaren gaitasun osoa garatu nahi dugu. Unibertsitateek balioak eta kalitatezko ezagutza tekniko eta akademikoa eskaintzen dizuete, zalantzarik gabe faktore erabakigarria. Baina, gainera, lan merkatuan sartzeko orduan funtsezkoa da gizarte eta mundu profesional aldakorretan moldatzen lagunduko dizueten konpetentzia profesional eta pertsonalak izatea ", azaldu die Olanok ekitaldian parte hartu dutenei. Gaineratu duenez, Gipuzkoa "ausardiaz" ari da lanean etorkizunak planteatzen dituen erronka sozial eta ekonomikoei aurre egiteko, eta, horretarako, gizarteak eta enpresek "prestakuntza eta jarrera duten gazteak" behar dituzte. «Gipuzkoak inoiz baino gehiago behar zaituzte eta ziur nago aukerak izango dituzuela. Gure konpromisoa da zuei laguntza ematea programa honen bidez, unibertsitateekin lankidetzan, zuen prestakuntza ahalik eta onena izan dadin eta etorkizunean izango dituzuen aukerak aprobetxatu ahal ditzazuen", laburbildu du.
"Profesionaltasunerako gaitasunak» programaren xede nagusia da helburu pertsonalak eta profesionalak lerrokatzeko bermea eskaintzea, eta horiek, aldi berean, lan merkatuaren egiturarekin eta testuinguruarekin koherenteak izatea. Zehatzago esanda, ekimen honen helburua da ikasle parte hartzaileek, ikasle-etapan zehar, beren interesetan eta helburuetan oinarritutako bizitza eta karrera plan bat diseinatzea, garapen pertsonal eta profesional hobea lortzeko tresna paregabea izango baita.
Profesionaltasunerako gaitasunak
Programa honen bidez, ikasleek adituen laguntza izango dute beren plana diseinatzeko, jarduera akademiko eta kokurrikularretan oinarrituta; karreran lortutako trebetasun eta konpetentziei buruzko dokumentu-zorro propioa garatzeko; eta beren talentua enpresa eta erakundeei eskaintzen ikasteko, betiere balioa eta ongizatea sortzeko ikuspegiarekin.
Parte hartzen duten ikasleen hautaketari dagokionez, hurrengo taulan azaltzen diren fakultateek 2018ko otsailetik aurrera proba pilotu hori garatuko duten lehen ikasturteko hautagaiak aukeratuko dituzte, nahiz eta proiektu horrekin zerikusia izango duen talde profesionala arduratuko den hautagaien egokitasuna berresteaz, proposamen honen hurrengo atalean deskribatzen den hautaketa prozesuaren bidez. Hau da, fakultate bakoitzak 30 pertsona aukeratuko ditu, eta horietako 15ek programan parte hartuko dute.
Programaren funtzionamenduari dagokionez, Gipuzkoa Talent estrategiako teknikariak harremanetan jarriko dira programan parte hartzen duten fakultate guztiekin, horiek hautaketa-prozesuan parte hartuko duten 30 pertsonen aurrehautaketa egin dezaten, bakoitzak egoki iritzitako irizpideari jarraiki. Aurrehautatutako gazteak izan ziren, hain zuzen ere, atzoko aurkezpenean parte hartu zutenak. Horiei guztiei gutun bat bidaliko zaie posta elektronikoz, eta programaren berri emateaz gain, jakinaraziko zaie aurrehautatuak izan direla programan parte hartzeko, kontuan hartuta ezinbestekoa baldintza dela Gipuzkoan erroldatuta egotea, gutxienez urtebete lehenagotik; beraz, beharrezkoa izango da hautaketa-prozesua hasi aurretik egiaztagiri hori aurkeztea.
Talentia proiektua duela hamar urte hasi zen Bizkaian, Aldundiaren eta unibertsitateen arteko lankidetzari esker, eta emaitzak nabarmenak izan dira Bizkaiko unibertsitate-ikasleen gaitasunen garapenean. Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko Departamentuaren eta Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Garatzeko Sailaren artean sinatutako hitzarmenari esker, ekimen hori Gipuzkoan garatzen hasiko da, gaur aurkeztutako programa pilotuaren bidez.
Aurten, Deustuko Unibertsitateko 14 fakultatetik, UPV/EHUtik, Mondragon Unibertsitatetik eta Tecnunetik datozen 200 gaztek baino gehiagok parte hartu ahal izango dute programa honetan. Besteak beste, gaitasun-tailerrak egingo dira, eta horietan parte hartzaileek zenbait gai landuko dituzte, hala nola, planifikazioa eta emaitzetarako orientazioa, bai eta estrategia eta pro-aktibitatea ere; halaber, taldeko coaching saioak, elkargo profesionalekin topaketak, gizarte-izaerako ekimenak, eta beste jarduera batzuk antolatuko dira.
2105