Aldundiak 750.000 euro bideratuko ditu zahartze aktibo eta osasungarriarekin lotutako proiektu berrietara
Aldundiak 750.000 euro bideratuko ditu zahartze aktibo eta osasungarriarekin lotutako proiektu berrietara
Aldundiak 750.000 euro bideratuko ditu zahartze aktibo eta osasungarriarekin lotutako proiektu berrietara
Diputatuen Kontseiluak Adinberriren laguntzak onartu ditu, pertsonarengan oinarritutako arreta ereduetara bideratutako lerro berri bat barne
Diputatuen Kontseiluak laguntzak onartu ditu ‘Adinberri: zahartze aktibo eta osasungarriaren erronkak’ programarako, eta, horrela, Aldundiak 750.000 euro bideratuko ditu aurten helburu horretarako. Deialdiak bi dirulaguntza lerro ditu: lehenengoak, 500.000 euro ditu, eta helburu du zahartze aktibo eta osasungarriaren arloan aukera berriak sortuko dituzten ekimenak sustatzea Gipuzkoako enpresa sarean. Bigarrena berritzailea da, eta lerro horren bitartez 250.000 euro bideratuko dira prebentzioa eta pertsonen autonomia sustatzen dituzten proiektuetara, bai eta oinarri soziosanitarioa, komunitarioa eta enpresariala duten arreta eta zaintza eredu berrietara ere.
Jabier Larrañaga Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko diputatuak azaldu duenez, lehenengo kasuan, produktu eta/edo zerbitzuen garapena sustatuko da honako eremu hauetan: alde batetik, adinekoen bizitzarako eta garapenerako onuragarriak diren ingurune eta espazioak, betiere autonomia, irisgarritasuna, konektibitatea, egitura adimendunak, inklusibitatea edo ahalduntzea ahalbidetzeko eta errazteko xedez. Bestetik, prebentzio, zaintza eta arreta ereduak, adinekoen bizi kalitatea eta langileen lan baldintzak hobetuko dituztenak, bai eta sistema sozio-komunitarioaren hurbiltasuna, lankidetza eta eraginkortasuna sustatuko dituztenak.
Besteak beste, honako adibide hauek aipa daitezke: etxebizitzaren berregituraketa edo eraldaketa, tele-errehabilitazioa eta errehabilitazioa etxean, farmakoen tratamenduaren automatizazioa eta digitalizazioa, zaintzaileen karga fisikoa eta lan karga murrizteko automatizazioa, estimulazio kognitiboa, egoitzetan eta etxean integratutako domotikaren garapena, oheen sentsorizazioa, elementu motorizatuak, bideozaintza eta beste laguntza tekniko batzuk zaintza eta arretarako, eta etxez etxeko zerbitzuen eta laguntzako zerbitzuen garapena (janariak, garbiketa, zaintzak, kudeaketak, etab.). Iaz, 13 enpresak garatu zituzten adinekoen autonomiari edo bizi-kalitateari lotutako proiektuak deialdi honen bitartez.
Bigarren lerroaren bitartez, berriz, ekosistema soziokomunitario bat sustatu nahi da, zahartze alorreko aukerei proaktiboki aurre egiteko eta pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko. Kasu horretan, enpresez gain, hirugarren sektoreko entitateak eta ikastetxeak ere izan daitezke onuradun. Diruz lagundu daitezkeen jarduerak honako hauek izango dira: zaintzen, bakardadearen eta beste arlo interesgarri batzuen arloko prebentzio eta arreta proiektuak ezartzea, pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko baliagarriak izango direnak, hau da, komunitatearen lankidetza eta inplikazioa eta/edo komunitate sareen aktibazioa; digitalizazioaren bidez pertsonen eta/edo entitateen arteko harremanak indartzea; eta pertsonen autonomia handiagoa eta zahartze aktiboa lortzera bideratutako bizikidetzako eredu berriak eta hurbiltasuneko zerbitzu berriak bultzatzea.
Zehazki, jarduketa hauek aurreikusten ditu lerro horrek, besteak beste: bizikidetza eta lankidetzako dinamika komunitarioak sortzea, auzo-komunitateak dinamizatzea, teknologiak erabiltzea komunikaziorako, harremanetarako eta sare sozialetarako, belaunaldi arteko bizikidetza-ereduak eta etxebizitzak garatzea, sare solidarioa aprobetxatzea eta koordinatzea (farmaziak, merkatariak, auzo-komunitateak, etab.), adinekoen premiei erantzuten dieten finantza-zerbitzuen arreta sustatzea, eta bakardade egoerari aurrea hartzeko edo aurre egiteko trebetasunak eta harremanak garatzea.
Eskaerak aurkezteko epea deialdi hau GAOn argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta irailaren 17an amaituko da. Informazioa eta eskaeraren inprimakiak eskuragarri egongo dira Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko Departamentuaren web orrian: https://www.gipuzkoa.eus/es/web/ekonomia. Beste alderdi batzuen artean honako hauek balioetsiko dira: proiektuen kalitatea eta inpaktua, lankidetza izaera, eta Aldundia hedatzen ari den Adinberri estrategiarekin bat etortzea.
