Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Aldundia eta Gautena Cardiffen izan dira autismoari buruzko Galesko arreta-eredua ezagutzeko, aitzindaria dena mundu mailan

Aldundia eta Gautena Cardiffen izan dira autismoari buruzko Galesko arreta-eredua ezagutzeko, aitzindaria dena mundu mailan

Galesko Gobernuko, Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Gautenako arduradunek desgaitasuna duten pertsonei arreta emateko ereduak partekatu eta kontrastatu dituzte, zainketen pertsonalizazioa, berrikuntza soziala eta ebaluazioa nabarmenduz.

Aldundiko lantaldea, Galesko ordezkaritzarekin

Julie Morgan Galesko Gobernuko Osasun eta Gizarte Zerbitzuetako ministrordeak harrera egin die Cardiffen Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Gautenako arduradunei. Topaketaren helburua Galesko autismoaren arreta-eredua ezagutzea izan da; izan ere, “eredu hori aitzindaria da mundu osoan, autismoari aurre egiteko estrategia propioa eta ezarria duen herrialde bakarra baita”. Hala adierazi du Maite Peña Gizarte Politiketako diputatuak, Cardiffen Galesko Gobernuak duen egoitza nagusian izan duten bileraren ondoren.

          Bi lurraldeetako ordezkariek desgaitasunen bat duten pertsonentzako jarduera esparruak, lan prozedurak eta arreta ereduak partekatu eta kontrastatu dituzte, batez ere espektro autistaren nahasmenduak dituzten pertsonei zuzendutakoak. Arreta berezia jarri dute osasun eta gizarte sistemen arteko koordinazioan, hezkuntza eta enplegu premietan, eta autismoa duten heldu, haur eta gazteentzako zainketei buruzko jarraibide, zerbitzu eta ereduetan.

          Legebiltzarrean adostutako zeharkako akordio bati esker, Galesek autismoari buruzko lehen estrategia onartu zuen 2008an, zerbitzuak hobetzeko gobernuak hartutako konpromisoa nabarmenduz. Estrategia hori 2016an eguneratu zen, eta, halaber, garatzen hasi zen Autismoaren arloko Praktika Kodea, gizarte zerbitzuen eta ongizate zerbitzuen betebeharrak sendotzen dituena, eta 2021eko uztailean argitaratu zena. Kode hori inplikatutako pertsona eta profesional guztiekin egindako kontsulta luzeen emaitza izan zen, eta hezkuntzari eta osasun mentalari lotutako legeekin osatu da.

          Maite Peñak adierazi du Galesek kontzientzia sozial handia duela autismoari, komunitatearen parte-hartzeari eta inplikazioari buruz, eta gaineratu duenez, bi herrialdeen arteko antzekotasunei esker –hala nola tamaina, biztanle kopurua, eskumenen banaketa eta lurraldearen antolaketa–, gai batzuk errepikatu egin daitezke. Horregatik, Gipuzkoako ordezkaritzak, Aldundiak eta Gautenak, interesa agertu dute jakiteko zer metodologia eta prozesu erabili dituzten autismorako estrategia “arrakastaz ezartzeko”.

Galesko esperientzia ezagutzeaz gain, bi lurraldeetako ordezkariek lankidetza iraunkorra mantentzearen aldeko apustua egin dute. Galesko Gobernuko hainbat talderekin eta National Autistic Society elkartearekin izandako bilerei esker, estrategia hori praktikan jartzeko lanetan aritzen diren administrazioen eta entitateen sarea ezagutu ahal izan dute, sistema eraginkorra izatea ahalbidetzen duten koordinazio-mekanismoak identifikatu ahal izan dituzte, eta Gipuzkoan errepikatu ahal izateko irtenbideak eta esperientziak inspiratu ditzaketen tresnak identifikatu ahal izan dituzte.

