Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Aldundiak 4,5 milioiko bi laguntza deialdi aktibatu ditu lehen sektorea bultzatzeko

Aldundiak 4,5 milioiko bi laguntza deialdi aktibatu ditu lehen sektorea bultzatzeko

3 milioi bideratuko dira muga naturalak dituzten eremuetako ustiategietara, eta 1,58 milioi nekazaritza-, ingurumen- eta klima-konpromisoetara

2024/03/05
Gipuzkoako Foru Aldundia

Diputatuen Kontseiluak lehen sektorea bultzatzeko dirulaguntzen deialdi bana onartu du gaur, 4,5 milioi euroko balioarekin: muga naturalak edo beste muga espezifiko batzuk dituzten eremuei dagozkienak, 3 milioiko zuzkidurarekin; eta nekazaritza- eta ingurumen-konpromisoei, klima-konpromisoei eta bestelako kudeaketa-konpromisoei dagozkienak, 1,5 milioiko zenbatekoarekin. Irune Berasaluze foru bozeramaileak azpimarratu duenez, "gure baserritarrak eta egiten duten lana funtsezkoak dira gure ekonomia, gizarte, ingurumen eta lurralde oreka lortzeko, eta etorkizun jasangarria bermatzeko. Sektorea eraldatzeko ekimenak bultzatzeaz gain, orain arte egindako laguntza-politikek jarraipena izan behar dute".

Bi deialdiak Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsak (LGENF) eta Aldundiak finantzatzen dituzte. Lehenengo laguntza lerroa mendi eremuetan dauden edo muga natural nabarmenak dituzten nekazaritza ustiategiei zuzenduta dago, nekazariei konpentsazioa emateko, eremu horietan nekazaritza ekoizpenak dituen mugengatik. Horrela, biodibertsitatea, natura-balio handiko nekazaritza sistemak eta paisaien egoera berreskuratzen, zaintzen eta hobetzen lagundu nahi da, Gipuzkoan sektorearen jasangarritasun ekonomikoa eta erresilientzia babestuz.

Bigarren laguntza lerroak jarduketa hauek babesten ditu: ekoizpen integratua, ekoizpen naturaleko baliabideak eta mekanismoak ahalik eta gehien erabiltzen dituzten landare ekoizpeneko metodologiak hartzen dituena; mendiko larreen sustapena eta kudeaketa jasangarria, mendeetan zehar espazio horien berezitasuna izan diren paisaia eta praktika tradizionalak mantentzeko; erlezaintza, hauskorrak diren edo desagertzeko arriskuan dauden ekosistemetako landare tipikoen espezie ugariren polinizazioa errazten duena; nekazaritza ekologikoa; eta tokiko sagardo-sagarrondoen barietateak –84 mota guztira– eta animalia autoktonoen arrazak –betizu, terreña, pottoka, azpigorri, euskal oiloa...– kontserbatzea.

Bi kasuetan, laguntzen eskabideak aurkeztu beharko dira deialdiak Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen diren egunetik hasi eta 2024ko apirilaren 30era arte (biak barne). Laguntzen eskabideak nekazaritza ustiategiaren kokapenari dagozkion eskualdeko nekazaritza bulegoetan edonekanet.net web-atariaren bidez egin ahal izango dira, atari horretara ziurtagiri digitalaren bidez sartuta. Iaz, 627 baserritarri lagundu zitzaien lehenengo laguntza lerroaren bidez, eta 626 baserritarri bigarrenaren bidez.

Berasaluzek azpimarratu duenez, baserritarrak "ezinbesteko eragileak dira gure garaiko erronkei aurre egiteko, hala nola klima aldaketaren aurkako borrokari, berotegi efektuko gasen emisioen murrizketari eta CO2 xurgatzeari. Gaur onartu diren laguntzak tresna bat dira baserritarren ekarpena babesteko: garapen jasangarria eta ura, lurzorua eta airea bezalako baliabide naturalen kudeaketa eraginkorra sustatzea; biodibertsitatea kontserbatzen laguntzea, ekosistemekin lotutako zerbitzuak indartzea eta habitatak eta paisaiak kontserbatzea; animalien ongizatea hobetzea; eta kalitate oneko elikagaien, elikagai seguruen eta 0 kilometroko elikagaien ekoizpena bultzatzea".

