Aldundiak 19 lagun izendatu ditu karrerako funtzionario, eta beste 32 praktiketan
Aldundiak 19 lagun izendatu ditu karrerako funtzionario, eta beste 32 praktiketan
Foru erakundearentzat “berebiziko garrantzia” duen neurria da Mendozaren esanetan, erakundearen transformazioa lehentasun nagusien artean baitago.
Gipuzkoako Foru Aldundiak bere langileari berritzeko prozesuarekin jarraitzen du eta, testuinguru honetan, 19 lagun izendatu du gaur karrerako funtzionario, eta beste 32 praktiketako funtzionario bezala. Azken hauek, urriaren 1ean hasiko dute beraien praktikaldia, sei hilabetekoa izango dena gehienez ere, eta ondoren hauek ere karrerako funtzionario izatera pasako dira. “Azken urte eta hilabeteetan egiten ari garen Enplegu Publikoko Eskaintzetatik (EPE) eratorritako postuak dira”, gogoratu du Eider Mendoza foru bozeramaileak, nabarmenduz foru erakundearentzat “berebiziko garrantzia” dutela gaur onartu diren izendapenek eta langile berriei “zorterik onena” opaz, “hemendik aurrera zuen zortea erakunde honena eta lurralde osoarena izango baitira”.
Mendoza hedabideen aurrean agertu da gaur goizean, asteartero bezala, azkeneko Diputatuen Kontseiluan hartu diren erabakien eta landu diren gaien berri emateko. Bertan zehaztu duenez, karrerako funtzionario izendatuak izan diren 19 lagunak administrazio orokorreko teknikariak dira. Praktiketan egongo iren 32 lagunak, berriz, honako postu hauek beteko dituzte: 7 delineatzaile, 6 arkitekto, 6 psikologo, 4 albaitari, 4 berdintasuneko goi mailako teknikari, 3 ingurumeneko goi mailako teknikari eta 2 itzultzaile-interprete goi mailako teknikari.
Mendozak gogoratu duenez, orain amaitu diren edo amaitzear dauden EPE hauek 2018 amaieran onartu ziren. “Orduan, 300 plaza baino gehiago onartu genituen, Aldundiaren inoizko eskaintzarik handiena”, nabarmendu du. Ostera, 2019ko irailean onartu ziren EPE horien deialdiak, eta 2020 urtean egin ziren hautaprobak. “Pandemiak sortutako zailtasunak kontutan hartuta ere, prozesuak aurrera eramatea lortu dugu. Eta gaur, prozesu hauei amaiera eman eta 19 enplegu egonkortu ditugu, eta gainontzeko 32ak azken aurreko fasean sartu dira. Mugarri garrantzitsua da etxearentzat”, azpimarratu du Mendoza bozeramaileak.
Foru arduradunak EPEek erakundearentzat duten garrantzian jarri du azpimarra ondoren. “Ikusten den bezala, EPEak aurrera eramatea prozesu luze, konplexu eta oso garantistak dira. Zentzu horretan, Aldundiaren konpromisoa da zailtasunak zailtasun, EPE prozesuak aurrera eramaten jarraitzea”, azaldu du. Gogoratu duenez, Aldundiak ekainean onartu zituen bere azkeneko 13 EPE deialdi, eta datozen asteetan beste 8 deialdi gehiago onartuko dira. Eta gainera, azken urte hauetan, foru erakundeak urteroko EPEak onartzen joan dela gaineratu du Mendozak, legeak ahalbidetzen digun plaza kopuru altuenarekin. “Hau da, prozesu bizi baten aurrean gaude, eta Aldundia benetan ari da EPEn aldeko apustua egiten”, borobildu du.
Mendozak gogoratu duenez, 2010eko hamarkadan indarrean egon zen legediak ezinezko egin zuen urteetan EPE normalizatuak martxan jartzea. “Hala ere, hauek arindu orduko, Gipuzkoako Foru Aldundiak bere historiako EPErik handiena onartu zuen, eta ordutik hona hautaketa prozesu horiek gauzatzen joan gara; gaur inkorporatu diren funtzionario hauek ere prozesu horietatik datoz”, esan du. “Gipuzkoako Foru Aldundiaren ikuspegitik, ezbairik gabe EPE-k dira bidea, enpleguaren egonkortasuna hobetu eta bitartekotasuna murrizteko ahaleginean. Betiere, berdintasuna, merezimendua eta gaitasunaren irizpideak zorrotz errespetatuz”, gehitu du.
Mendozaren esanetan, Aldundia transformatu eta modernizatzea legealdi honetan foru erakundeak duen erronka nagusietakoa da, eta horrela dator jasota Gobernu akordioan ere. “Erakunde bezala, seguruenik esku artean daukagun erronka nagusia da. Datozen hiru legealdietan langileen erdiak erretiroa hartuko dute, eta beraz langileria berritzeko prozesuak berebiziko garrantzia dute guretzat”, azaldu du. “ Pertsonak dira transformazio prozesu honen ardatza, eta erronka bikoitza da: alde batetik, belaunaldi berriak erakarri behar ditugu eta egungo gizarteak behar dituen profil berriak lortu; eta, bestetik, ezin dugu galtzen utzi erretirora iristen diren foru langileek duten ezagutza eta eskarmentua”, adierazi du Mendozak. “Aldundia lurraldeko erakunde nagusia da eta, ondorioz, Gipuzkoako gizarte osoari eragiten dion aldaketa prozesu baten aurrean gaude. Prozesu honekin guztiz konprometituta gaude erakunde bezala, eta aurrerantzean ere bide berdinetik jarraituko dugu”, amaitu du.
1672