Aldundiak 75 plaza berri sortu ditu adinekoen egoitzen foru sarean
Aldundiak 75 plaza berri sortu ditu adinekoen egoitzen foru sarean
Orotara, Gipuzkoako gizarte baliabideen sare publikoak 102 plaza gehiago ditu 16 zentrotan itunduta: 75, adinekoen egoitzetan, eta 27, eguneko zentroetan.
Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusia eta Maite Peña Zainketa eta Gizarte Politiketako diputatua Irungo Inmaculada egoitzan izan dira gaur, eta bilera bat izan dute Nerea Alberdi koordinatzailearekin, Egoitz Urrutikoetxea GSRko kudeatzailearekin, Klaudia Luquita GSRko laguntzako zuzendariarekin eta zentroko langileen ordezkariekin.
Irungo Inmaculada zentroa joan den uztailaz geroztik plaza berriak itundu diren egoitza sarearen barnean dago, eta bost plaza gehiago hitzartu dira bertan. Gipuzkoako adinekoen egoitza sareak 75 plaza gehiago ditu orain, eta, horri esker, erantzuna ematen zaio adinekoen eta haien familien eskariari, gero eta handiagoa baita. 10 egoitzatan eta 6 eguneko zentrotan 102 plaza itundu dira guztira: 75 plaza, egoitzetan –horietatik 20 izaera psikogeriatrikokoak– eta 27 plaza, eguneko zentroetan –20, lanegunetan, eta 13, asteburuetan–.
Eider Mendoza diputatu nagusiak azpimarratu du zainketa eta adinekoen babesa Aldundiaren “lehentasunezko” helburua dela, eta horretarako lanean diharduela “egunez egun” lurraldeko egoitza zerbitzuak indartzen eta eraldatzen. “Lurralde solidarioa gara, pertsonen ongizatea zaintzen duena, bereziki adineko pertsonena. Adinekoak haien etxeetan ahalik eta denbora gehien bizi daitezen nahi dugu, nahi hori helarazten baitigute; eta, ezinezkoa den kasuetan, egoitza batean etxean bezala bizi daitezela, arreta pertsonalizatu eta berritzaile batekin, eta komunitatean haien lotura eta parte-hartzea beti mantenduta”, baieztatu du.
Diputatu nagusiak gogorarazi duenez, egoitzetan plaza gehiago sortuta, eta zahartzen ari den gizarte baten esparruan, Gipuzkoak “etorkizuneko egoitza sarea” prestatzen eta itxuratzen jarraitzen du. Mendozak Gipuzkoa osatzen ari den zainketa sistema berrian aurrera jarraitzeko konpromisoa berretsi du, adinekoentzako arreta “pertsonalizatuago, berritzaileago eta komunitatearekin konektatuago bat” eskaintzen baitu. Aditzera eman duenez, eraldaketa hori jada “errealitate bat” da, bere indarguneetako bat hirugarren sektore sozialeko erakundeekin –irabazi asmorik gabeko erakunde sozialekin– elkarlana duena. Horrez gain, Gipuzkoa babes sozialean “aitzindari” izatea eta “zainketaren abangoardian kokatzea” ahalbidetuko du.
Gipuzkoako Foru Aldundiak egoitza sare publiko oso sendoa du: 65 egoitza eta 5.251 plaza ditu; horri esker, lurraldean dauden plazen % 89 publikoak dira.
Foru Aldundiak ondo baino hobeto daki zerbitzu horien eskaria etengabe handitzen ari dela, pandemia aurreko kopuruetara iritsi baita berriro. Egoera horren aurrean, arretarako gaitasuna handitzearen garrantzia azpimarratu du, biztanleriaren zahartze progresiboari eta laguntza eta zainketa intentsiboak behar dituzten eta mendekotasun egoeran dauden pertsona kopuruaren hazkundeari aurre egiteko. Konpromiso horrek erakundearen asmo sendoa erakusten du aldatzen ari diren beharretara egokitzeko, eta gipuzkoar guztiei behar bezalako arreta bermatzeko.
Errealitate horri erantzunez, datozen urteetan plaza publiko gehiago sortzeko konpromisoa berretsi du Aldundiak. Helburu horrekin bat etorriz, une honetan hiru egoitza eraikitzen ari dira –Adinberri, Pasaian; Arbes, Irunen; eta Errezabal, Elgoibarren–, eta, horrela, 362 plaza berri sortuko dira hurrengo urteetan.
Zainketa eredu berrietarako transformazio prozesua
Horrez gain, Gipuzkoako Foru Aldundia bere zainketa ereduaren eraldaketan murgilduta dago, Gipuzkoa 2020>2030 Agendarekin lerrokatuta. Planteamendu horrek arreta pertsonalizatua, berritzailea eta komunitatearekin konektatua eskaintzen duten bizikidetza unitate murriztuak sortzea du helburu.
Gaur egun, hogeita hamar egoitza inguru birmoldatzeko eta eraldatzeko proiektuak gauzatzen ari dira, eta iaz hiru zentro ireki eta beste hiru berri sortu ziren. Hiru zentrotan egokitzapen lanak amaitu dira, hamar bat zentrotan birmoldaketa lanak egin dira, eta etorkizunerako planifikatuta daude beste hainbeste zentrotan. Proiektu horiek eremu irekiagoak eta komunitatearekin konektatuagoak eskaintzeko daude diseinatuta, banakako gelekin, espazio komun zabalekin eta zerbitzu berritzaileekin.
Horrela, Gipuzkoak zainketaren arloan aintzindari eta erreferente izatea du xede, adinekoak nork bere etxean ahalik eta denbora gehien bizi ahal izatea bermatzea eta, hori ezinezkoa denean, egoitzetan etxean egotearen sentsazio berbera eskainiko dien ingurunea aurkitzea.
Sortutako plaza kopurua zentroko
Adinekoen egoitzak:
- San Juan de Dios, Arrasate: 5 plaza.
- Debagoiena, Aretxabaleta: 5 plaza.
- Villa Sacramento, Donostia: 5 plaza.
- Bermingham, Donostia: 4 plaza.
- Lamourous, Donostia: 5 plaza, 9 plaza psikogeriatriko.
- Miramon, Donostia: 5 plaza, 9 plaza psikogeriatriko.
- Betharram, Hondarribia: 5 plaza, 2 plaza psikogeriatriko.
- San Gabriel, Hondarribia: 2 plaza.
- Inmaculada, Irun: 5 plaza.
- Uzturre, Tolosa: 10 plaza.
- San Juan, Zestoa: 4 plaza.
3302