Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Aldundiak 500.000 euro bideratu ditu herritarren partaidetzarako

Aldundiak 500.000 euro bideratu ditu herritarren partaidetzarako

Hala, 350.000 euroko dirulaguntza bideratuko zaie udalei, eta beste 150.000 euroko laguntza herritarren elkarteei.

Gipuzkoako Foru Aldundiak 500.000 euro bideratuko ditu 2021 honetan herritarren partaidetza sustatzera, udal eta elkarteei emango dizkien dirulaguntzen bitartez. Honela, gaurko Diputatuen Kontseiluan onartu da udalei eta tokiko erakunde txikiei zuzendutako laguntza deialdia, 350.000 euro dituena. Honen ondotik, foru erakundeak aurki kaleratuko du elkarteei zuzendutako dirulaguntza deialdia, beste 150.000 euro aurreikusten dituena. Eider Mendoza foru bozeramaileak adierazi duenez, Aldundia gobernantza eredu berri baten aldeko apustua ari da egiten, irekia eta elkarlanekoa. “Etorkizuna denon artean eraiki behar diogula diogunean, partaidetza da herritarrei hitza emateko bidea. Horregatik, Aldundiarentzat berebiziko garrantzia duen lan esparrua da”, adierazi du.

          Mendoza hedabideen aurrean agertu da gaur goizean, astero bezala, Diputatuen Kontseiluan hartu diren erabakien eta landu diren gaien berri emateko. Adierazi duenez, herritarren partaidetza bezalako gai bat kudeaketa publikoan txertatzeak “herritarren erakundearekiko konfiantza sortzen laguntzen du”. “Honela, gobernuak indartu egiten dira, politika publikoak legitimatu, aniztasun soziala integratzen da, interes sozialak agenda publikoan sartzen dira, herritarrek bizitza publikoaren antolaketa prozesuetan parte hartzen dute, eta gizarte zibilaren funtzioa sendotu egiten da”, azpimarratu du. “Helburu eta lehentasun horiek betetzeko, gobernantza eredu berri bat diseinatu behar dugu, irekia eta elkarlanezkoa, non partaidetzak rol garrantzitsua jokatzen duen”, gaineratu du.  

“Ondo dakigu zein garrantzitsuak diren udalak, herritarrengandik gertuen dauden erakundeak direlako”, esan du Mendozak. Hori dela eta, Gipuzkoako Foru Aldundiak, udalen lana sustatzeko eta errazteko, urteak daramatza tokiko erakundeei laguntzen, udal esparruan sustatzen diren partaidetza prozesuak ekonomikoki babesten. “Lurralde ikuspegi batetik, aberasgarria da eta Gipuzkoa osoaren mesedetan doa partaidetza dinamikak eta kultura tokiko mailan sustatzen jarraitzea. Eta uste dugu udalek lan oso ona egin dutela azken urteetan; partaidetzaren arloan, estimu handiko bazkideak dira guretzat”, defendatu du foru bozeramaileak.

          2020ko dirulaguntza deialdiaren esperientziari erreparatuta, Mendozak azaldu du pasa den urtean udalek sustatutako eta partaidetza arloan kokatzen diren 42 proiektu babestu zituela Aldundiak. Hauen artean, batzuk aipatzearren, foru arduradunak Arrasateko partaidetzazko aurrekontu proiektua eta Eibarko Ipurua merkatu plaza eraikinaren erabilera adosteko prozesua nabarmendu  ditu. Bestalde, elkarteen kasuan, beste 26 ekimen lagundu zituen diruz Aldundiak pasa den urtean, esaterako Gehitu elkartearen hausnarketa prozesua, edota Nagusivoz Kalean prozesua, Donostiako udal politiketan eragin nahi duen partaidetza ekimena, hiriko etxegabeen inguruan.

 

Gizarte politikako partea

Azkenik, eta astero bezala, COVID-19 gaitzak Aldundiaren gizarte politikako baliabideetan izaten ari den eragina eguneratuko du Mendozak. Adinekoen egoitzetako erabiltzaileen kasuan, 22 kasu positibo daude gaur gaurkoz: 3 Irungo Gurutze Gorrian, 11 Donostiako Berminghamen, 3 Irungo Inmaculadan eta 5 Tolosako Iurreamendin. Hauetatik 15 Eibarko Ospitaleko planta sozialean eta Ordiziako San Jose erreferentzia zentroan daude, gune hauetan artatzen baitira COVID-19 gaitzagatik positibo eman duten egoitzetako erabiltzaileak. Azpiegitura hauen helburua egoitzetatik kasu positiboak ateratzea da, kutsatze arriskua murriztu eta bisitak egiten jarraitu ahal izateko. Abuztuaren 11tik hona, 652 egoiliar sendatu dira eta 154 zendu lurraldeko adinekoen egoitzetan.

          Baliabide hauetako langileen kasuan, gaur egun 32 pertsona daude diagnostiko positiboarekin, 20 egoitza ezberdinetan. Abuztutik hona, 539 langilek gainditu dute gaitza. Eguneko zentroen kasuan, azken astean 7 positibo berri atzeman dira, eta desgaitasuna dutenei arreta emateko zentroetan azken astean 10 positibo atzeman dira. Gizarte inklusioaren kasuan, 6 positibo atzeman dira azken egunetan eta adingabeei arreta emateko baliabide sarean, bere aldetik, ez dago positibo berririk. Azkenik, PCR probei dagokionean, Aldundiak, DYAko profesionalekin elkarlanean, 102.775 proba egin ditu jada, hauetatik 4.837 pasa den astean, egoiliarren eta langileen artean.

  

2759