Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Adierazle turistiko nagusietan hobekuntza

Adierazle turistiko nagusietan hobekuntza

Lurraldeko lau eremu geografikoetan hazi da jarduera.

Gipuzkoan 516.164 bidaiari sartu dira uda honetan (+ % 5,9, 2018ko udarekin alderatuta), 1.134.352 ostatu-gau egon dira (+ % 7,1) eta batez besteko egonaldia 2,2 gaukoa izan da (+ % 1,5), Euskadiko batez bestekoaren gainetik. Okupazio mailak ere hobera egin du, % 73,98ra iritsiz (+ % 2,5). Imanol Lasa Sustapen Ekonomikoko, Turismo eta Landa Eremuko diputatuak eta Iker Goiria Turismo zuzendariak agerraldia egin dute gaur Foru Aldundiak jasotako datuak aurkezteko. Lurraldeak alor honetan gehiengo historikoak lortzen jarraitzen duela berresten dute datuok.

Jarduerak  ekainean, uztailean, abuztuan eta irailean izandako erregistroen inguruan balorazio baikorra egin du Lasak, nabarmenduz EAEko turismoaren gorakadaren buru izaten jarraitzen duela Gipuzkoak; izan ere, hobekuntza izan du adierazle nagusietan, eta hazkundea "orokorra eta iraunkorra izan da azken bederatzi urteetan. Datu horiek turismo eredu kalitatezkoa, jasangarria eta ordenatua finkatzen lagundu behar digute, lurralde osoan enplegua eta aberastasuna modu orekatu eta banatuan sortzen lagunduko duena, eta nortasun eta kultura propioak indartuko dituena".

Udako hilabeteen nagusitasuna finkatu egin da Gipuzkoan: 134.987 bidaiari sartu ziren abuztuan, 130.924 uztailean, 125.975 irailean eta 124.278 ekainean. Igoera nabarmenena ekainean eta irailean izan da, urte arteko aldakuntza % 7,6koa eta % 11,1ekoa izan baita, hurrenez hurren. Lasak positiboki baloratu du datu hori, eta baita batez besteko egonaldiaren igoera ere, denboraldia luzatu egingo dela esan baitezake. Izan ere, abuztua da aurreko urtearekin alderatuta hazten ez den hilabete bakarra, urte arteko aldakuntza negatiboarekin (- % 0,1).

Gipuzkoa helmuga gisa nazioartekotzea ere nabarmendu dute foru arduradunek, bisitarien erdiak baino gehiago atzerritarrak baitira (% 55), eta horrek esan nahi du % 9,4ko hazkundea izan dela 2018ko udarekin alderatuta. Profil horren barruan, nabarmendu behar da kopuru osoaren erdia rankingaren buru diren 5 herrialdeetatik datorrela: Frantzia, Estatu Batuak, Erresuma Batua, Alemania eta Italia. Gorakada nabarmenena Japoniaren eta Luxenburgoren eskutik etorri da (% 75 eta % 56,8 hurrenez hurren). Estatutik datozen bisitariei dagokienez, Madril nabarmentzen da, eta ondoren Katalunia, EAE, Andaluzia eta Valentziako Erkidegoa. Gorakada nabarmenena Balear Uharteek eta Extremadurak izan dute (% 27,2 eta % 24,2 hurrenez hurren).

Gipuzkoako lau eremu geografikoek – Donostia, Donostiako metropoli-eremua, Kosta eta Barnealdea – urtaroaren araberako portaera erakusten dute, eta udako hilabeteetan nabarmen handitu dira bidaiarien sarrerak. Hala ere, azken urteetako datuek erakusten dute, Lasak azpimarratu duenez, urtarokotasuna leuntzen ari dela, eta goi denboraldiari lekua irabaziz doala behe denboraldia. Era berean, Gipuzkoako hiriburuak eta kostaldeak aurreko urteetan baino urtarokotasun kurba txikiagoa dute.

Udako hazkundea Donostiak eta haren metropoli-eremuak gidatzen dute, baina nabarmentzekoa da ekaineko eta iraileko hazkunde orokorra, metropoli-eremuan eta barnealdean. Gipuzkoako kostaldea eta barnealdea hazi egin dira, baina gainerako eremu geografikoak baino modu moderatuagoan, % 4,1eko eta % 6,4ko hazkundearekin, hurrenez hurren.

Landa-ostatuei dagokienez, udan 39.690 eta 126.099 sarrera eta ostatu-gau daude, hurrenez hurren, aurreko udan baino % 4,8 eta % 7,08 gutxiago. Joera hori azken urteetako joera orokorraren kontrakoa da. Barnealdea da adierazle guztietan gorakada izan duen eremu bakarra: nekazalturismoen eta landetxeen irekitzeari dagokionez, plaza kopuru erabilgarriari dagokionez eta okupatutako langileei dagokienez. Okupazio orokorra % 48,98koa da, eta ia % 6ko jaitsiera izan du aurreko urteko udako hilabeteekin alderatuta; Lasak ostatu-modalitate berrien lehiari egotzi dio jaitsiera hori.

