Ainhoa Aizpuru foru diputatuak Leintz Gatzagan egin diren hobekuntza lanak bisitatu ditu
Ainhoa Aizpuru foru diputatuak Leintz Gatzagan egin diren hobekuntza lanak bisitatu ditu
LandaGipuzkoa+ programaren bitartez hiru baserri bide berritu dira eta herrigunean aparkaleku berriak egin dira.
LandaGipuzkoa+ programaren bitartez egiten diren hobekuntzak ikusteko, Ainhoa Aizpuru, Ekonomia Sustapeneko, Landa Inguruneko eta Lurralde Orekako diputatua, Debagoieneko Leintz Gatzaga herrian izan da gaur, bertan gauzatu diren lanak eta egin diren hobekuntzak bertatik bertara ezagutzen. Gipuzkoako Foru Aldundiak udalerri txikiei begira abian jarritako programa da LandaGipuzkoa+, 2.500 biztanletik beherako herriei zuzenduta, eta herri hauen ongizatea eta zerbitzu maila hobetzea ditu helburu.
«Kontuan izan behar dugu Gipuzkoan herri txiki ugari dagoela, Leintz Gatzaga bera bezalakoak, eta horietan behar-beharrezkoa da etorkizunera begira jarduera ekonomikoa bultzatzea eta sendotzea» azpimarratu du Ainhoa Aizpuruk. Bisita honetan, Aizpuruk gertutik ezagutu ditu Foru Aldundiak Leintz Gatzagan azken bi urteotan lagundu dituen proiektuak. Herriko alkateak, Juan Bengoa eta Lurralde Orekako zuzendariak, Iñaki Labakak lagunduta ikusi ditu egin diren lanak.
Alde batetik, Leintz Gatzagako herrigunean aparkaleku berriak egin dira, 21.200 euroko dirulaguntza izan duena. Eta bestetik, Aldundiak 44.500 euro inguruko zenbatekoarekin lagundu du landa eremuetan hiru bide zati berritzeko, Gaztainuzketa, Artabila eta Etxebarri-Okondoko bideak. «Uste dugu beharrezkoa dela landa azpiegiturak eta bideak hobetzeko inbertsioak egitea, herrietako bizilagunen komunikazioa, garapena eta bizi kalitatea ziurtatzeko», adierazi du Ainhoa Aizpuruk.
Bisita baliatuz, diputatuak aukera izan du Leintz Gatzagako gatz museora bisita egiteko, baita tren turistikoaren egitasmoa gertutik ezagutzeko ere. LandaGipuzkoa+ bezalako programak garrantzitsuak dira «Gipuzkoa osoko herritarrek aukera berdintsua izateko eta landa ingurunean enplegu berriak sortzeko. Gipuzkoaren berraktibazio ekonomikoa errealitatea da jada eta lanean jarraituko dugu herri txikiek eta landa eremuek ere horren onura izan dezaten», azpimarratu du azkenik Ainhoa Aizpuruk.
1800