Aldundiak bere burua eskaini du Jaurlaritzak antolatzen dituen ekitaldi publikoak Gipuzkoan hartzeko
Aldundiak bere burua eskaini du Jaurlaritzak antolatzen dituen ekitaldi publikoak Gipuzkoan hartzeko
Aldundiak bere burua eskaini du Jaurlaritzak antolatzen dituen ekitaldi publikoak Gipuzkoan hartzeko
Itxasok defendatu du beharrezkoa dela esku-hartze publiko bat lurraldeko desoreka horiek konpentsatzeko
Kultura eta Turismo Departamentuak salatzen du egiturazko desberdintasun iraunkorra dagoela kongresuen eta ekitaldi publikoen banaketan, neurri handi batean, egoitza publikoen kokalekua dela eta.
Denis Itxasok defendatu du beharrezkoa dela esku-hartze publiko bat lurraldeko desoreka horiek konpentsatzeko, eta Eusko Jaurlaritzako departamentu guztiei proposamena egin die gutxienez 23 ekitaldi Gipuzkoan antolatzeko.
Kultura eta Turismo diputatu Denis Itxasok agerraldia egin du gaur Gipuzkoako Batzar Nagusietan, bere iritzia azaltzeko euskal administrazio publikoak eta haren sozietate eta fundazio publikoek egiten dituzten ekitaldien eta kongresuen banaketa desorekatuaren inguruan. Kultura eta Turismo diputatua gaiari buruz hitz egitera joan aurretik, PPko batzarkide Juan Carlos Canok eskatu zuen agerraldia.
Diputatuak hitzaldia baliatu du Donostiako Udalaren ekimenez egin den azken azterketaren emaitzak emateko. Azterketa horren arabera, argia eta ukaezina da ekitaldi eta kongresuen antolaketan EAEko lurraldeen artean dagoen desoreka. Itxasoren hitzetan, «ez da onartzekoa ekitaldi edo kongresuen antolatzaile pribatuen % 40k Gipuzkoa hautatzea kokaleku gisa, eta euskal administrazio publikoen kasuan, berriz, ehuneko hori soilik % 20koa izatea, Euskadiren lurralde kohesioa zaindu behar dutela kontuan hartuta».
Orobat, Kultura eta Turismo diputatuak zehaztu du azterketako datu horiek Urkullu lehendakariaren kolore bakarreko gobernuaren lehen legealdiaren azken zatiari dagozkiola. Nolanahi ere, Itxasok uste du lurralde orekarekiko sentsibilitate handiagoa dagoela legealdi honetan, eta uste osoa du desoreka horiek zuzentzeko mekanismoak abiaraziko dituztela. Lakuak Gipuzkoarekin duen konpromiso handiago horren erakusgarri dira, hain zuzen, euskal arkitektura garaikidearen biurtekoa Donostian egin izana, Euskal Arkitektura Garaikidearen Institutua sortu izana, Merkataritza eta Turismo Departamentuak Pasaiako Nazioarteko Itsas Jaialdiari ematen dion laguntza edota Turismoaren Munduko Erakundearen batzorde betearazlea Gipuzkoan antolatzeko egin den apustua.
Edozein modutan, Kultura eta Turismo diputatuak uste du badela ekintzetara igarotzeko eta zehazten hasteko garaia, euskal administrazioan antzeman diren desoreka onartezin horiek behin betiko zuzentzeko mekanismo egonkorrak formulatuz. Ildo horretan, Itxasok jakinarazi du eskutitz bana bidali diela Eusko Jaurlaritzako sailburuei eta lehendakariari, lurralde kohesioari dagokionez Gipuzkoari hain ondorio larriak dakarzkion desoreka horren inguruan hausnarketa egin dezaten formalki eskatzeko, eta gaur egun Gipuzkoatik kanpo antolatzen diren kongresu eta ekitaldi jakinak ekartzeko Lakuarekin aktiboki lan egiteko prestasuna agertzeko. Diputatuak adierazi duenez, «ezinezkoa da Gipuzkoa bi aldiz kaltetua izatea, batetik, ia gobernu egoitzarik ez duelako eta, bestetik, horien kongresu jarduerak planifikatzen dituztenean baztertu egiten dutelako».
