Aldundiak 550.000 bideratuko ditu emakumeen eta gizonen berdintasuna sustatzera
Aldundiak 550.000 bideratuko ditu emakumeen eta gizonen berdintasuna sustatzera
Deialdi berriak indarkeria matxistaren aurkako proiektuak eta kontziliazioa eta ardura partekatua sustatzen dituzten proiektuak lehenesten ditu
Gipuzkoako Foru Aldundiak 550.000 eurorekin lagunduko ditu emakumeen eta gizonen berdintasuna sustatzen duten proiektuak, bai udalek eta mankomunitateek, bai emakume elkarteek eta irabazi asmorik gabeko beste entitate batzuek, sustatzen dituztenak. Gaur ireki den 2017rako deialdi berri honetan lehenesten dira, batez ere, indarkeria matxistaren aurka doazen proiektuak eta bizitzaren esparru guztietan kontziliazioa eta ardura partekatua sustatzen dituzten proiektuak.
Egungo Aldundiak ezarrita dituen helburu estrategikoetako bateko bi ardatzak dira Gipuzkoako gizartea sentsibilizatzea ardura partekatu dezan eta berdintasunezkoa izan dadin, eta indarkeria matxistarekin amaitzea; hori dela eta, deialdi honetarako, % 25eko igoera mantentzen da 2015eko deialdiarekiko.
2008tik aurrera, emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzko foru organoa sentsibilizazio zereginak burutzen ari da, tokiko entitateei baliabide material, ekonomiko eta pertsonalak emanez berdintasuna xede duten programak eta jarduerak burutzeko. Orobat, organoak baliabideak eta zerbitzu soziokomunitarioak ezartzen ditu, helburu dutenak bizitza, familia eta lana uztartzen laguntzea.
450.000 euroko diru-poltsarekin, Gipuzkoan berdintasunerako politikak garatzea sustatuko da. Proiektu bakoitzak 10.000 euro arteko laguntza jasoko du. Legealdi honetako ildo estrategikora egokitzen diren proiektu berritzaileak sustatu nahi dira: kontziliazioa eta gizarte antolakuntza erantzunkide baten sustapena. Hori dela eta, bultzatuko diren jarduerak izango dira emakumeen eta gizonen artean lanean, familian eta bizitza pertsonalean dauden desorekak eta parte hartzeko baldintzak gainditzen lagunduko dutenak, eta zaintzan emakumeen eta gizonen erantzunkidetasuna sustatuko dutenak.
Halaber, Aldundiak beste ildo estrategikoa helburutzat duten proiektu berritzaileei laguntza emango die: indarkeria matxistaren alorreko sentsibilizazioa, prebentzioa eta arreta hobetzea, “Gipuzkoako emakumeen aurkako indarkeriari aurre egiteko I. Foru Plana, Aurre!” planak planteatzen duenaren arabera.
Azkenik, deialdi honen bidez, orobat bilatuko da udalei laguntzea, berdintasuneko tokiko politikak garatzeko baliabiderik ez izan arren, berdintasuneko aholkularitza tekniko espezializatua kontratatu nahi badute udal barruan lan prozesu batzuk abian jartzeko. Era berean, Berdinbidean programara atxikitako 10.000 biztanle azpiko herriek, 100.000 euroko diru-poltsa izango dute emakumeen eta gizonen berdintasuna sustatzeko politiketarako eta lehen aipatutako estrategiei lotutako ekintzak gauzatzeko.
1432