ADINBERRIk Adimen Aurreratuko Sistema bat jarri du abian
ADINBERRIk Adimen Aurreratuko Sistema bat jarri du abian
Adimen Aurreratuko Sistemak zahartzeari buruzko informazioa eta ezagutza bildu eta aztertuko ditu, estatukoa zein nazioartekoa, eta lagungarria izango da estrategia prospektiboetan oinarritutako erabakiak hartzeko, hala eremu publikoan nola pribatuan.
Aurreikuspenen arabera, Gipuzkoako biztanleen erdiak 55 urtetik gorakoak izango dira hemendik hamar urtera. Hori horrela, gure lurraldea izango da Europako zahartuenetako bat. Errealitate horrek garrantzi handiko erronka sozial eta ekonomikoak ekarriko ditu, eta ADINBERRI aukera gisa ari da erantzuten horiei guztiei, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Etorkizuna Eraikiz ekimenaren esparruan. Eta, horretarako, tresna berri bat izango du; izan ere, fundazioak Adimen Aurreratuko Sistema bat garatu du, eta, haren bidez, zahartzeari buruzko joera handiak eta informazio garrantzitsua eskuratu ahalko dira —estatukoa zein nazioartekoa—, eta, horretaz gainera, jakintza espezializatua sortu ahal izango da.
Sistema horren helburua da datozen hamarkadetako zahartze-prozesuari buruzko agertoki erreal bat marraztea Gipuzkoarako, arlo horretako politika publikoen garapena hobetzeko eta, bide batez, sektore pribatuan ere aukera berriak sortzeko. Zahartzearekin lotutako ekosistemaren ordezkari ugariren aurrean aurkeztu da plataforma hori, eta Maite Peña Gizarte Politiketako diputatuak eta ADINBERRIko zuzendari Rakel San Sebastiánek parte hartu dute ekitaldian. Haiekin batera izan dira, orobat, arlo horretan itzal handia duten adituak.
Maite Peñak azpimarratu duenez, «Gipuzkoa erantzun positiboa, abangoardista eta lankidetzan oinarritua» ari zaio ematen zahartzearen erronkari, bai Gizarte Politiketako Departamentuak garatutako politiken bidez, bai ADINBERRI fundazioak sustatutako ekimenen bidez, Adimen Aurreratuko Sistema martxan jartzeak erakusten duen bezala. «Etorkizuna Eraikiz ekimenaren espirituarekin bat, ADINBERRIren helburuen artean dago Gipuzkoa arlo horretako munduko esperientzia eta ezagutza aurreratuenekin lotzea, eta haren xedea da, era berean, gizartearen eta sare sozioekonomikoaren eskura ipintzea Gipuzkoak zahartze osasungarriari buruz duen informazio mamitsua, bai lehendik duena, bai zabaltzen ari dena», gogorarazi du.
Era berean, diputatuak adierazi du tresna berria dela, eta lagungarria izango dela «zahartze osasungarriaren zerbitzura berrikuntza sustatzen» diharduten eragileen ekosistema «sendotzeko», ADINBERRIrekin orpoz orpo. «Pertsonen bizi-kalitatea hobetzen duten produktuak, zerbitzuak eta soluzioak garatzen ari gara, eta, haiei esker, aurrera jarraitu ahalko dugu zaintza pertsonalizatuagoak eta komunitarioagoak lortzeko trantsizioan. Lan horretan sakontzen jarraitu behar dugu», amaitu du.
Rakel San Sebastiánek, berriz, adierazi du ziurtasun gutxi dagoela etorkizunari buruz, baina «jakintzak eta teknologia berriek gero eta gehiago eta modu fidagarriagoan gerturatzen» gaituztela etorkizun posible horretara. «Ikuspegi berritzaile eta aurreratzaile horrekin, ADINBERRIn Adimen Aurreratuko Sistema bat sortu dugu, zahartzeari buruzko ezagutza espezializatua kontzentratzeko eta sortzeko. Sistema horri esker, zalantzarik gabe, oinarri sendoak izango ditugu joerak identifikatzeko, etorkizuneko erronka sozial, soziosanitario eta ekonomikoei aurrea hartzeko, eta erabaki informatuak hartzeko, erronka horiei aurre egite aldera. Gure helburua da Gipuzkoa nazioarteko erreferentzia bihurtzea, zahartzeari buruzko ezagutza espezializatu eta diziplina anitzekoaren sorkuntzan». «ADINBERRIren Adimen Aurreratuko Sistemak —azpimarratu du San Sebastiánek— aukera ematen digu zer datorkigun arakatzeko eta ahalik eta etorkizunik onena eraikitzeko; eta, etorkizun horretan, zahartzea ongizatearen sinonimoa izango da».
