Adinberri zentroa indartzeko hitzarmena sinatu dute Aldundiak eta Jaurlaritzak
Adinberri zentroa indartzeko hitzarmena sinatu dute Aldundiak eta Jaurlaritzak
Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek lankidetza-hitzarmena sinatu du gaur Pasaian Gipuzkoako Foru Aldundiarekin, Adinberri Fundazioaren bitartez, Zahartzeari buruzko Erreferentzia Zentro bat sustatzeko, arreta eta enplegua sortzeko eredu berrien esperimentazio aktibora bideratua.
Sinatutako hitzarmenaren bidez, Eusko Jaurlaritzak 2.950.325 euro bideratuko ditu Oarsoladea eskualdean zahartzearen arloan sortzen ari den ekosistema indartzeko.
Artolazabalen hitzetan, gaur sinatutako akordioan jasotako estrategia komunak “zahartze osasungarriaren, sistema sozio-sanitarioaren bikaintasunaren eta esparru honetan industriaren lehiakortasunaren zerbitzura dagoen berrikuntzaren potentziala” maximizatu nahi du. Ildo horretan, sailburuak adierazi duenez “eredu berri baterako trantsizioan gaude; hala, eredu horrek laguntza- eta osasun-lana, ezagutzaren kudeaketa eta industria-garapen teknologikoa lotzen ditu zahartzearen, osasunaren eta ongizatearen arloan. Eredu berri horren helburua da, lankidetzazko eta aurrerapenezko gobernantza batetik abiatuta, biztanleriaren zahartzearekin lotutako erronka sozial eta ekonomikoak identifikatzea eta horiei erantzutea aukera gisa”.
Ideia horretan sakondu du Gizarte Politiketako foru diputatu eta Adinberriko presidente Maite Peñak, eta hitzarmen honen garrantzia azpimarratu du Aldundiak eta Adinberrik duela bost urte baino gehiago Gipuzkoan zahartzearen arloan hasi zuten proiektuari “bultzada esanguratsua” emateko. “Biztanleriaren zahartzea da aurre egin behar diegun erronka nagusienetako bat, eta elkarrekin ari gara egiten, erakundeak eta lurraldeko gizarte-sare osoa. Hitzarmen honek bultzada bat ematen dio Adinberriren Berrikuntza Guneari —Oarsoaldea eskualdean kokatua—, lurralde osoan eragin eta gure ingurunean erreferente izan nahi duena”, azaldu du.
Pasaiako alkateak, Izaskun Gómezek, “Adinberri bezalako proiektu baten zentzu sozial sendoa” nabarmendu du. Proiektu hori oso garrantzitsua izango da udalerriko enplegu eta ekonomiarentzat. Esan duenez, “funtsezko proiektua da Pasaiako hiri- eta gizarte-birsorkuntzan eta azken hamarkadan egindako inbertsiorik garrantzitsuena”. Ildo horretatik, Gómezek nabarmendu du garrantzitsua dela erakundeen arteko lankidetza, “udalerriko ekipamendu eta azpiegituren garapenean eta hobekuntzan aurrera egiteko, pasaitarrei etorkizunerako eta ongizaterako aukera berriak emango baitizkiete”.
Lankidetza-hitzarmenak bi jarduketa-ildo aurreikusten ditu. Alde batetik, adinekoen autonomia, partaidetza soziala eta talentua sustatzea, Altxor 7.0, Bizitza Betea edo Leihatila Bakarra gisako ekimen pilotuen bidez. Eta, bestetik, bizi-ohitura osasungarriak prebenitzea eta sustatzea. Horretarako, Artolazabalek azaldu duenez, “esku-hartze pertsonalizatua bultzatuko da hainbat esparrutan, hala nola elikaduran, jarduera fisikoan, estimulazio kognitiboan edo gizarte- eta komunitate-harremanetan. Helburua da zahartze aktiboa sustatzeko programak sortzea”.
Maite Peñak, testuinguru horretan, “Adinberriko Berrikuntza Gunea” aipatu du, "Pasaiako udalerrian, Zaintza Herrilab estrategiaren esparruan garatzen ari den zaintzarako tokiko ekosistemarekin bat egiten duela. Ekosistema berritzailea da, adinekoek etxean zaintza integrala eta pertsonalizatua jaso dezaten. Azken finean, pertsonalizazioaren, gizarte-berrikuntzaren eta komunitate osoaren parte-hartzearen oinarrietatik arreta- eta zainketa-eredu berrira igarotzeko ekosistema lortzea”.
