Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Aldundiak 700.000 eurorekin babestuko du Soraluzeko SAPAren eraikin zaharra birgaitzeko proiektua

Aldundiak 700.000 eurorekin babestuko du Soraluzeko SAPAren eraikin zaharra birgaitzeko proiektua

Diputatu nagusiak eta Soraluzeko alkateak bilera egin dute herriaren etorkizunari lotutako egitasmo nagusiak partekatzea helburu; Etorkizuna Eraikiz kapsularen bitartez jasotako ekarpenak ere aztertu dituzte.

Markel Olano eta Iker Aldazabal.

Etorkizuna Eraikiz programari lotuta, lurralde osoko etorkizuneko egitasmoak ezagutu eta herritarrek egindako ekarpenak aztertzeko herriz herriko bilerak egiten dihardu Gipuzkoako diputatu nagusiak, Markel Olanok. Gaurkoan Iker Aldazabal alkatearekin elkartu da Soraluzen, herriko proiektu nagusien inguruko ikuspegiak partekatu asmoz. Gainera, bi erakundeen arteko elkarlan lerroei buruzko analisia egin eta Etorkizuna Eraikiz kapsularen bidez jasotako proposamen eta iritzi nagusiak aztertu dituzte.

            “Pertsona orori lana, babesa eta etorkizuna eskainiko dien lurraldea izan nahi du Gipuzkoak, etorkizunean ere. Horretarako lanean dihardugu buru-belarri, pandemiaren krisialditik atera eta gerora begirako politikak martxan jarriz. Horretarako, ezinbestekoa da elkarlana. Batetik, erakundeen arteko lankidetza eta harreman lerroak estutzea eta, bestetik, herritarren proposamenak eta iritziak jasotzeko bideak indartzea”, adierazi du diputatu nagusiak, Soraluzeko alkatearekin bilera egin ostean. Ekonomia Sustapeneko diputatua, Jabier Larrañaga, bilera honetan egon da baita ere.

SAPAren eraikina birgaitzeko proiektuari babesa

Bileraren ostean diputatu nagusiak iragarri duenez, Foru Aldundiak 700.000 euroko babesa emango dio Soraluzeko Udalari, SAPAren eraikin historikoa birgaitzeko proiektuari. Olanok adierazi duenez, udalerriarentzako “ezinbesteko” ekimena da eta une honetan erabiltzen ez den eremu degradatu bat “herritarren mesedetan berreskuratzea” ekarriko luke berekin. “Proiektu hau kualitatiboki oso garrantzitsua da lurralde osorako, lurraldea orekan eta Soraluzeren garapen sozial eta ekonomikoan eragi zuzena duelako. Izaera eraldatzailea duen proiektu hau irmo babestuko dugu", berretsi du.

Soraluzeko alkateak, Iker Aldazabalek, Gipuzkoako Foru Aldundiak SAPA birgaitzeko proiekturako emandako laguntza nabarmendu eta eskertu nahi izan du. Adierazi duenez, Udalak 2019an pabiloiaren jabetza eskuratu zuenetik, hirigintza-hitzarmen bidez, eremua berreskuratzeko eman beharreko urratsak eman dituztela, eta laguntza honek behin betiko bultzada suposatzen duela proiektua errealitate izan dadin. Bestalde, Aldazabalek gogorarazi nahi izan du Uraren Euskal Agentziak Gabolatseko egungo zubia ordezkatzeko hartu duen konpromisoa, eta azpimarratu nahi izan du bi hirigintza-jarduketa hauek funtsezkoak izango direla SAPAren eremua birgaitzeko.

Etorkizuna Eraikiz kapsula

Joan den urteko otsailaren 25ean Soraluzen kokatu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak Etorkizuna Eraikiz kapsula, non galdetzen zitzaien herritarrei Gipuzkoak 2040an zein balio mantendu beharko lituzkeen. Diputatu nagusiak azaldu duenez, pandemia egoera dagoeneko bi urtez luzatzen ari den honetan, “ezinbestekoa” da gipuzkoarrei entzun eta “gizartean pil-pilean dauden beharrizan, balio eta proposamenak” jasotzea. Horretarako “tresna eraginkorra” izaten ari da aipatutako egitasmoa eta dagoeneko 24 herri eta lau unibertsitate campusetan egon da, gipuzkoarrengandik 3.500 ekarpen baino gehiago jasoz. Ibilbide honetan guztian jaso diren eta jasoko diren ekarpen guztiak foru erakundearen aurrekontu parte-hartzaileen prozesuan kontuan izango dira, diputatu nagusiak jakinarazi duenez.

Hain zuzen ere, Soraluzen 491 ekarpen jaso zituen kapsulak. Soraluzeko biztanleek etorkizunari begira dituzten proposamen nagusiak ingurumenari eta udalerrirako beharrezkoak diren azpiegiturei buruzkoak dira, baita mugikortasunari buruzkoak ere.

Olanoren iritziz, lurralde osoan “gobernatzeko modua” eraldatzen ari da Etorkizuna Eraikiz. “Gipuzkoaren etorkizuneko desafioei erantzun asmoz, egitasmo hau 2016an martxan jarri zenetik, dagoeneko 125 herritarren proiektu sustatu ditugu, 32 proiektu esperimental abian dira eta bederatzi erreferentzia zentro garatu ditugu erronka sozial eta ekonomiko guztietan eragiteko”, aipatu du diputatu nagusiak.

  

2207