Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Agenda politiko berria Gipuzkoako enpresa industrial nagusiekin

Agenda politiko berria Gipuzkoako enpresa industrial nagusiekin

“Gipuzkoako ekonomiak etorkizun sendoa izan dezan beharrezko apustuak egiteko unea da”, adierazi du diputatu nagusiak, Etorkizuna Eraikizen aurkezpenerako egindako bileran.

Lurraldeko enpresa industrial nagusietako goi mailako ordezkaritza batekin elkartu da gaur,

Gipuzkoako diputatu nagusia, Markel Olano, lurraldeko enpresa industrial nagusietako goi mailako ordezkaritza batekin elkartu da gaur, Gipuzkoaren etorkizuneko desafioei aurre egiteko foru gobernuak abiarazi duen bide-orria partekatu asmoz. Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Orekako diputatua, Ainhoa Aizpuru, alboan zuela, lurraldeak datozen urteotan izango duen “agenda politiko berria” ezagutarazi die Olanok, zeinetan jasotzen dien bost sektore garrantzitsuri lotutako proiektu estrategikoak eta beste zazpi esperimentazio proiektu.

“Gipuzkoa erreferente sozial, ekonomiko eta kulturalean bilakatzea Foru Aldundiak lurraldeko eragile ekonomiko desberdinekin partekatzen duen konpromisoa da. Elkarrekin bidean aurkitu ditugun oztopoak gainditu ditugu, eta elkarrekin etorkizuneko erronka nagusietan lan egin nahi dugu”, adierazi die Olanok, kontseiluko gelan elkartutako enpresa delegazioari. Gipuzkoaren “garapen sozial eta ekonomikoan” enpresek “jokatzen duten eta jokatuko duten lehen mailako” papera aitortu nahi izan du diputatu nagusiak, baita ere.

Olanok azaldu duenez, foru erakundeak mahai gainean jarritako agenda politiko berriak Gipuzkoako enpresen lehiakortasunari zuzenki lotutako proiektuak jasotzen ditu; zibersegurtasuna, mugikortasun elektrikoa eta energia metatzea eta zahartzaroaren arretaren alorretan diseinatzen ari diren apustu estrategikoetan, bereziki. Apustu horiek guztiak bileran izan diren enpresekin partekatu eta kontrastatzeaz gain, diputatu nagusiak berretsi du lurraldeko enpresekin “elkarlan estua” mantentzeko borondatea, aipatutako desafioei aurre egin eta Gipuzkoak “ekonomia aktibitate berria” eta “kalitatezko enplegua” sortzen jarrai dezan.

“Badugu arazorik oraindik ere, baina susperraldi ekonomikoa finkatzen ari da gure lurraldean. Egin beharreko apustuak egiteko garaia da, guztion artean, gipuzkoar gizarteak izan dezan etorkizun ekonomiko sendo, moderno eta egonkor bat. Bide horretan, zalantzarik gabe, industriak daukan trakzio gaitasunari eustea da helburua, gure lurraldearen ongizate mailaren berme eta motorra delako”, baieztatu du diputatu nagusiak.

Beren iritziak eta gogoetak partekatu dituzte bileran izan dira honako konpainietako presidente eta zuzendari nagusiak: Salto System, Irizar, AMPO, CAF, Fagor Automation, Arcelor Mittal Gipuzkoa, Calcinor, ULMA, ITASA, Indar, Danobat, Ibermática, Ikusi, Matz-Erreka, Fagor Arrasate, GH, Grupo Egile, GKN, Orona eta Mondragon.

Gipuzkoako Foru Aldundiak 65 milio euro bideratuko ditu 2018-2025 aldian etorkizuneko erronkei aurre egiteko ezinbestekoak diren proiektu estrategikoetara eta, bide honetatik, biharko Gipuzkoa eraikitzen hasi. Joan den asteartean, hilak 19, Gobernu Kontseiluak agenda estrategiko berria onartu ostean Albaolan (Pasaia) izandako bilkura batean, lurraldeko eragile sozio-ekonomikoekin kontrastatzeari ekin dio foru gobernuak.


Agenda politiko berria

2016an zehar, Etorkizuna Eraikiz ekimenaren testuinguruan, hausnarketa prozesu zabala egin zen lurraldeko eragile sozial eta ekonomiko ezberdinekin. Topaketa horietan identifikatu ziren lan eremu nagusiak Gipuzkoako etorkizuna berme guztiekin eraikitzen hasteko. Hau da, lurraldearen garapenerako datozen hamar urteetan estrategikoak izango diren bost proiektu, eta beste zazpi proiektu “test fasean” daudenak. Hausnarketa hau gauzatu duen lan taldea, bere aldetik, Think tank egonkor bilakatuko da.

Agenda politiko berriak bost proiektu estrategikoren “lanketa” aurreikusten du: zibersegurtasun industrialeko zentroa; adineko pertsonen eta mendekotasunaren arretan erreferentziazko zentroa eta berrikuntza poloa; energia eraginkortasuna eta klima aldaketaren kudeaketarako berrikuntza poloa; etorkizuneko mugikortasun jasangarria bermatuko duten azpiegiturak; eta Koldo Mitxelena 2040 Kulturgunea.

Honekin batera, Aldundiak zazpi proiektu esperimental ditu esku artean, hala nola, euskarazko ikus-entzunezko edukiak sortzeko fabrika, Tabakaleran egongo dena; gastronomia 4.0ko proiektua; turismo adimentsuarentzako teknologien garapenean oinarritutako beste bat; Gipuzkoa Coopera programa; kultura mezenasgoa bultzatzeko foru arau berria; eta bi arreta eredu berriren garapena, bata mendekotasuna duten pertsonen etxeko arretarako eta bestea babesik gabeko gazteen gizarteratzerako.

Azkenik, Aldundiak bultzatzen duen agenda politiko berriak Think tank egonkorra eratzea aurreikusten du. Eragile honek erreleboa hartuko dio 2016 urtean, Etorkizuna Eraikiz programaren testuinguruan, lurraldearen etorkizuneko erronka nagusiak identifikatzeko hausnarketa burutu zuen taldeari. Aldundia sustatzen ari den gobernantza ireki eta elkarlaneko eredua oinarri, Think tank honek jarraipena emango dio ahalegin horri, Gipuzkoako etorkizun ekonomiko, sozial eta politikoa bermatuko duten politika publikoak identifikatzeko.

  

2624