Sinatutako hitzarmenean jasotako ekintza nagusietako bat da “telelaguntza-programa iragarlea pilotatzea. Programa horrek aurrea hartuko die erabiltzaileen beharrei, eta aurrerapauso bat izango da BetiOn zerbitzuak bere domina gorriarekin gaur egun jada eskaintzen duen telelaguntza aurreratuan”, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako zinegotziak zehaztu duenez. Ildo horretan, Artolazabalek azaldu duenez, telelaguntzako gailu berrien garapen eta aplikazio esperimentala landuko da. Horrela, etxeen eraldaketa digitalean aurrera egingo da, pertsonen autonomia indartzeko, norberaren etxean ahalik eta bizi-kalitate handienarekin egoteko eta desgaitasunik edo mendetasunik gabeko bizi-itxaropena luzatzeko.
Berpiztu programa
Gaur formalizatu den gizarte-berrikuntzako hitzarmena Euskadiko Ekonomia eta Enplegua Suspertzeko Berpiztu Programaren (2020-2024) barruan kokatzen da. Programa hori euskal erakundeek Covid-19aren osasun-pandemiak sortutako ekonomia- eta enplegu-krisiari emandako erantzun gisa sortu zen.
Ekintza-plan horren helburua da galdutako enplegua berreskuratzea eta langabezia-tasa % 10etik behera kokatzea 2024an ezarritako denbora-muga batean.
Oarsoaldea inbertsio publikoen programa honetan jasotako Lehentasunezko Jarduketa Eremuetako (LJE) bat da; inbertsio garrantzitsuenen artean, jarduera ekonomikorako azpiegiturei, ikerketari, berrikuntzari eta eraldaketa digitalari, energia- eta ingurumen-trantsizioari edo osasun- eta gizarte-eraldaketari eragiten dietenak biltzen ditu.
Garatu beharreko proiektuak partaidetza- eta lankidetza-prozesu baten bidez hautatu dira. Prozesu horretan, aldundiek, udalek eta eskualde bakoitzeko eragile ekonomiko eta sozialek parte hartu dute.
Zahartzeari eta Mendekotasunari buruzko Erreferentzia Zentroa
Aitzindaria da, bai eskainitako zerbitzuen ikuspegitik, bai ikuspegi arkitektonikotik, eta zentro honek bere instalazioen artean honako hauek izango ditu: adinekoentzako egoitza berritzaile bat, 124 plaza eskainiko dituena; eguneko zentro bat; tutoretzapeko 18 apartamentu; zahartzeari lotutako I+Gko unitate bat; erabilera anitzeko espazioak eta lurpeko aparkaleku bat, guztira 468 plazarekin.
Aurreikuspenen arabera, Adinberri zentroaren eraikuntza 2022ko amaieran hasiko da Pasaian, eta 48 hilabete geroago amaituko da.
Adinberri Fundazioaren bidez sustatuko den formalizatutako hitzarmenaren bidez bultzatzen diren jarduketa-ildoek eta proiektuek elkarlaneko gobernantza-eredu baten aldeko apustua gauzatzen dute zainketen tokiko ekosistemako eragileekin batera; esperimentazio aktiboaren bidez, irtenbide eta berrikuntza berriak aurkitzeko, eta era horretan, adineko pertsonen beharrei eta kezkei erantzuteaz gain, silver economy edo ekonomia zilarreztatua izenez ezagutzen denari lotutako lanpostuak ere sortzen dituen ekonomia berri bati forma eman ahal izateko.
Kalkuluen arabera, hamarkada batean, 55 urtetik gorakoak biztanleriaren erdia izango dira, gutxi gorabehera. Gainera, 2031n mendetasun-egoeran 36.000 pertsona egongo direla pentsatzen da.
Beatriz Artolazabalek aurreratu duen bezala, “Adimen Aurreratuko Behatoki batek, NAEN Euroeskualdeko zainketen berrikuntzarako Mugaz Gaindiko Lehen Europako Poloan integratuta dagoenak, besteak beste, aukera emango du Oarsoaldeko eskualdean esperientziak babesteko, ebaluatzeko, sistematizatzeko eta, hala badagokio, Euskal Autonomia Erkidego osora zabaltzeko”.
3981