Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Aizpuru: “Kudeaketa Aurreratuaren aldeko apustua egiten dugu lehiakortasuna eta garapen iraunkorra sustatzeko”

Aizpuru: “Kudeaketa Aurreratuaren aldeko apustua egiten dugu lehiakortasuna eta garapen iraunkorra sustatzeko”

Euskaliteko Patronatua Gipuzkoako Foru Aldundian batzartu da gaur, foru erakundea 2015 urtean kide egin zenetik lehen aldiz

Ainhoa Aizpuru, Ekonomia Sustapeneko, Landa Inguruneko eta Lurralde Orekako diputatuak Kudeaketa Aurreratuaren aldeko apustua egin du gaur, lehiakortasuna eta lurralde osoaren garapen iraunkorra sustatzeko bidea dela azalduz. Foru diputatuak, goizeko batzarrean, gogora ekarri du hark zuzentzen duen departamenduak ezarritako helburuetako bat dela enpresei eta eragile ekonomiko zein sozialei laguntza ematea, kalitate-politikak ezar ditzaten, eta berretsi du Aldundiak norabide horretan jarraituko duela lanean.

Euskaliteko Patronatuaren batzarraren baitan egin ditu Aizpuruk adierazpenok, gaur goizean, Gipuzkoako Foru Aldundian. Hain zuzen, 2015 urtean foru erakundea fundaziora batu zenetik, lehen aldiz batzartu dira gaur foru jauregian eta, hala, Diputatu nagusiak harrera egin die Patronatuko kideei (hainbat enpresa eta erakundetako ordezkariak). Kideek lan-bilera egin dute Aldundian eta bertan parte hartu du, diputatuarekin batera, Garikoitz Agote, Berrikuntzako Zuzendariak. Gaurko batzarrean oraingo urterako ezarritako helburu estrategikoen jarraipena egin dute.

Bere aldetik, Josetxo Hernandez, Euskaliteko presidenteak, fundazioaren ordezkari gisa eskertu dio Gipuzkoako Aldundiari kide bihurtu izana. “Zenbat eta erakunde eta enpresa gehiago fundazio honen kide izan”, Hernandezek adierazi duenez, “orduan eta aurreratuago egongo da Euskadi Kudeaketa Aurreratuan, eta horrenbestez, kalitate gaietan”.

Euskaliten xedea da, Kudeaketa Aurreratuaren bidez, erakunde publiko zein pribatuetan erabateko kalitateko parametroetan oinarritzen den sistema bat ezartzea. Horretarako, lehiakortasunean beharrezkoak diren hobekuntzetarako enpresak orientatzea du helburu fundazioak, azken hamarkadetan hainbat esparrutatik ekarritako kudeaketa-kontzeptuak bateratuta: ezagutzaren kudeaketa, erabateko kalitatea, bikaintasuna kudeaketan, berrikuntza eta enpresen erantzukizun soziala, besteak beste.

  

1775