          “Galesen gertatzen den bezala, Gipuzkoan ere gizarte antolatu eredugarria dugu, autismoari eta, oro har, desgaitasunari buruzko kontzientzia sozial zabala dago, eta prest gaude autismoari arreta emateko estrategia holistiko bat bultzatzeko”, esan du diputatuak. Gaineratu duenez, Gautenaren ibilbideari, ezagutzari eta esperientziari esker –gure indargune sozialaren adierazgarri da–, Gipuzkoak beharrezko baldintzak ditu norabide horretan aurrera egiten jarraitzeko.

          Gautenak 200 plaza baino gehiago kudeatzen ditu Gipuzkoan, egoitzakoak eta egunekoak; eta, eguneko arretaz eta etxebizitzetako arretaz gain, programa zabalak ditu aisialdirako, denbora librerako, hezkuntzarako, diagnostikorako, tratamendurako eta familiei bideratutako laguntzetarako. Amaitzeko Maite Peñak adiera duenez, “Gipuzkoan erreferenteak dira, izen handiko elkartea da, eta bere ibilbideak autismoa duten pertsonekin eta haien familiekin egiten duten lan guztia ziurtatzen du”.

Oinarri komunak: pertsonalizazioa, berrikuntza, parte-hartzea eta ebaluazioa

Aldundiko eta Gautenako arduradunak, Cardiffera egindako bisitan, National Autistic Society elkartearen zuzendaritza taldearekin bildu dira. Antolakunde horrek, Erresuma Batuan autismoa duten 700.000 pertsonei laguntza emateaz gain, haien familiei eta zaintzaileei ere (3 milioi pertsonatik gora) babesa eta informazioa eskaintzen dizkie. Beren lanaren bitartez, autismoaren inguruko ulermen publikoa hobetu nahi dute, eta, gizarte osoarekin lankidetzan, autismoarekin atseginagoak diren espazio gehiago eskaini.

          Era berean, autismoa duten pertsonak nola zaintzen diren eta zer zerbitzu ematen zaizkien zehatzago jakin ahal izan dute. Adibidez, desgaitasuna duten pertsonak, eta zehazki autismoa dutenak, bizi eta artatzen diren baliabide sozialak bost pertsona inguru bizi diren etxeak dira, eta premien araberako laguntza-maila desberdinak dituzte. Komunitatean kokatuta daude, beren familietatik gertu, eta, ahal dela, beren auzoetan, haien inklusioa errespetatuz eta sustatuz. Pertsona bakoitzaren premietan oinarritutako zainketa ereduak bultzatzen dira, etxe bat bera ere ez da bestea bezalakoa, eta pertsona bakoitzak bere banakako laguntza-plana du.

Egindako bilera guztietan alderdi hauek nabarmendu dituzte Galesko arreta ereduaren ardatz gisa: pertsonalizazioa, berrikuntza, parte-hartzea eta ebaluazioa. Diputatuak adierazi duenez, “Gales eta Gipuzkoako gizarte-ereduen ardatz nagusiak bat datoz”, eta gaineratu du bi ereduak arreta pertsonalizatutik abiatzen direla, banakako plan eta ibilbideekin, eta gizarte-inguruneekiko eta komunitatearekiko lotura handiarekin, non parte-hartzeak eta berrikuntzak funtsezko eginkizuna hartzen duten, bai eta ebaluazioak ere.

          Hain zuzen ere, Galesen eskualde-ebaluazio bat egiten da bost urtean behin, betiere arreta premiak, zaintzaileentzako laguntzak eta prebentzio zerbitzuak ebaluatzeko. Areako planak egiten dira, ondoren datuak biltzen dira, eta autismoari buruzko zerbitzuak hobetzeko kontrola egiten da. Bi urteko ekintza planak ere badituzte, eta, ezarritako lehentasunak abian jartzeaz gain, arlo hauek lantzen dira ebaluazioari begira: sentsibilizazioa, prestakuntza, zerbitzuen hobekuntza, inklusioa, sektoreko eragileen inplikazioa, datuen bilketa eta monitorizazioa.

  

3744