Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Aldundia eta Siemens lankide izango dira Industria 4.0 Lurraldean zabaltzeko

Aldundia eta Siemens lankide izango dira Industria 4.0 Lurraldean zabaltzeko

Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak eta bere talde ekonomikoak Rosa García Siemens España-ko lehendakariari jakinarazi dizkiote Aldundiak dituen ekimenak ekoizpen zuntzaren digitalizazioa burutzeko

Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak, Ainhoa Aizpuru Sustapen Ekonomiko, Landa Ingurunea eta Lurraldearen Orekako diputatuarekin batera, Rosa García Siemens España-ko zuzendari exekutibo eta lehendakariarekin bildu da gaur, Aldundia burutzen ari den apustu estrategikoaren berri emateko ekoizpen aurreratuan eta Industria 4.0n. Bileran, Aldundiko arduradunak eta Siemensekoak adostu dute lankide izatea Gipuzkoako ekoizpen zuntzaren digitalizazio industrialaren estrategian.

García, ekoizpen digitalaren mugarri den Siemenseko exekutiboa, egun Gipuzkoan dago Lurraldea, Etorkizuna Eraikiz foru egitarauaren barruan, burutzen ari den proiektu estrategikoak ezagutzeko. Topaketan zehar, foru diputatuak Siemenseko lehendakariari 2015-2019 aldiko Ekonomia Biziberritzeko Planaren ardatzen berri eman dio, zehazkiago Gipuzkoako ekonomiaren etorkizunerako estrategikotzat jotzen diren sektoreetan aktibatzen ari den apustuen berri.

Aldundiko talde ekonomikoak Ekoizpen Aurreratuko Gipuzkoa Sarea 4.0 aurkeztu dio Garcíari, Euskadin eta Estatuan aitzindaria den ekimen bat, Alemanian burutu diren antzeko esperientzien bidetik doana, eta helburu duena enpresa eta teknologia zentroen arteko sinergiak indartzea, hartara industria 4.0ren iraultza Lurraldeko enpresa txiki eta ertainetara zabaltzeko. Sarearen bidez, enpresa liderrek eta teknologia zentro aurreratuenek beren lorpenak partekatzen dituzte, eta teknologiarik aurreratuena erakusten diete enpresa txiki eta ertainei, instalazioetan bisita gidatuak eginez, sarrera prestakuntza, praktika eta enpresetan a posteriori jarduerak eskainiz.

Orobat, Garcíak diru laguntzen programak ezagutu ditu gertutik. Aldundiak industria 4.0rako eraldaketa enpresarialari laguntzeko sustatzen dituen erakunde arteko ahaleginen berri ere izan du. Gipuzkoako ehun ekonomikoaren ahalegina ere ezagutu du Gipuzkoako enpresa eredu lehiakor, anitz eta global bat lortzeko, kalitatezko enpleguaren alde egiten duena, pertsonak enpresa proiektuan parte har dezaten.

Lan bilera amaituta, Markel Olanok eta Rosa Garcíak, Jose Miguel Ayerza ADEGIko zuzendari nagusiarekin batera, Hernani Orona Fundazioan egindako topaketa batean parte hartu dute, Etorkizuna Eraikiz foru programak sustatzen duen nazioartekotze sarearen markoaren barruan. Jardunaldian, mintzagai izan dira lidergoa, aniztasuna eta kontziliazioa, eta nola egin aurre eremu horiei eraldaketa globalaren garaian.

Olanok nabarmendu du Etorkizuna Eraikiz programaren garrantzia, zeinetan hiru proiektu pilotu lantzen ari baitira harreman zuzena dutenak langileek enpresetan parte hartzearekin, kontziliazioarekin eta talentua erakarri eta sortzearekin.

Diputatu nagusiak esan duenez, "hiru proiektu horiek estrategikoak dira, eta helburu dute Gipuzkoa lurralde oraindik lehiakorragoa bihurtzea. Horrela, berretsi egin du duen konpromisoa "berdintasunaren, partaidetzaren eta talentuaren gizarte baterantz aurrera egiteko, hartara lehiakorragoak izateko".

Ondoren, ADEGIko zuzendari nagusiak lurraldeko industriaren eboluzio historikoa nolakoa izan den azaldu du, eta hark aurre egin behar dizkion erronka eta aukerak zehaztu ditu. Esan duen moduan, gakoetako bat da enpresaren kultura eraldaketa digitalaren arora egokitzea, eta, horretarako, pertsonengan eta talentuan inbertitzearen alde azaldu da.

Zehazki, industria egokitzeko behar horri buruz aritu da Rosa García Siemens España-ko lehendakaria. Adierazi du merkatua goitik behera aldatu dela, eta enpresen arrakasta produktu egoki eta bezeroarentzako indibidualizatuak sortzean datzala. "XXI. mendean, ideiak denen eskura daude, eta enpresen arrakastarako, ideia horiek bezeroen beharretara egokitu behar dira", adierazi du.

Zentzu horretan, Garcíak bermatu du industria 4.0 enpresak bereizten hasiko dela. Iraultza industrial berri horrek bezeroari, produktua ez ezik, hari atxikita dagoen zerbitzu bat emateko aukera emango du. Orobat, "ezinbestekotzat" jo du enpresen arteko lankidetza sustatzea, "elkarlanean enpresei ebazpen hobeago bat emateko modua baitago". Bere ikuspuntutik, Euskadi ongi kokatua dago, Eusko Jaurlaritza, aldundiak eta enpresak gauzak ongi egiten ari direlako, eta "emaitzak ikusten dira". Ayerzak ere iritzi hori azaldu du: "Industria, enpresak eta jendea dira Euskadiren aktibo garrantzitsuena".

Azkenik, Siemens España-ko lehendakariak etorkizuneko enpresaren ikuspegia azaldu du; negozio bat kultura desberdin batekin, "non pertsonak, langileak eta bezeroak baitira ardatza". Horri dagokionez, enpresak egokitzearen alde azaldu da, ordutegirik inposatuko gabe, enplegatuak loratu daitezen. "Langileak prestatzea eta motibatzea ezinbestekoa da joan ez daitezen", esan du. García amaitu du esanez horrela bakarrik, aniztasuna, berdintasuna eta kontziliazioa sustatuz, lortuko direla aro berriko enpresak.

  

1502