San Sebastian Region turismo bulegoari dagokionez, 104.905 pertsona igaro dira bertatik, eta horietatik 78.679 banaka artatu dituzte, iaz baino gehiago (% 20), batez ere nazioarteko erabiltzaileen gorakadaren ondorioz (% 29).  Nabarmentzekoa da ekainean eta irailean izandako igoera, % 40,3 eta % 48 hurrenez hurren. Erabiltzaile gehienek autoa erabiltzen dute garraiobide nagusi gisa. Informazio gehien Gipuzkoako kostaldean eskatzen da, hala nola Hondarribian, Zarautzen, Zumaian eta Getarian. Hala ere, gero eta aniztasun handiagoa dago erabiltzaileek galdetzen dituzten herri eta eremuei dagokienez, eta eskualde gehienek kontsulta ugari jaso dituzte.

Produktu edo baliabide turistikoak ere eskatzen dira: Geoparkera bisitak, Done Jakue Bidea, bizikleta ibilbideak, oinez egiteko ibilbideak, garraio publikoa eta ostatu erreserbak nahiz Bulegoan eskaintzen diren bestelako jardueren erreserbak, hala nola txangoak, ibilbide gastronomikoak eta itsasontziz egiteko ibilbideak, besteak beste.

 

Pisu ekonomikoa

Turismoak Gipuzkoako ekonomiari egindako ekarpena 1.849 milioi eurokoa izan zen 2017an. Turismoak lurraldeko ekonomian izan zuen pisua % 7,6 izan zen urte hartan, 354 milioi euro inguruko hazkundearekin; horrek % 0,2ko igoera ekarri zuen, eta BPGari egindako ekarpenean ehuneko puntu bat gutxiago. Uda honetan ia 7.907 lanpostu sortu ditu jarduerak, horietatik 1.252 Gipuzkoako barnealdean. Gizarte Segurantzako afiliazioak datu egonkorrak erakusten ditu udako hilabeteetan zehar; 36.000 eta 37.000 pertsona artean mantentzen da. Hotel eskaintzaren errentagarritasun ekonomikoa gero eta positiboagoa da, eta RevPar (gela libre bakoitzeko diru-sarrera) 100 eurotik gora dago udako hilabete gehienetan. 

Diputatuak adierazi duenez, Gipuzkoak lanean jarraitu behar du, «turismoa benetako sektore ekonomikotzat, Gipuzkoarentzat enplegua eta aberastasuna sortzen duen sektoretzat hartzen duen turismo eredu baten alde. Gobernantza eredu ireki eta kolaboratibo batekin, lankidetza publiko-pribatua oinarri hartuta. Turismo adimenduna sustatuko duena, Big dataren eta teknologia berrien erabilera onean oinarrituta, eta turismoaren jasangarritasuna monitorizatuko duena, gizartearen ikuspegitik". Helburu gisa aipatu ditu, halaber, turismo fluxuen lurralde oreka lortzea, urtean zehar banaketa homogeneoagoa lortzea eta "sektorearen profesionalizazioan sakontzea, enpleguren egonkortasuna eta kalitatea sustatuz".

Horretarako, legealdirako estrategikoak diren lau jarduera ildotan lan egingo du Aldundiak: Gipuzkoa osoko baliabide eta ekitaldien sustapen turistikoa; Gipuzkoa helmugaren dinamizazio eta plangintza turistikoa, oreka handiagoa lortzeko, lurraldeen artean eta urtean zehar; sektore pribatuarekiko eta sustatzaile berriekiko lankidetza; eta jasangarritasuna, ezagutza eta talentua.

Lan ildo horien barruan, ekintza hauek garatuko dira, besteak beste: Donostia Turismo eta eskualdeetako turismo erakundeekin lankidetza hitzarmena sinatuko da; beste hitzarmen bat izenpetuko da Gipuzkoan turismoaren dinamizazioan eragiten duten entitateekin; MICE turismoa promozionatu eta biziberrituko da –Kongresuak, jardunaldiak…-; kanpoan oihartzuna duten ekitaldi eta ekimen turistikoak babestuko dira; babesa eskainiko zaie ekintzaileei eta turismo enpresei; elkarlan sarea mamituko da lurraldearen promozioan diharduten turismo mikroenpresekin; Turismoaren Behatokia bultzatuko da lurraldean; tasa turistikoa ezartzeko azterketa gauzatuko da; eta topagune bat sortuko da sektoreko eragile guztiekin jarduerarekin etorkizuna diseinatzeko.

Guzti hori, Lasaren esanetan, xede nagusi batekin: Gipuzkoaren eredu turistikoa indartzea. “Eredu horrek oso nortasun ikur argiak dauzka. Gure paisaia, kultura, natura, historia edo gastronomia ditu erakargarri nagusi, masifikazioaren patroietatik ihes egiten du, eta jasangarria da ekonomikoki, sozialki, eta ingurugiroari erreparatuz ere. Bide beretik jarraitu behar dugu gorakada hau probestuz, bisitatzen gaituztenon satisfakzioa, herritarron ongizatearekin eta bizi kalitatearekin uztartuz, eta turismoa Gipuzkoa eta bere baloreak atzerrian ezagutarazteko erabiliz”.  

  

2245