Aldundiak 284 milioi euro itzuli dizkie zergadunei, eta 304 milioi jaso
Aldundiak 284 milioi euro itzuli dizkie zergadunei, eta 304 milioi jaso
Ogasunak emaitza “oso onekin” itxi du inoizko Errenta kanpainarik telematikoena.
Gipuzkoako foru Ogasunak emaitza “oso onekin” itxi du pasa den uztailean amaitu zen 2019ko Errenta kanpaina, COVID-19 gaitzak eragindako pandemia dela eta, inoizko telematikoena izan dena. Guztira, 284 milioi euro itzuli dizkie foru erakundeak herritarrei, eta beste 304 milioi euro jaso; saldoa, beraz, positiboa da 20 milioi eurotan. Ogasun eta Finantzetako foru diputatuak, Jabier Larrañagak, gogoratu du 2019 urtea oso ona izan zela ekonomiaren ikuspegitik, eta hori gero Errenta kanpainan islatu dela. “Askotan esan ohi dugun bezala, ekonomia indartsu eta osasuntsua izatea funtsezkoa da gure ongizate maila finantzatzeko beharrezkoa den zerga bilketa bermatzeko”, esan du. Bestalde, azaldu du pandemiaren eta konfinamenduaren testuinguruan kanpaina aurrera eramatea “sekulako erronka” izan dela, baina pozik agertu da emaitzarekin: “Bi izan dira arrakasta azaltzen duten faktoreak: alde batetik, Gipuzkoako foru Ogasunaren garapen teknologikoa, ia ia egun batetik bestera tresna eta euskarri telematikoak herritarren eskura jartzeko gai izan dena; eta bestetik lan taldearen profesionaltasuna, agertoki berrira egokitu eta hain ezohizko egoeran zergadunek behar dituzten zerbitzuak eskaintzeko gai izan baitira”.
Larrañaga hedabideen aurrean agertu gaur goizean, 2019 Errenta eta Ondarearen kanpainen emaitzen berri emateko. Berarekin izan da Yolanda Dominguez, Zerga Kudeaketako zuzendariordea. Foru diputatuak esker oneko hitzak izan ditu Ogasuneko lan talde guztiarentzat (telefono zein aurrez aurreko arreta ematen dutenak, ilarak antolatzen dituztenak, garbitzaileak, IZFEko informatikariak…), eta baita zergadunentzat ere, “urtero egiten dituzten ekarpenengatik eta egoera arraro honetan erakutsi duten jarrera eta elkarlanerako borondateagatik ere”. “Kanpaina arrakasta bat izan da funtzionamenduaren ikuspuntutik. Zerbitzu segurua eta eraginkorra eskaini diegu herritarrei”, gaineratu du.
Foru arduradunak nabarmendu duenez, hainbat izan dira kanpainan zehar gainditu beharreko erronkak, COVID-19 gaitzak eragindako pandemia dela eta. “Kanpaina hasieran aitorpenak online aurkezteko aukerak indartu eta prozedurak errazteko erreminta berriak jarri zituen abian Aldundiak, esaterako, BAK kodeak lortzeko prozedura sinplifikatuak edota beste pertsona bati ordezkaritza online emateko. “Ondorioz, inoizko Errenta kanpainarik telematikoena izan dugu”, esan du. Gainera, kanpainako lehenengo hilabetetan ahalegin berezia egin zuen Ogasunak itzulketak ahalik eta azkarren egiteko, “konfinamenduaren testuinguruan garrantzitsua baitzen zergadunei likidezia ahalik eta azkarren ematea”. Gero, baldintzak posible egin zuten bezain pronto, Gipuzkoako foru Ogasuna Estatuko lehenengo erakundea izan zen aurrez aurreko arreta eskaintzen, segurtasun neurri guztiak hartuta.
“Kanpaina hasieran erabaki ausartak hartu ziren, eta denborak erakutsi digu zuzenak izan zirela. Kanpainaren arrakasta Gipuzkoa osoaren arrakasta da, eta pozik egotekoa da”, adierazi du Larrañagak. Hala ere, gogoratu du 2019 urteko errealitate ekonomikoa eta oraingoak “ez dutela zerikusirik”, eta momentu honetan jarduera ekonomikoa berreskuratzea dela Ogasunaren lehentasun nagusia, “hortik lortuko baititugu zerbitzu publikoei eusteko baliabideak”. “2019ko Errenta kanpaina honetan, Gipuzkoako foru Ogasunak erakutsi du laguntzeko dagoela, zergadunei erraztasunak emateko, eta egoera zaila izanda ere egokitzeko gai dela. Potentzial hau guztia ekonomia berreskuratzeko erabiltzen jarraituko dugu, gure eskura dauden eta momentuan beharrezko ikusten ditugun neurriak hartuz”, gaineratu du.
Errenta kanpaina
Zenbakietara jaitsita, Ogasunak 284,4 milioi euro itzuli eta 304,6 milioi euro jaso dituela kanpaina honetan. Saldoa, honela, 20,2 milioi euro positiboa da, aurreko urteko emaitza 37 milioitan hobetuz. Foru diputatuak azaldu duenez, hobekuntza pasa den urtean jarduera ekonomiaren atalean izandako urte onaren ondorio zuzena da. “Gainera, ondare irabazien atalean ezohizko sarrera batzuk ere izan ditugu, eta horrek azaltzen du gehien bat pasa den urtean egin genuen kanpainaren eta aurten egin dugunaren arteko aldea”, adierazi du foru arduradunak.
