Aldundiak 25 urtera igo du baso espezieen gutxieneko mozketa adina
Aldundiak 25 urtera igo du baso espezieen gutxieneko mozketa adina
Helburua da lurraldeko basoek dituzten "onurei eustea", horrela, "baso kudeaketa jasangarria areagotuz".
Gipuzkoan baso espezieen gutxieneko mozketa adina 25 urtera igotzea erabaki du Foru Aldundiak. Neurria aste honetako Diputatuen Kontseiluan onartu da, eta Arantxa Ariztimuño Mendietako eta Natura Inguruneko zuzendariak nabarmendu duenez, indarrean sartzen denetik aurrera egiten diren landaketei aplikatuko zaie, "basoen kudeaketa jasangarriaren" eredu baten alde lan egiten jarraitzeko helburuarekin. "Neurri horren bidez, eta dagoeneko aktibatu ditugun edo laster aktibatuko ditugun beste hainbat ekimenekin batera, basoek paisaiarekin, ingurumenarekin, biodibertsitatearekin, lehengai berriztagarriekin edo naturaren gozamenarekin lotuta gure gizarteari eskaintzen dizkioten onurei eusten lagundu nahi dugu, betiere gure lurraldearen ezaugarri izan den baso kulturatik abiatuta", azpimarratu du.
Erabaki horrekin, Aldundiak "arazoei aurrea hartzearen" eta "modu proaktiboan jardutearen" alde egiten du, banda marroiak erasandako pinu sailek utzitako hutsunea hazkunde ziklo askoz laburragoko espezieek modu masiboan bete ez dezaten, adibidez, eukaliptoek. Nahiz eta Gipuzkoan zuhaitz mota hori ez dagoen oso zabalduta, egindako azken inbentarioaren arabera baso masa osoaren % 1 baita, Foru Aldundiak "arazoari aurrea hartzea eta, Kantauriko isurialdeko beste lurralde batzuetan gertatu den bezala, horrelako landaketak ugaritzeak Gipuzkoak berezkoa duen baso espezieen aniztasunean ekar lezakeen desoreka" prebenitzearen alde egin du: "Baso politika eraginkorrak epe laburretik haratago begiratzea eta etorkizuneko erabakiak hartzea eskatzen du".
Ariztimuñok adierazi duenez, sektoreak belaunaldi erreleboarekin zuen erronka estrukturalari, banda marroiak eragindako "inpaktu handia" eransten zaio orain. “Inflexio puntua eta bidegurutzea” ekarri du baso jabe askorentzat, eta erasandako pinudien ordez gaixotasunarekiko erresistenteagoak edo immunizatutakoak diren beste espezie batzuk erabili behar izan dituzte. Jabe gehienek intsinis pinuarena baino mozketa txanda "are luzeagoa" duten espezieak aukeratzen dituzten arren, eremu jakin batzuetan landaketa exijenteagoak eta mozteko txanda laburragoak egiteko arriskua dago. "Fenomeno hasiberria bada ere, dagoeneko hasi gara ikusten kanpoko enpresa edo inbertitzaile batzuk lursailak eskuratzen ari direla xede horrekin, eta, hain zuzen ere, bide hori ekidin nahi dugu, ingurumenean ondorio kaltegarriak izan ditzakeelako eta Gipuzkoako baso jabeen ezaugarrietako bat hemen sustraituta egotea delako. Neurri horrek berme gehigarria ematen digu, azken urteetan hartu ditugun beste hainbat neurriren ildotik", azaldu du zuzendariak.
Alde horretatik, zuhaitzak mozteko gutxieneko adina eguneratzearen helburuetako bat da landaketa eredu horiek lurraldean hedatzeak eragin lezakeen higadura efektua saihestea, hedapen horrek mozte maiztasuna areagotuko bailuke. "Kontuan izan behar dugu Gipuzkoa bereziki zaurgarria dela higaduraren aurrean, lurralde menditsua eta prezipitazio ugarikoa baita. Gure baso masa ahulezia horren aurkako babes nagusietako bat da, lurraldearen % 63 basoz estalita baitago. Beraz, zuhaitz estalki hori behar bezala babesten eta kudeatzen jarraitu behar dugu, lurraren xurgatzeko ahalmena bermatuz", azaldu du.
Era berean, Gipuzkoako zur ekoizpenaren erabilera guztiak uztartzen direla bermatzen lagundu nahi du Aldundiak, bai papergintza, bai txanda luzeagoko beste espezie batzuetatik eratorritakoak, hala nola altzarigintza, horrela, "bioekonomiari lotutako industria indartuz eta dibertsifikatuz, oinarritzat hartuta lurraldean daukagun baliabide berriztagarri ugariena, hau da, egurra". Gaur egun, sektoreak 6.000 lanpostu baino gehiago ditu Gipuzkoan.
«Etorkizuna bermatzea»
Ariztimuñok ziurtatu du Aldundiak basoen jabeekin lankidetza estuan jarraituko duela Gipuzkoako biodibertsitatearen eta paisaiaren berme den basogintza sektorearen etorkizuna ziurtatzeko, dirulaguntzak emanez eta belaunaldien arteko erreleboa erraztuko duten neurriak areagotuz. “Basoez eta haien etorkizunaz hitz egitea gipuzkoar guztion onuraz hitz egitea da. Eta ondasun hori ez da bakarrik zaintzen. Jabeek funtsezko papera betetzen dute basoak zaindu eta mantendu ahal izateko. Gure paisaia, gure ingurune naturala, ez lirateke gaur egun diren bezalakoak izango, beren ekarpenagatik eta, oro har, lehen sektorearenagatik ez balitz. Lan hori balioan jarri beharra dago".
Ildo horretan, 2020-2023 Plangintza Estrategikoaren baitan, Foru Aldundia lanean ari da nekazaritza ustiategien dibertsifikazioa sustatzeko, baso kudeaketa osagarri gisa hartuta, eta kudeaketa enpresa mankomunatu bat abian jartzeko, herritarrentzat irekia, basoak eraginkortasunez kudeatu daitezen eta kudeatu gabeko lursailik egon ez dadin. Dirulaguntzen banaketan, azken urteotan, sektorea gaztetzeko irizpideak ere sartu dira, eta Baso Kudeaketa Iraunkorrerako Plan Teknikoak egitea sustatu da. Zuzendariak berretsi du Aldundiak "konpromiso irmoa duela, basoen kudeaketa orekatua lortzeko bidean aurrera egiteko, nazioarteko eredu aurreratuenei begira, besteak beste, Finlandiakoari, eta ingurumen, ekonomia, gizarte eta kultura alderdiak Gipuzkoako gizartearen mesedetan txertatuta".
2655