Larrañagak nabarmendu duenez, "Gipuzkoako bilakaera demografikoa eta zahartze aktibo eta osasungarriaren aldeko apustua aukeraz betetako etorkizuneko erronka da, bai arlo pertsonalean, bai sozialean eta baita ekonomikoan ere. Erronka horri aurre egiteko gure izaera komunitarioa eta solidarioa indartu behar dugu, eragin zuzena baitu pertsonen bizi-kalitatean, baina, halaber, egungo krisiaren aurrean ekonomia suspertzeko aukeratzat hartu behar dugu". Ildo horretan, 'Silver Economy' sistemaren esparruan Gipuzkoa "erreferentzia" gisa kokatzearen aldeko apustua egin du Aldundiak. "Gipuzkoan adinekoentzako konponbideak ekarriko dituen ekosistema bat garatzeko gaitasuna dugu, adinekoen eta zaintzaileen ongizaterako lagungarri izango dena, betiere enpresen gaitasun teknologikoak eta ezagutza, sistema sozio-sanitarioa, zentro teknologikoak eta ikerketa zentroak, eta gizarte zibil antolatua bateratuta. Eta, horrela, balioa, aberastasuna eta kalitatezko enplegua sortzen lagunduko da".
Eskualdeko garapena
Era berean, Kontseiluak oniritzia eman die Gipuzkoako sare sozioekonomikoa, eskualdeko ikuspegiaren ekarpenaren bidez, suspertzeko programako dirulaguntzei, eta, horrela, milioi bat euro bideratuko dira aurten dirulaguntza horietara: 700.000 euro, eskualdeko suspertze sozioekonomikoa bultzatzen duten proiektuak finantzatzeko, eta 300.000 euro, eskualdearen garapen estrategiko eta sozioekonomikorako garrantzitsuak diren proiektuetarako. Deialdia zuzenduta dago tokiko erakundeek eratutako Gipuzkoako tokiko garapeneko eskualde agentziei, mankomunitateei, eta eskualdean garapeneko agentziarik ez duten Gipuzkoako udalei. Horrela, eskualde mailako proiektuak babestuko ditu COVID-19ak sortutako krisiaren ondorioak minimizatzeko eta suspertze sozioekonomikoa bultzatzeko
Zehazki, lehenengo lerroak honako eremu hauek hartuko ditu, besteak beste: lankidetzari eta gobernantzari lotutako sareak, horien ingurune sozioekonomikoko egitura eta eragileak erakartzeko; ahalmenak, eskumenak, eta sektoreko balio kateen identifikazioa, eta baita horietan oinarritutako aukera egokiak ere; aukera ematen duten sektoreen identifikazioa eta sektore helduen birformulazioa; sektore arteko hibridazioa; ekonomia zirkularra; sorkuntza-industria; biozientziak eta osasuna; zibersegurtasuna eta negozio-aukerak zahartzearen arloan; eta eremu publikoko tresnak eta dinamikak zabaltzea, eskualdeen gaitasunak areagotzeko.
Aldundiak aurten berreskuratzen duen bigarren laguntza lerroari dagokionez, helburu du eskualdeen eraldaketa estrategikoa erraztuko duten proiektuak garatzea, ekonomia, gizarte eta ingurumen lehiakortasunari dagokionez, eta gizarte, ekonomia eta lurralde garapenean eta kohesioan eragina izango dutenak. 2019an, hainbat ekimen babestu ziren, hala nola Irun Bidea, Bidasoan trenbide eremuaren hiri-berrikuntza aurreikusten duena, eta Basque Precision Technology District ekimena Debabarrenan, eskualdea doitasun-teknologien erreferentzia industrial gisa jartzearen aldeko apustua egiten duena.
Dirulaguntzaren xede diren jarduerak laguntza eskatu ondoren hasiko dira martxan, eta 2022ko ekainaren 30a baino lehen amaituko dira. Kasu honetan ere, eskaerak aurkezteko epea aurtengo irailaren 17an amaituko da. "Eskualde guztietan susperraldi ekonomikoa bultzatzeko indarrak batzen jarraitu nahi dugu, eskualde bakoitzaren premia eta indarguneetatik abiatuta, eta betiere espezializazio adimendunaren aldeko apustua eginez eta Gipuzkoa orekatuago eta lehiakorrago baterantz aurrera eginez. Garapeneko agentziak ezinbesteko aliatuak dira erronka horretan; izan ere, errotuta daude, errealitatea ezagutzen dute eta sare ekonomikoarekiko hurbiltasuna dute, batez ere enpresa txiki eta ertainekiko eta autonomoekiko, horiei laguntzea lehentasuna baita gaur egun. Lankidetza gure bertuteetako bat izan da beti, eta egoera honetan gure itsasargia izaten jarraitu behar du", adierazi du.
Ekonomia Indartuz Gipuzkoako sare ekonomikoa babesteko eta eraldatzeko planaren egiturazko alderdian kokatu ditu Larrañagak gaurko Kontseiluak onartutako bi deialdiak. "Gure ongizatea, egungoa eta etorkizunekoa, ekonomia indartsu batetik abiatzen da. Gipuzkoako ekonomia eta ekoizpen jarduera indartzea ezinbestekoa da etorkizunean gure gizarte ongizateko eredua sendotzeko, eta Europan desberdintasunik txikiena duten lurraldeetako bat izaten jarraitzeko".
2678