Foru arduradunak zehaztu du guztira 384.027 aitorpen aurkeztu direla, pasa den urteko kanpainan baino 1.061 gehiago. Modalitateari erreparatuz gero, 226.665 autolikidazio proposamen onartu dira, bidali zirenen % 88 inguru, aurreko urteko datuak ia hiru puntutan hobetuz. “Azken urteotan asko hazi gara modalitate honetan, herritarrentzako erosoena dena”, gogoratu dute foru arduradunek, Ogasunak modalitate hau hedatzen jarraitzeko lanean jarraitzen duela gogoratuz. Aitorpen mekanizatuak 51.457 izan dira, pasa den urtean baino 23.379 gutxiago, eta internet bide aurkeztu direnetan gorakada nabarmena dago: pasa den urteko 93.652 aitorpenetatik aurtengo 105.905 aitorpenetara (+% 13). Norbanakoen kasuan, igoera ia % 60koa da. Foru arduradunek esan dutenez, hazkunde hauek mantendu eta modalitate hau hedatzen jarraitzea da hurrengo urtetarako erronka.
Emaitzaren arabera, Ogasuneko arduradunek azaldu dute 260.153 aitorpen itzultzera izan direla (2018an baino 334 gutxiago) eta 123.874 ordaintzera (1.395 gehiago 2018 urtean baino). “Itzultzera izan diren aitorpenak osoaren %67,7 dira, eta batez besteko zenbatekoa 1.093 eurokoa izan da”, zehaztu du foru diputatuak. Ordaintzera izan diren aitorpenak, bere aldetik, gainerako %32,3 izan da, eta zergadun bakoitzak batez beste 2.459 euro ordaindu ditu.
Ondarearen gaineko Zerga
Ondarearen gaineko Zergari dagokionean, foru Ogasunak 67 milioi euro bildu ditu, zerga honen erreformaren aurreko urteetako zifrak hobetuz. Honela, Larrañagak gogoratu du 2019 izan dela zerga hau guztiz erreformatuta egon den bigarren urtea (2015 eta 2018an onartutako aldaketak indarrean zirela) eta emaitza erreformen aurrekoak hobetzera iritsi dela. “Bide ezberdinetatik joanda ere, helmuga berera iristea posible dela berresten segitzen dugu. Mezu eta diskurtso ezkorren aurrean, errealitateak argi utzi du hartutako bidea egokia izan zela”, esan du Larrañagak.
Azkenik, kanpainan parte hartu duten Ogasuneko langileen lan ona txalotu du Dominguezek, eta zenbait estatistika mahai gaineratu ditu esandakoa babesteko. Kanpaina inoiz baino telematikoagoa izan denez, nabarmen hazi dira idatziz zein telefonoz egindako kontsultak. Idatzizko kontsulten kasuan, 470 erantzun ditu Ogasunak, pasa den urtean baino % 120 gehiago eta erantzun epeak murriztuz. Telefono deien kasuan, foru erakundeak langileen interbentziorik gabeko 107.330 dei jaso ditu, aurreko urtean baino % 36,1 gehiago; langileen parte hartzea behar izan duten deiak, bestalde, 55.578 izan dira, aurreko urteko kanpainan baino % 30,6 gehiago. “Guztira 105 dei bakarrik galdu ditugu, hau da, 529 deitatik bat”, azaldu du. Bulegoetako itxaron denboren kasuan, bataz besteko itxaron denbora 5 minutu eta 33 segundokoa izan da, aurreko urtekoa %47,1ean hobetuz, eta zergadun bakoitzak jaso duen arreta denbora 24 minutu eta 52 segundoko, aurreko urtean baino %9,6 gehiago. “Kanpaina hau sekulako erronka izan da Ogasunarentzako, eta erakundeak profesionaltasun handiz erantzun du”, nabarmendu du.
Errenta 2019
Aitorpenak modalitatearen arabera |
2018 |
2019 |
Proposamenak |
214.478 |
226.665 |
Mekanizatua |
74.836 |
51.457 |
Internet |
93.652 |
105.905 |
Guztira |
382.966 |
384.027 |
Aitorpenak emaitzaren arabera |
2018 |
2019 |
Itzultzera |
260.487 |
260.153 |
Ordaintzera |
122.479 |
123.874 |
Guztira |
382.966 |
384.027 |
Aitorpenak itzultzera |
2018 |
2019 |
Aitorpenak |
260.487 |
260.153 |
% osoarekiko |
% 68,0 |
% 67,7 |
Batez beste |
1.055 € |
1.093 € |
Zenbatekoa guztira |
276.700.000 € |
284.423.281 € |
Aitorpenak ordaintzera |
2018 |
2019 |
Aitorpenak |
122.479 |
123.874 |
% osoarekiko |
% 32,0 |
% 32,3 |
Batez beste |
2.122 € |
2.459 € |
Zenbatekoa guztira |
259.900.000 € |
304.604.985 € |
Kanpainaren saldoa |
2018 |
2019 |
Itzultzera |
276.700.000 € |
284.423.281 € |
Ordaintzera |
259.900.000 € |
304.604.985 € |
Guztira |
-16.800.000 € |
+20.181.704 € |
Ondarea 2019
Kanpainaren saldoa |
2018 |
2019 |
Aitorpenak |
7.847 |
7.960 |
Batez beste |
7.472 € |
8.414 € |
Zenbatekoa guztira |
58.600.000 € |
66.975.577 € |
1817