Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Aldundiak 30.000 euro inbertitu ditu Alkizan edateko uraren hornidura hobetzeko

Aldundiak 30.000 euro inbertitu ditu Alkizan edateko uraren hornidura hobetzeko

Foru Aldundiko Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako Departamentuak hitzartu du Alkizako Udalarekin 30.000 euro xedatuko dituela hirigunea eta Sakamidra, Azaldegi eta Aldapa bailaretako etxeak urez hornitzen dituen goiko ur biltegia eraberritzeko lanak egiteko.

2022/07/19
Convenio Alkiza 2022

Iñaki Irazabalbeitia Alkizako alkateak eta Jose Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatuak lankidetza hitzarmena sinatu dute. Horren arabera, Aldundiak birgaitze lanen gastua ordaintzeko eta sarbidea egokitzeko konpromisoa hartu du. Gainera, etorkizunean eguzki plakak instalatzeko obrei ekin ahal izango zaiela aurreikusten da.

José Ignacio Asensio: “Aldundiko Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako Departamentuak gure lurraldeko instalazioak eta azpiegiturak hobetzen laguntzeko lan egiten du. Horregatik, Alkizako goiko ur biltegia berritu ondoren hornidura seguruagoa, eraginkorragoa eta jasangarriagoa izango dute bizilagunek, eta, horrela, alde batetik, ura, ondasun preziatu hori, galtzea saihestuko dugu, eta, bestetik, bizilagunen bizi kalitatea hobetuko da”.

Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko foru diputatua, eta Enrique Ramos Obra Hidraulikoetako zuzendaria Alkizan izan dira lankidetza hitzarmen bat sinatzeko. Hitzarmen horren bidez, Aldundiak konpromisoa hartu du Alkizako hirigunea eta Sakamidra, Azaldegi eta Aldapa bailaretako etxebizitzak edateko urez hornitzen dituen goiko biltegia birgaitzeko.

Eraberritze lan horren helburu nagusia da gaur egun biltegiaren paretetan zehar gertatzen diren ur iragazketak konpontzea, eta, horretarako, paretei sendotasun eta erresistentzia handiagoa emango zaie. Gainera, obrak egingo direla baliatuz, hormen altuera goratuko da, horrela, biltegiratze ahalmena handitzeko eta  hornidura instalazio jasangarriagoa eta eraginkorragoa lortzeko.

Lanek hamaika asteko iraupena izango dute, baina ez dira aipatutako birgaitzera mugatuko; aitzitik, sarbidea egokitzeko lanak ere egingo dira. Hitzarmenaren arabera eraberritzearen helburua aipatutako lanak egitea bada ere, gaineratu behar da bihar-etzi azpiegitura modu jasangarrian optimizatzea aurreikusten dela, eguzki plakak instalatuz.

José Ignacio Asensio diputatuak adierazi duenez, “horrelako instalazio garrantzitsu batean eraberritze lan hau egitea ezinbestekoa da inguruko biztanleen bizi kalitatea hobetzeko eta hornidura seguruagoa, eraginkorragoa eta jasangarriagoa emateko, horrela, ura,  ondasun preziatu hori, gal ez dadin”.

Bestalde, Alkizako alkate Inaki Irazabalbeitiak eskertu egin dio Ingurumen Departamentuari “Alkizako herritarren bizi-kalitatea hobetzeko Udalari eskainitako laguntza eta konpromisoa”. Gainera, azpimarratu du “obra honek Udalari lagunduko diola kalitatezko edateko uraren kontsumoa bermatzen, Alkizarrei azpiegitura hidraulikoak hobetzeko udal planaren testuinguruan”.

Alkizako etxeetara iristen den edateko ura Ilunbe errekaren iturburuan sortzen da, Hernio magalean. Beheko biltegian lehen biltegiratzea egiten da, eta bertan egiten da kloratze prozesua. Biltegi horretatik Arana auzoa hornitzen da zuzenean, eta, aldi berean, ura ponpatzen da goiko biltegira, handik udalerriko gainerako auzoetara ura eramateko.

Foru Aldundiak, Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako Departamentuaren bitartez, Gipuzkoan azpiegiturak garatzen eta hobetzen laguntzen jarraitzen du, eta gaur Alkizako Udalarekin sinatutako hitzarmena beste aurrerapauso bat da lurralde barruko hornidura sarearen saneamenduan eta optimizazioan.

  

2101