Hori dela eta, Itxasok Eusko Jaurlaritzari, bereziki Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailari, egin dizkion eskakizun zehatz batzuk zerrendatu ditu; izan ere, esparru ekonomikoan sortzen dira ekitaldi eta kongresurik garrantzitsuenak. Sailburu andreari eskatu dio, zehazki, kontuan har dezala hainbat ekitaldi eta kongresu Gipuzkoan antolatzeko aukera, hala nola SPRIk antolatzen duen Intergune Euskadiko nazioartekotzearen foroaren hurrengo edizioak, Energiaren Euskal Erakundeak antolatzen duen Marine Energy Week –Gipuzkoako kostaldeko herriren batean egin litekeela aipatu du–, AZTI fundazio publikoaren ekonomia digitalari eta industria 4.0ri buruzko B20 ekitaldia, edo Berrikuntzaren Euskal Agentziak sustatzen duen Innobasque exchange delakoa.
Gipuzkoak beste hainbat ekitaldiren inguruko interes formala ere azaldu du, besteak beste:
Lehendakaria
- Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren ekitaldiak eta bilerak.
- Emakunderen ekitaldiak eta bilerak (zehazki, BAI Sarea ekitaldia).
- Gogora Memoriaren Euskal Institutuaren ekitaldiak eta bilerak.
Garapen ekonomikoa
- Intergune Euskadiko nazioartekotze foroa, SPRIk sustatua.
- Marine energy week, Energiaren Euskal Erakundeak (EEE) antolatua.
- Innobasque Exchange jardunaldia, Berrikuntzaren Euskal Agentziak antolatua.
- Euskadiko logistika jardunaldia, Mugikortasuneko Klusterrak babestua.
- B20: ekonomia digitala eta industria 4.0, Azti fundazioak antolatua.
Herri Administrazioa
- Itelazpi (haren enpresa hornitzaile guztientzako prestakuntza eta aintzatespen jardunaldia, joan zen azaroan Bizkaiko teknologia parkean antolatu zena bezalakoa).
- EJIEren bilerak edo ekitaldiak.
- HAEEren bilerak edo ekitaldiak.
Gizarte Gaiak
- Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren ekitaldiak eta bilerak.
Hezkuntza
- Unibasque, Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentziaren ekitaldiak eta bilerak.
- Haurreskolak partzuergoaren ekitaldiak eta bilerak.
Kultura
- Euskal Irrati Telebistaren (EITB) bilerak eta ekitaldiak.
- Euskadi Kirola Fundazioaren bilerak eta ekitaldiak.
Ogasuna
- Finantzen Euskal Institutuaren ekitaldiak eta bilerak.
- Lehiaren Euskal Agintaritzaren ekitaldiak eta bilerak.
Ingurumena
- URA Uraren Euskal Agentziaren ekitaldiak eta bilerak.
- Ihoberen ekitaldiak eta bilerak.
- Visesa eta Alokabideren ekitaldiak eta bilerak.
Osasuna
- Osakidetzaren ekitaldiak eta bilerak.
- B+I+O Eusko Fundazioaren ekitaldiak eta bilerak.
Azkenik, Aldundiko diputatu nagusiordeak adierazi du uste osoa duela Lakuako gobernuarengan, eta jakin badakiela Gipuzkoaren aldarrikapen legitimo honi erantzuten saiatuko dela. Gainera, itxaropentsu azaldu da, Gipuzkoako gizarte eta lurraldearen interesentzat ageriki bidegabea den egoera hau legealdi honetan pixkanaka zuzentzen joango delakoan baitago.
1937