Martxoaren 8ko adierazpena

Gaur ere, Kontseiluak Aldundiaren Adierazpen Instituzionala onartu du martxoaren 8a dela eta, Emakumeen Nazioarteko Eguna, eta aurtengo leloarekin bat egin du: “Zuetaz harro! Ahaldundutako emakume bakoitzaren atzean ahalduntzera bultzatu duten beste emakume batzuk egon dira”. Lelo horrekin bat etorriz, foru erakundeak Adierazpenean aitortu egin ditu "adineko emakumeek eta mugimendu feministak gazteenen ahalduntzean egindako ekarpenaren balioa eta belaunaldien arteko harremanaren garrantzia. Emakume horiek funtsezko zeregina izan dute eskubideak lortzeko eta berdintasunean aurrera egiteko. Balio eta garrantzi berezia eman nahi diogu emakumeen aurreko belaunaldien ekarpenari; izan ere, nabarmendu behar da beren eskubideei muga handiak jarri izan dizkietela eta, hain zuzen ere, horregatik bihurtu direla ahalduntze-eragile”.

Hori dela eta, bozeramaileak adierazi duen bezala, "emakumeen ahalduntzea bultzatzeko konpromisoa hartzen dugu, bai eta beren bizitzak modu autonomoan zuzentzeko eta bizitzako esparru guztietan berdintasun baldintzetan parte hartzeko aukera emango dieten baldintzak sortzen aktiboki laguntzekoa ere, horretarako adin guztietako emakumeen ahalduntzea eta partaidetza soziala sustatuz". Gaineratu duenez, "Gipuzkoak munduan desberdintasun maila txikiena duten pertsonen komunitatea izaten jarraitu nahi du, baina, ahalegin horretan, emakumeak desabantaila egoeran daude oraindik eremu askotan, baita gure lurraldean ere, eta, beraz, emakumeen eta gizonen berdintasunaren alde egiten dugun lana eta daukagun konpromisoa berresten ditugu, berdintasun politikak funtsezko elementuak baitira gizarte justu bat eraikitzeko, bai egungo Gipuzkoan, bai etorkizunekoan".

Eibarko unitate soziosanitarioak

Azkenik, Diputatuen Kontseiluak argi berdea eman dio Eibarko egoitza-unitate soziosanitarioaren zerbitzua kontratatzeko espedientea onartzeari. Bi urteko iraupena izango du, eta aurrekontua lau milioi eta erdi eurotik gorakoa izango da (4.755.529,44 euro). Baliabide soziosanitario hori, Torrekua, Eibarko Ospitaleko hirugarren solairuan dago, bi bizikidetza-unitate berezituk osatzen dute, eta 48 plaza dituzte guztira.

Torrekua 2020an ireki zen, COVID-19aren pandemia iritsi zenean; horregatik, bi unitate horiek behin-behinean gaitu ziren erreferentziazko zentro gisa, adinekoen egoitzetatik zetozen kasu positiboak artatzeko. 2021eko azaroan, txertoak iritsi eta egoera epidemiologikoa hobetu ondoren, baliabidea zentro soziosanitario gisa gaitu zen. Gipuzkoako hirugarrena da eta guztira 148 plaza soziosanitario daude: 73 Donostiako Gurutze Gorrian, 27 Zumarragako Argixao egoitzan eta aipatu berri ditugun 48 plaza Eibarren.

148 plaza soziosanitario horiei esker, Aldundiak erantzuna ematen die aldi berean arreta sozial eta sanitarioa, koordinatua eta egonkorra, behar duten eta arreta egokia jasotzeko ospitaleratzea behar duten susperraldi-prozesuei. "Ekipamendu espezifikoak dira, eta, denbora mugatuz, aldi baterako arreta ematen zaie aldi berean osasun- eta gizarte-arloko arreta premiak dituzten pertsonei, betiere zainketen jarraitutasuna bermatzeko helburuarekin", amaitu du bozeramaileak.

  

1757