Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea 100 boluntario plaza kirol esparruan gazteen gizarteratzeko

100 boluntario plaza kirol esparruan gazteen gizarteratzeko

Kirolak berebiziko garrantzia izan dezake immigranteak edo gizarte bazterkeriako arriskuan dauden kolektiboetako gazteak gizarteratzea lortzeko.

  • Boluntario plaza hauen bidez ahalbidetuko da, halaber, arauzko zigorren ordez gizartearentzat lan egiteko zigorrak bete ahal izatea.

Kultura eta Kirol diputatu Denis Itsasok, AFEDEGI Gipuzkoako Kirol Federazioen Elkarteko lehendakari den Jesus Fernandezekin batera, lankidetza hitzarmen baten berri eman du. Lankidetza horren xedea da bi lan-lerro sustatzea, boluntariotzaren esparruan, kirol ekitaldiak antolatzeko; Begirada Berria, gizarte bazterkeriako arriskuan dauden kolektiboetako gazteen artean boluntario-lana sustatzeko, eta Bigarren Aukera, gaur egun zigor arloko legedian aurreikusten den justizia leheneratzaileko prozesuetan arauzko zigorren ordez beste zigor alternatiboak betetzeko. Horretarako, 100 boluntario plaza sortuko dira, eta Kultura eta Kirol Departamentuak urteko 24 mila euro jarriko ditu.

Hitzarmen horren arabera, AFEDEGIk boluntarioak erakarri, izendatu, aseguratu, trebatu eta fidelizatuko ditu. Gainera, formulak eta pizgarriak aztertuko ditu, Kultura Departamentuarekin batera, entitate edota antolakunde elkartuek har ditzaten komunitatearen mesederako zerbitzuak ematen dituzten pertsonak, justizia leheneratzailearen esparruan, edota gizarte bazterkeria egoeran dauden kolektiboetako gazteak.   

Kirola balio eskola bat da, eta, horregatik, litekeena da etorkin gazteen sozializazio prozesuak lortzeko esparru egokienetako bat izatea, “kirolari esker, pertsonek, eta batez ere gazteek, berdintasunean garatzen baitituzte adiskidetasuna, elkartasuna, ilusio kolektiboa, ahalegina eta hobetzeko grina bezalako balioak”, azpimarratu du Itxasok. “Jokalekuan ez dira aintzat hartzen aurrekariak, ez jatorria, ez erlijioa, ez sinesmenak. Kontuan hartzen dena da helburu partekatu bati eta ahalegin kolektiboari egiten zaion ekarpena, positiboan laguntzeko gaitasuna”. Horregatik, kirola tresna oso indartsua da, gizarteratzea ahalbidetzeko, eta askotariko jatorri eta ezaugarriak dituzten pertsonen artean elkarbizitza baketsua lortzeko.    

Gainera, Itxasok azaldu du boluntario plaza horien bidez aukera emango dela justizia leheneratzaileko prozesuetako zigorrak betetzeko. "Justizia leheneratzaileko prozesuetan, gizartearentzat lan egitea zigor formula bat da, arlo penalean eta administratiboan, baina askotan bideraezina izaten da, horretarako aukerarik egoten ez delako. Horregatik, hitzarmen hau oso interesgarria iruditzen zaigu, baita justizia administrazioarentzat, epaileentzat eta fiskalentzat ere, batzuetan kexatzen baitira zigortuek ez dutela aukerarik izaten beren zigorra betetzeko."

Kultura eta Kirol diputatuak oso positiboki baloratu du justizia leheneratzailearen funtsa, gizarteari kalte egin dionak gizarte horrentzat lan eginez konpentsatzen baitu kaltea.  “Dinamika horrek bidezko soluzioak lortu nahi ditu, ekarpen positiboa egiten baitzaio biktimari eta, aldi berean, aukera bat ematen zaio zigortuari, delitua edo falta egin duenari, gizarteari konpentsazioa eskaini eta gizartearekin baketzeko, horrek elkarbizitzari dagokionez suposatzen duenarekin”.

 

  

2383