Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Adinekoen egoitza zentroetan 19 plaza berri onartu ditu Diputatuen Kontseiluak

Adinekoen egoitza zentroetan 19 plaza berri onartu ditu Diputatuen Kontseiluak

Oiartzun, Errenteria, Donostia, Irun, Aretxabaleta eta Hondarribian zabalduko dira apirilaren 1etik aurrera

2019/03/27

Mendetasun-egoerek eragindako beharrizanei aurrea hartu eta erantzuteko zerbitzuak eskaintzeko zenbait entitaterekin sinatutako lankidetza hitzarmenak eta kontratu-programak indartzea onartu du Diputatuen Kontseiluak, hitzartutako plazen kopurua handitze aldera. Imanol Lasa foru bozeramaileak zehaztu duenez, sei entitaterekin 19 plaza berri hitzartuko dira adinekoentzako egoitza zentroetan, 2019an 236.598,01 euroko inbertsio gehigarri batekin.

Hori horrela, 3 plaza berri eskainiko dira Errenterian (Sanmarkosene), 4 Oiartzunen (Petra Lekuona), 6 Donostian (3 Lamorous eta 3 Villa Sacramento egoitzetan), 2 Irunen (Inmaculada GSR), 2 Aretxabaletan (Debagoiena) eta 2 Hondarribian (Betharram). Horiek guztiak aurtengo apirilaren 1ean sartuko dira indarrean, Lamorous egoitzako hirurak izan ezik –urriaren 1a da data horientzat-.   Zerbitzu horien eskatzaileen lurraldeko hainbat eskualdetan dagoen itxaron zerrendari erantzuten jarraitzea da erabakiaren xedea. Lasak gogorarazi duenez, 2031. urterako 55 urte baino gehiago duten pertsonak biztanlego osoaren ia erdia izango dira. “Erronka horrek exijitzen du epe motzean neurriak hartzea, gaurkoa bezalakoa, baina baita epe ertainean eta luzean ere. Aukera bezala ikusi behar dugu, eta ikerketaren eta berrikuntzaren aldeko apustua egin”, adierazi du, Adinberri estrategia aipatuz.  

Halaber, Casa Hermanas Hospitalarias Aita Menni erakundearekin sinatutako lankidetza hitzarmena 37.689,60 euroko gastu osagarriarekin indartuko du Aldundiak, laguntza psikosozial komunitarioko programan hitzartutako plazen kopurua 10 plazatan gehitzeko, aurtengo apirilaren 1etik aurrera. Egungo eskaintza bikoiztea ekarriko du erabakiak. Buruko gaixotasuna duten pertsonentzako arreta zerbitzuak ematen dituzten erakundeekin sinatutako lankidetza hitzarmenetako bat da hori.

Errepideen mantenimendua

Era berean, Kontseiluak erabaki du preskripzio teknikoen agiria onestea, Foru Aldundiaren errepide sareko egituretan eta ezpondetan jarrita dauden ainguraketak ikuskatzeko eta kontrolatzeko zerbitzua kontratatzeko. Lanak egiteko epea 24 hilabetekoa da, beste 36 hilabetez luzatu ahal izango dena, eta oinarrizko lizitazio aurrekontua, berriz, 370.523 eurokoa. Gipuzkoako errepideetako egitura eta ezpondetan ainguraketa asko jarrita daudenez, horiek berrikusi egin behar dira, orain nola dauden ikusteko eta jarri zirenetik aldaketarik izan duten jakiteko. Izan ere, lurreko ainguraketen segurtasun baldintzak aldatu egin daitezke denborarekin, batez ere, ezarrita dauden ingurunearen baldintzak aldatuz gero.    

Aldundiak, 2002. urtetik eta geologia eta geoteknia arloko kanpoko zerbitzuak kontratatuta, ainguraketak ikuskatu eta kontrolatzeko programak egin ohi ditu aldizka sareko errepideetako egituretan eta ezpondetan. Lanak “bizkor eta sistematikoki egin daitezen programatu eta antolatzeko”, eta Errepideetako Zuzendaritza Nagusiak ez duenez lan horiek egiteko adinako baliabide materialik eta langilerik, Bide Artapeneko eta Kudeaketako Zerbitzuak proposatu du ahalmen handiko errepideetan lan horiek zerbitzu kontratu baten bidez egitea.

Bestalde, Kontseiluak oniritzia eman dio errepide sarean txosten geoteknikoak idazteko zerbitzu teknikoa kontratatzeko preskripzio teknikoen agiriari. Epea bi urtekoa izango da, beste 36 hilabetez luza daitekeena, eta aurrekontua 213.686 eurokoa.  Geologiaren eta bide azpiegituren arteko interakzioak sortutako arazoen ondorioz, naturaren baldintzen eta Foru Aldundiaren errepide sareko funtzionamenduaren arteko oreka lortzeko jarduketa egokiak pentsatu behar dira. Horretarako, ikuspuntu geoteknikotik “Gipuzkoak bezalako herrialde zail batean azpiegiturak egiteak berez dakartzan arriskuei aurrea hartzeko eta horiek ebaluatzeko metodoak erabili behar dira”, azaldu du Lasak.

 Bozeramaileak nabarmendutakoaren arabera, geologia eta geoteknia arloan ezagutza espezifikoak behar dira errepideen laugunearen edo aldameneko elementuen egonkortasun baldintzak zehazteko eta egonkortze irtenbiderik egokienak proposatzeko, dagokien xehetasun mailarekin definituta egonkortzeko eraikuntza proiektuan sartu ahal izateko. “Etengabe” ebaluatu eta kudeatu behar dira errepide sareko arrisku geoteknikoak, izaera desberdineko ezegonkortasunek eragindako hainbat kontrol punturen gainean. Premia hori bete nahi da onartutako kontratuarekin, hain justu.

  

1415