Plataforma https://sia.adinberri.eus/ helbidean topa daiteke, eta herritar guztiek izango dute eskura. ADINBERRIk sustaturiko proiektuek transferitu duten ikaskuntzari, ekosistema osoarekin bultzatutako lanei eta zahartzeari buruzko informazioa biltzen duten beste plataforma batzuekin konektatzeari esker, informazio alderatua eta zorrotza biltzen duen jakintza-kontzentrazio gisa eratzen da Adimen Aurreratuko Sistema, eta, horretaz gainera, jakintza espezializatua sortzeko eta transferitzeko gune izango da.
ADINBERRIren Adimen Aurreratuko Sistemak askotariko elementuak batzen ditu, hala nola zahartzearen arloko funtsezko gaien sailkapen zehatza, argitalpen espezializatuak hainbat formatutan, eta adierazle sozial, ekonomiko eta demografikoen bilduma bat —deskriptiboak zein bilakaerari buruzkoak—. Era berean, informazioa errazago lortzea ahalbidetzen duen bilaketa-motor indartsu bat du, eta estatuan zein nazioartean eginiko azterketen analisi eta ikerketa-emaitzen berrikuspen ugari biltzen ditu. Ekosistemako agenteen eskura jarriko ditu, orobat, joera globalei buruzko urteko txostenak, sei hilean behingo inteligentzia-txostenak eta prospekzio-buletin tematikoak. Horretaz gainera, eskatutako informazio-eskaerei erantzungo die, ad hoc prestaturiko txostenak eginez.
Aurrea hartzea da adimen sistema aurreratuaren beste ezaugarrietako bat. Izan ere, datozen urteetan eta hamarkadetan Gipuzkoak zahartzearen arloan izango dituen erronka nagusiak identifikatzeko aukera ematen du sistema berriak. Horretarako, metodologia espezifiko bat izango du, bai eta ADINBERRI ekosistema osatzen duten eragileekin batera jorratzeko aukera ere. Beraz, zahartzearekin lotutako erronkei aurrea hartzeko gobernantza eredua lortzen laguntzen du; hau da, lurraldearen erronka horiei aurre hartzea ahalbidetzen du, berrikuntza sozial, teknologiko, ekonomiko eta instituzionalaren bidez landuta.
Plataforma berri hori mesedegarria izango da hirugarren sektore sozialarentzat eta arlo horretan lan egiten duten erakundeentzat. Eta lagungarria izango da, orobat, ekintzaile eta enpresa-ehunarentzat ere, informazio-iturri baliotsua izango baitute hainbat auzirekin lotutako proiektu, produktu eta zerbitzu berriak abian jartzeko, hala nola Zilarrezko Ekonomia, jakintza-eragileak —unibertsitateak, I+G+Bko zentroak—, gizartea oro har, edo komunikabideak. Azken buruan, komunitatea zabaldu eta sendotu nahi du zahartzearen erronkaren inguruan, eta, horretarako, sentsibilizazioaren, lankidetzaren eta ikaskuntza partekatuaren aldeko apustua egiten du, Etorkizuna Eraikiz ekimenak sustatzen duen gobernantza-ereduaren ildotik.
Ekitaldia Tabakaleran
Lankidetza-espiritu horren isla, Tabakaleran aurkeztu da gaur proiektua, gizartearen aurrean aurkezteko ekitaldi batean. Han izan dira erakundeetako, unibertsitateetako, hirugarren sektore sozialeko eta ehun ekonomikoko 155 ordezkari. Miguel Jiménezek (FFWD) Ziurgabetasuna, aurrea hartzea eta etorkizuna izeneko hitzaldia eskaini du, eta Endika Lekarozek (C4E), berriz, Zahartzearen etorkizuna: erronkak, kasuak eta joerak izan du hizpide bere aurkezpenean. Era berean, mahai-inguru bat ere izan da Gipuzkoako Foru Aldundiko, Eusko Jaurlaritzako, EHUko, Biodonostiako, Datu(a) enpresako eta Matia Institutuko arduradunekin, eta bakoitzak bere ikuspuntutik azaldu ditu plataformak ekarriko dituen onurak.
5071