Aldundiak 4.315.000 euro xedatu ditu I+G+Bko 54 proiektu gauzatzen laguntzeko
Aldundiak 4.315.000 euro xedatu ditu I+G+Bko 54 proiektu gauzatzen laguntzeko
Ikerkuntza ekosistemari laguntzeko deialdiaren onuradun izan dira 31 zentro, unibertsitate-erakunde eta I+G-ko unitate
Foru Aldundiak Gipuzkoako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Sareari laguntzeko Programaren laguntzak eman ditu. Programa horren helburua da babestea sareko erakundeek I+G+B proiektuak garatzeko eta azpiegitura eta ekipamendu aurreratuetako inbertsioei ekiteko egiten duten ahalegina. 2020an 4.315.000 euro bideratu dira, 2019an xedatutako zuzkidurari eutsiz. Deialdiak laguntzak eman ditu 31 zentro, fakultate eta unibertsitate-erakunderen eta I+G unitateren aldetik 54 proiektu gauzatzeko: enpresetako I+G unitateek gidatutako 10 proiektu, 16 inbertsio-proiektu eta I+G+Bko 28 proiektu.
Ekonomia Sustapeneko diputatu Jabier Larrañagak adierazi duenez, susperraldi ekonomikoa lortzeko, ezinbestekoa da "krisiak pertsona, familia eta enpresetan eragindako premiei aurre egitea, eta epe laburrean jarduerari eustea, baina baita ere ezagutza aurreratua sortzen jarraitzea, gure produkzio-sarearen lehiakortasuna hobetzen eta gizarte-kohesioa bermatzeko aberastasuna sortzen lagunduko duena. Begirada altxatu behar dugu, eta gure eredu sozioekonomikoaren etorkizuneko oinarriak jarri behar ditugu; eta helburu kolektibo hori lortzeko, ezin zaio uko egin berrikuntzaren eta ikerketaren aldeko apustuari".
Laguntza jaso duten I+Gko unitateek gauzatutako 10 proiektuetatik, bost I+G Unitateak egindako kontratazioei dagozkie, eta gainerakoak, berriz, kontrataziorik eskatzen ez duten lankidetzei. Lan eremuak askotarikoak dira: osasunerako adimen artifizialeko aplikazioetan datuen pribatutasuna bilatzea, eta Fabrikazio Gehigarriaren bidez piezak konpontzeko eta estaltzeko teknikak automatizatzeko ikerketa.
Inbertsio-proiektuei dagokienez, gehieneko dirulaguntza eman zaie bost proiekturi: CIC nanoGUNEren bereizmen handiko mikroskopio konfokal bati, Mondragon Goi Eskola Politeknikoaren dilatometro bati eta laser femntosegundo bati, CEITen Binder Jetting inprimagailu bati eta Ikerlanen erdi-tentsioko saiakuntza laborategiari.
I+G+B proiektuei dagokienez, batez ere diruz lagundutako RIS arloetan, gehienek arlo bat baino gehiago lantzen dute, bai ikerketaren gaiagatik, bai balizko aplikazioengatik. Lagundutako proiektuetatik % 50ek baino gehiagok biozientziekin/osasunarekin lotutako gaiak lantzen dituzte, eta portzentaje berean fabrikazio aurreratuarekin lotutako gaiak. Gainera, proiektu askok bi gaiak eta aplikazioak lantzen dituzte. % 25ek energia berriekin lotutako gaiak jorratzen ditu, % 14 ekonomia zirkularraren esparruan sartzen da, % 10ek baino gehiagok adimen artifizialeko gaiak lantzen ditu, eta bi proiektu elektromugikortasunekoak dira.
Baloraziorik handiena izan duen I+G+B proiektua BERC Polymat-ek aurkeztu du, inplanteetarako materialekiko erantzun immunearen azterketarekin lotuta, eta, ondoren, CEITek aurkeztutako proiektu bat, material magnetiko berriak garatzea helburu duena. Larrañagak nabarmendu duenez, "Ekosistemako eragile guztiek parte hartze handia izan dute deialdian", eta horrek erakusten du "Gipuzkoa I+G+Bren aldeko apustuan buru-belarri ari dela lanean, ekonomia suspertzeko eta gure etorkizuneko ongizaterako funtsezko elementua baita". Horrela, Mondragon Unibertsitatearen, Tecnun eta EHUren proiektuak babestu dira, eta emandako laguntzen % 25 baino gehiago unibertsitateei eman zaie. Laguntza jaso duten zentroen artean daude, halaber, Cidetec, Lortek, Tekniker, Ideko, Tecnalia, Vicomtech, Azti, Elhuyar, MPC edo CIC BiomaGUNE, baita enpresetako I+G unitateak ere: Creatio, Eipc RC, Edertek, Koniker, Hispavista Labs, Orona, Ametzagaiña, Cetest, Ikor Tc eta ikergune.
Halaber, BioDonostia Institutuak, Donostia Ospitaleari lotutakoak eta Carlos III.a Osasun Institutuak akreditatutakoak, lau ikerketa proiekturako eta inbertsioko beste proiektu baterako laguntzak jaso ditu, guztira 284.000 euro. Diputatuak azpimarratu du diruz lagundutako proiektuen % 37 baino gehiago emakumeek zuzendutakoak direla, eta horrek egiaztatzen du "berdintasunerantz egindako aurrerapena, hain garrantzitsua den arlo honetan".
Euskadiren abangoardian
Gipuzkoa nabarmentzen da I+G+Bko euskal ekosistemaren barruan duen sendotasunagatik; izan ere, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko 133 eragileetatik 70ek lurraldean garatzen dute beren jarduera. 11 zentro teknologiko, ikerketa kooperatiboko 2 zentro, 4 bikaintasun zentro (BERC), ikerketa biosanitarioko institutu bat, I+G sanitarioko 2 erakunde, enpresetako I+Gko 28 unitate eta lau unibertsitate ditu, besteak beste. Lurraldea Europako batez bestekoaren gainetik dago BPGrekiko I+Gko gastuan (% 2,44, % 2,11ren aldean) eta Euskadiren abangoardian, baina oraindik ere urrun dago Alemania, Suedia, Danimarka edo Japoniatik, % 3tik gora baitaude. 12.216 pertsona ari dira lanean sektore horretan Gipuzkoan.
Larrañagak ehun horren "dibertsitatea" nabarmendu du, eta "gure gizartearen etorkizuneko erronkei aurre egiteko ezinbesteko aliatu gisa duen zeregina. Gehiago eta hobeto lagundu behar dugu lurraldearen potentzial guztia ateratzeko. Gipuzkoa lehiakor eta gizatiarraren alde egiten dugu: kalitatezko enpleguarekin, jasangarritasunarekin, talentuaren garapenarekin eta pertsonan oinarritutako proiektuen eraikuntzarekin konprometitutakoa. Gipuzkoa horretan, enpresek teknologia aurreratuenak eskuratu ahal izango dituzte eta balio erantsia sortzeko gai izango dira; bertan, pertsonek enpresa berriak sorraraziko dituen ezagutza eskuratu eta sortuko dute, eta ezagutza horrek terapia modernoenak, adinekoentzako zaintza onenak eta zerbitzu egokienak garatzeko balioko du", esan du amaitzeko.
2657