Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Aldundiak 75.000 euro bideratuko ditu ‘Via Irun’ hiri-berroneratzeko proiektura

Aldundiak 75.000 euro bideratuko ditu ‘Via Irun’ hiri-berroneratzeko proiektura

Diru-laguntza bideratuko da aurretiazko antolamendu- eta berrurbanizazio-azterketak egitera. Azterketa horiek ahalbidetuko dute antzinako trenbide zaharren eremua hirirako motor ekonomiko eta sozial bihurtzea.

Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak, Rafaela Romero diputatu sozialistak gidatuta, diru-laguntza emango dio Irungo Udalari, antzinako trenbide zaharren eremuan hiri-berroneratzeko eta hiri-berrikuntzako jarduketak egiteko eta eremu hori hiriarentzat motor ekonomiko eta sozial bihurtzeko.

 

2019ko hitzarmen bidez adostu zen bezala, udalarekin elkarlanean jarduteari esker, beharrezko azterketa teknikoak eta ekonomikoak egin ahal izango dira trenbide-inguruneko espazio degradatuen lehengoratze- eta berroneratze-lanak egikaritzeko eta finantzatzeko, instalazioak abiadura handiko trenera egokitzeko eta azpiegitura hori hiri-bilbean integratzeko, “Via Irun, hiri gara” proiektuan eta espazioan zehazten den moduan.

 

Rafaela Romero diputatuak Jose Antonio Santano Irungo alkatearekin batera bisitatu du lan-eremua, eta proiektu horren garrantzia azpimarratu du, Gipuzkoako bigarren hiriaren hiri-berroneratzea ahalbidetuko baitu; era berean, jardueraren izaera estrategikoa nabarmendu du, toki- eta eskualde-eremuaz haratago doan heinean. “Azterketa horri esker, hiri-paisaia aldatu ahal izango da eta lurzorua berreskuratu eta erabilera jasangarria ahalbidetuko da, baita mugikortasun lasai eta irisgarria ere; halaber, jarduera ekonomikoa, ikerketa, hezkuntza, etxebizitza eta aisia uztartzeko aukera emango duten erabilera berriak garatu ahal izango dira. Hori guztia Irungo herritarren bizi-kalitatea areagotze aldera”, aditzera eman du diputatuak. “Jasangarritasunean, inklusioan, ekitatean, garapenean eta berdintasunean oinarrituko den eta pertsonak ardatz izango dituen hiri-eredu berri baten zutoinak ezarri behar ditu, eta erronka horren aurrean Gipuzkoako Foru Aldundiak ezin zuen alde batera geratu”, gehitu du.

 

 

 “Via Irun, hiri gara" proiektuaren helburuen artean dago egungo trenbide-aztarna nabarmen murriztea eta, trenbide-instalazioen berrantolaketa integralaren ondorioz, libre geratutako trenbide-lurzoruak hiriarentzat berreskuratzea, hiri-barruti berritzaile bat sortuz.

 

Zehatzago, Irungo Udalari emandako 75.000 euroko diru-laguntza bideratuko da “Irungo trenbide-ingurunearen antolamendu-azterlana, Bentak eta Plaiaundi artean" azterketa finantzatzera. Azterketa horren helburua da Bentak eta Plaiaundi arteko korridore berdea proiektatzea eta gutxienez Bentak eta Erdialdea (Lopez-Becerra kalea) inguruneetarako antolamendu-proposamenak egitea. Azterketa horiek hiri osoko trenbide-ardatzaren ikuspegi integrala eskainiko dute, eta erakutsiko dute trenbide-trazaduratik datozen eta egungo erabileraz libre gera daitezkeen eta hiri-bilbean integra daitezkeen lurzoruak berronera daitezkeela eta Irun hiria hegoaldetik iparraldera lotuko duen korridore berde bihur daitezkeela.

 

 “Irisgarritasunak eta espazioa herritarren erabilerarako berreskuratzeak eragin zuzena du milaka pertsonaren eguneroko bizitzan, eta, lurralde txikia garen heinean, ezin ditugu hiri-espazioak "galdutzat" jo. Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak apustu irmoa egiten du garraio publikoaren bidez jasangarritasunaren eta lurralde-orekaren alde, eta honako jarduketa honen gisako jarduketak ezin hobeto egokitzen dira gure helburura, hau da, berdintasunezko hirigintza inklusiboa baten alde lan egiteko helburura, non egoera naturalari euts diezaioketen lurzoruak ez diren beharrik gabe okupatuko. Horrenbestez, garrantzi handikoa da korridore berde bihurtzea trenbide-azpiegituretatik datozen lurzoruak, Irunen kasuan bezalaxe” eman du aditzera Romerok.

  

1922