Aldundiak 95,6 milioi eurotan murriztuko du bere zorra aurten
Aldundiak 95,6 milioi eurotan murriztuko du bere zorra aurten
Halaber, Diputatuen Kontseiluak EPEen 104 plazetako hautaketa prozesuak onartu ditu.
Gipuzkoako Foru Aldundiaren Diputatuen Kontseiluak aste honetan onartu du Foru Arau proiektua, 46,9 milioi euroko zorraren amortizazioa martxan jartzeko. Ezohizko ekarpen honi esker, 2019 urtean 95,6 milioi eurotan murriztuko du bere zorra foru erakundeak. Eider Mendoza bozeramailearen hitzetan, mugimendu hau azken urtetako kudeaketa onaren ondorio zuzena da: “Argi dago Aldundia ahalegin berezia ari dela egiten arlo honetan, erreferente bihurtzen ari dela. Finantza osasuntsuak izateak foru erakundea indartzen du, eta edozein egoeraren aurrean erreakzionatzeko prestatzen gaitu”, adierazi du.
Mendoza hedabideen aurrean agertu da gaur, atzo Arantzazun elkartu zen Aldundiaren Diputatuen Kontseiluan hartu ziren erabakien berri emateko. Azaldu duenez, erakundeak urte bukaeran izango duen zorra 432 milioi eurokoa izango da eta, ondorioz, %23 murriztu da 2015tik hona, orduan 562 milioi eurokoa baitzen. “Askotan aritzen gara etorkizunaren inguruan, Foru Aldundiaren bide orrian funtsezko elementua baita. Eta etorkizunaz ari garenean, jasangarritasuna hartu behar dugu kontuan. Izan ere, administrazio publiko bezala, gaurko beharrei erantzuteko gai izan behar dugu, baina baita biharkoei ere”, esan du.
Foru bozeramaileak azpimarratu duenez, Aldundia arduraz baina aldi berean ausardiaz ari da jokatzen arlo honetan, ekonomiak bizi duen momentu ona eta kudeaketa onaren fruituak baliatzen ari baita, alde batetik, etorkizuneko proiektuak bultzatzeko, hala nola zibersegurtasuna eta elektromugikortasuna bezalako sektoretan martxan jartzen ari den erreferentziazko zentroak; eta, aldi berean, erakundea indartzen ari delako finantzen ikuspegitik. “Gurea kudeaketa eredu arduratsua da, epe motz eta luzeak uztartzen dituena. Pixkanaka-pixkanaka, iraganeko motxilak deuseztatzen ari gara, eta horrek maniobra gaitasuna emango digu etorkizunean izan dezakegun edozein egoeraren aurrean”, aldeztu du.
Enplegu Publikoko Eskaintza
Mendozak bigarren gai bati ere egin dio erreferentzia, oraingo honetan funtzio publikoaren arloan. Zehazki, Diputatuen Kontseiluak 104 plazen hautaketa prozesuak onartu ditu, bere Enplegu Publikoko Eskaintzen (EPE) testuinguruan. “Ahalegin berezia ari gara egiten esparru honetan. Helburua gure administrazioa herritarren beharrei erantzuteko gai izatea da, gure langileek duten ezagutzari eutsi eta talentu berria erakartzea”, azaldu du.
Foru arduradunak gogoratu duenez, pasa den urteko azaroan 338 plaza zituen EPE masiboa onartu zuen Aldundiak, eta uztailean beste 72 plaza gehitu zizkion, 2019ko EPEari dagozkionak. Orain, Gobernu Kontseiluak plaza horietako 104ren hautaketa prozesuak jarri ditu martxan: artxibo eta zerbitzu orokorreko ofizialeen hiru plaza; zerga agenteen hamaika plaza; obra eta proiektuetako teknikari laguntzaileen hamabi plaza; delineatzaileen zazpi plaza; Ogasuneko erdi mailako teknikarien hogeita bat plaza; Ogasuneko goi mailako teknikarien hogeita bost plaza; psikologoen sei plaza; berdintasuneko goi mailako teknikarien lau plaza; arkitektoen sei plaza; albaitarien lau plaza; ingurumeneko goi mailako teknikarien hiru plaza; itzultzaile-interprete goi mailako teknikarien bi plaza.
Deialdi hauen xehetasunak, gaitegiak eta azterketan datak, datorren irailaren 9ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira. “Prozesu hauei guztiei esker, Gipuzkoako Foru Aldundia garai berrietara egokituko da, belaunaldi erreleboa erraztu eta aldi berean esperientzia eta ezagutza galera ekidinez. Ondo prestatutako jendea behar dugu, etorkizuneko administrazio publikoa osatuko duen belaunaldi berria”, nabarmendu du.
4.0 industria
Bestalde, Diputatuen Kontseiluak 200.000 euroko diru partida onartu du, Etorkizuna Eraikizeko Lurralde Garapenerako Laborategiak 4.0 industriaren arloa jorratzen jarraitu dezan. Plataforma honen bitartez, lankidetzazko gobernantza eredu irekia lurraldean hedatu nahi du foru erakundeak, eragile ezberdinen lana lerrokatuz (Aldundia, garapen agentziak, lanbide heziketa, Innobasque, Lanbide…) Gipuzkoarentzako interesgarriak diren arloetan. Hauen artean dago 4.0 industria.
“4.0 industriak sekulako garrantzia du gure lurraldearentzat. Gure enpresa ehuna konpainia txiki eta ertainek osatzen dute, eta administrazio publikoek gure enpresei lagundu behar diegu, teknologia berrien trena ez dezaten galdu. 4.0 industria etorkizuna da, eta geratzeko etorri da”, azpimarratu du. Onartutako baliabide partida honen bitartez, eta lurraldeko enpresa txiki eta ertainen egoera aztertu ondoren, 4.0 industriak dituen abantailak hedatuko dituen programa landuko du Laborategiak.
Uda ikastaroa
Azkenik, foru bozeramaileak agerraldia baliatu du bihar Miramarren egingo den ‘Etorkizuna Eraikiz, kultura politiko berria’ uda ikastaroaren berri emateko. Ikastaroa Etorkizuna Eraikiz ekimenaren testuinguruan kokatzen da, Aldundiak aurreko legealdian martxan jarri zuen ekimena. Honen bitartez, herritarren eta gizarte antolatuaren partaidetza bideratuko duen eredua jartzen ari da martxan, guztion artean etorkizuneko Gipuzkoa eraikitzeko.
“Kurtso honen bitartez, egungo munduan eratzen ari den kultura politiko berria ezagutuko dugu, herritarrek politikarekiko duten iritzia aztertuko dugu era sakonean eta politikan parte hartzeko modu berriak landuko ditugu”, azaldu du Mendozak. Programak entzute handiko hizlariak ditu, hala nola, Done Jakue Unibertsitateko politologoa den Anton Losada edota Complutense Unibertsitateko Metodologia irakaslea den Carolina Bescansa. “Pil-pilean dagoen gai bati heltzen dio ikastaroak eta ziur nago adituen zein herritarren interesa piztuko duela”, nabarmenduko du.
2493