Afagik Alzheimerraren fase guztietan jarduteko beharra aldarrikatu du
Afagik Alzheimerraren fase guztietan jarduteko beharra aldarrikatu du
'Alzheimerraren ibilbidean jarduten dugu’ lelopean, Afagik gaixotasuna ikusarazi nahi du, eta Gipuzkoan 13.000 pertsonari eragiten dien gaitzaren aurrean zeharkako politikak sortzeko beharra nabarmendu dute.
Datorren asteazkenean, irailaren 21ean, Alzheimerraren Munduko Eguna ospatuko da, eta Afagik, Alzheimerra eta beste dementzia batzuk dituzten senide, lagun eta pertsonen Gipuzkoako elkarteak, Alzheimerra duten pertsonek eta haien senide eta zaintzaileek bizi duten egoera ikusarazteko urteroko kanpaina berreskuratu du. Irailaren 15etik 28ra bitartean, Gipuzkoa osoan zehar banatutako hitzaldi eta informazio-mahaien bidez, Alzheimerra eta beste dementzia batzuk dituzten familia eta pertsonengana hurbilduko dira eta, aldi berean, gizartea kontzientziatzen eta sentsibilizatzen jarraituko dute. Ekitaldi nagusia irailaren 24an izango da, 12:00etan Donostian, IX. Giza kate solidarioa egingo baita.
Gaixotasunaren kontzientziaziotik doluraino, Afagik arreta jarri du gaitz horren fase guztietan jarduteko beharrean. Aurtengo kanpainaren ardatz nagusia da, eta gaur aurkeztu du elkarteak Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera, Alzheimerraren nazioarteko egunaren testuinguruan. Aukeratutako leloa ‘Alzheimerraren ibilbidean jarduten dugu’ da, eta etapa bakoitzak duen garrantzia azpimarratu nahi dute: gizarte-kontzientziazioa, gaixotasunaren prebentzioa, detekzio goiztiarra, diagnostikoa, tratamendu integrala, pertsonalizatua eta jarraitua eta, azkenik, doluaren fasea.
Gaur goizean, Gizarte Politikako diputatu Maite Peñak eta Afagiko Koldo Aulestiak eta Iñaki Olaldek Alzheimerraren Nazioarteko Egunaren testuinguruan antolatutako egutegia aurkeztu dute prentsaurrekoan. Kanpaina honen bidez, Alzheimerraren aurkako borrokan jarraitzeko beharra erakutsi nahi da, gaixoek eta haien inguruneak bizi duten egoera ikusaraziz.
Maite Peñak azpimarratu du Afagik egiten duen lana “behar-beharrezkoa” dela, egokitze gaitasun handiarekin lan egiten duela beti, Alzheimerra duten pertsonei eta haien familiei eskaintzen dizkieten arreta eta laguntza pertsonalizatuaren bitartez. Diputatuak gaineratu duenez, “diziplinartekotasunaren ikuspegitik, jorratze eta arreta integraleko eredu batean sakontzen jarraitu behar dugu, ez bakarrik gaixotasuna pairatzen duten pertsonentzat, baita haien senide eta zaintzaileentzat ere”.
Alzheimerren gaitzak erasandako pertsonak, gaur egun, 13.192 dira Gipuzkoan; beraz, 39.576 senide zaintzaileri erasaten die, “baina aurreikuspenek ohartarazten digutenez, 2050ean 36.790 pertsonari baino gehiagori erasango die, eta 116.370 senide zaintzaileri baino gehiagori. Aurreikuspen horiek oso kontuan hartzen ditugu, eta laguntzen digute etorkizuneko gizarte politikak diseinatzen”. Lan hori 2020>2030 Agendaren esparruan egiten ari gara, Maite Peñak gogorarazi duen bezala, gizarte politiketan inplikatutako pertsona eta erakunde guztiekin lankidetza estuan. “Horregatik, –jarraitu du Peñak–, Afagi bezalako elkarteen eskutik lanean jarraituko dugu, gizarte kontzientziazioan sakonduz, sentsibilizazioaren, komunitatearen inplikazioaren eta ikerketarako laguntzaren bidez”.
Foru arduradunak azpimarratu du gizarte kontzientziazioan sakontzearen garrantzia, Alzheimerrari modu egokian eta integralean helduko zaiola bermatzeko. Aulestiak zein Peñak defendatu dute prebentzioa oraindik ere giltzarria dela gaixotasunari aurrea hartzeko. “Alzheimerra, bereziki, eta dementziak, oro har, mendekotasunaren kausa nagusi gisa ageri dira, eta diagnostiko goiztiarra eta egokia da lortu nahi dugun helburuetako bat; izan ere, gaixotasunaren agerpena gertatu baino askoz ere lehenago agertzen dira lehen sintomak”, gogorarazi du diputatuak.
Koldo Aulestiak eta Iñaki Olaldek Azheimerraren eta beste dementzia batzuen munduan esku hartzen duten eragileek konpromiso aktiboa hartzeko deia egin du, hari “modu integralean heltzeko” bidean progresiboki aurrera egingo duen elkarreragina bultzatzeko, lau ardatzetan oinarrituta: zerbitzu soziosanitarioak, prestakuntza, ikerketa biologikoa eta soziala, eta alderdi juridikoak zein ekonomikoak.
Giza-katea, informazio mahaiak eta hitzaldiak
2022ko kanpaina Gipuzkoako eskualde ezberdinetara iritsiko da Alzheimerraren inguruan babesa, laguntza eta kontzientziazioa zabaltzeko. Lehenengo informazio-mahaiak irailaren 15ean egin dira Orion, 17an Irunen, Ordizian eta Zarautzen, eta 18an Pasaian. Gaur, irailak 19, Pasaian beste mahai bat jarriko da, 21ean, Alzheimerraren Nazioarteko Egunarekin bat eginez, Eibarrera lekualdatuko da, eta azken mahaiak irailaren 23an Mutrikun kokatuko dira, eta 24an Arrasaten, Elgoibarren eta Donostian.
Donostiako informazio-mahaia Cervantes plazan egongo da eta eguerdiko 12etan IX. Afagik urtero antolatzen duen Giza-Kate Solidarioa egingo da, Alzheimerraren kontzientziazioan, prebentzioan, detekzioan, diagnostikoan, tratamenduan eta doluan jardutearen garrantzia aldarrikatzeko.
Era berean, gaixotasunari hainbat ikuspegitatik heltzeko lau hitzaldi antolatu dira, gaixotasunaren ezagutzatik eta tratamendutik Alzheimerrarekiko bizikidetzara, eta estimulazio kognitiboa ere landuko da. Hitzaldi horiek irailaren 20an Lazkaon, 22an Elgoibarren, 28an Hondarribian eta urriaren 14an Bergaran egingo dira.
Ekitaldi ludiko gisa, eta iazko 30. urteurrena ospatzeko, bazkideek, senideek, boluntarioek eta lagunek bazkaria eta dantzaldia egingo dute urriaren 15ean.
3691