Aiako Testaje Zentroak online egingo du lehen aldiz ganaduaren enkantea
Aiako Testaje Zentroak online egingo du lehen aldiz ganaduaren enkantea
Covid-19a dela eta, Aiako Testaje Zentroak hazitarako zekor-idiskoen enkantea online egingo du apirilaren 17, 18 eta 19an
Aiako Testaje Zentroko Arraza Anitzeko Ganduen IX. Enkantea online egingo da apirilaren 17, 18 eta 19an. Enkantea, apirilaren 19an, Testaje Zentroan bertan egitekoa zen, baina COVID-19 birusak sortutako krisi egoera dela eta ezinezkoa denez, online egingo da. Guztira 38 zekor-idisko jarriko dira salgai: limusina arrazako 30, 2 txarolesa, 3 pirenaika eta 3 blonda. Irteerako prezioei dagokioenez, haragitarako idisko ugaltzaileena 1.600 euroan finkatu da; ugalketarako idisko gazteena 2.200 euroan; eta ugalketarako promesa idiskoena 1.900 euroan.
Online egiten den lehen enkantea izango da eta www.testajeaia.com web orriaren bitartez egingo da. Salmentarako ganaduaren katalogoa web orrian dago ikusgai dagoeneko, herritar guztientzako eskuragarri: https://testajeaia.com/aiako-idiskoen-salmenta/. Katalago honetan, zekor-idisko bakoitzaren argazkia eta informazio-fitxa topa daiteke, azken honetan, genealogia, sarrerako errendimendua eta amaierako balorazioa ageri direlarik. Pujak egiteko epea apirilaren 17ko 17:00etatik apirilaren 19ko 14:00etara izango da, eta erosleek klik bakoitzeko ehun euro igotzeko aukera izango dute. Behin enkantea amaitzean, mezua bidaliko zaie parte hartu ohi duten milatik gora ganaduzaleei, zekor-idiskorik eskuratu gabe geratu direnek azken aukera izan dezaten.
Enkantea baserritarrentzat onuragarria den formula da. Baserritar saltzailearentzat, idisko hori hiltegira eraman ordez enkante edo subasta batean saltzen badu, askoz diru gehiago kobratzen duelako. Eta baserritar eroslearentzat, berriz, idisko edo zezen batek behi asko ernaltzen ditu. Genetikoki ona den zezen bat sartzen bada ustialeku batean, zezen horren umeak ere onak irtengo dira, alegia, baserriko produktibitatea areagotuko duten txahalak emanaz.
Estatu mailan erreferentea den testaje zentroa
Gipuzkoako Foru Aldundiaren Aiako Testaje Zentroa estatu mailan erreferentzia-zentroa da; albaitariek, genetikariek, informatikariek eta kontrolatzaileek osatzen dute profesionalen lan taldea. Zekorrak 6 eta 9 hilabete arteko adinarekin sartzen dira Aiako Testaje Zetroan eta 4 hilabete bertan modu kontrolatuan hazi ondoren, enkante bitartez saltzen dira.
Enkante hauetan, Euskal Autonomia Erkidegoko abeltzainez gain, estatuko komunitate ezberdinetako ganaduzaleek hartzen dute parte, Nafarroa, Errioxa, Soria, Madrid, Kantabria, Leon, Galizia, Huesca, Salamanca eta Aragoikoak esaterako.
1995ean jarri zen martxan eta urte hauetan zehar, 115 idisko lote pasatu dira testaje zentrotik, 82 lote Limousin arrazakoak eta 33 lote Blonde d’Aquitaine arrazakoak. Guztira, arrazak hobetzeko programan dauden 60 ganadutegi ezberdinetako 1.518 idisko pasatu dira zentrotik. Idisko hauetatik, 1.000 baino gehiago hobekuntza genetikoa aurrera eramateko hautatuak izan dira.
Horrez gain ere, estatu mailako Salamancako txapelketan eta nazioarteko Burdeoseko eta Versailleseko txapelketetan ere emaitza onak lortu izan dituzte. Azken enkantea urtarrilaren 12an egin zen eta ordaindu zen preziorik altuena 6.700 eurokoa izan zen, Gipuzkoako Lazkao herriko abeltzain bati esleitua.
2759