Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Aldundiak adituen foro bat abiarazi du indarkeria sexistaren aurkako politikak definitzeko

Aldundiak adituen foro bat abiarazi du indarkeria sexistaren aurkako politikak definitzeko

Soledad Murillo, Socorro Álvarez, Cristina Fabré eta Miren Ortubay gonbidatu dituzte bi urtez jardungo duen foroaren lehen topaketara

Gipuzkoako Foru Aldundiak gaur jarri du abian berdintasunari buruzko eztabaida gunea, emakumeen aurkako indarkeriari aurre egiteko xedez. Ekimen hori Gipuzkoan emakumeen aurkako indarkeriari aurre egiteko Aurre! Foru Planaren barrukoa da, eta zazpi saiotan garatuko da, 2018 eta 2019 urteetan. Foru planak ikerketaren arloan aurreikusten dituen ekintzen artean dago lan esparru hori, eta arlo horretako adituen eta eragile estrategikoen hausnarketarako gune bat eratzea du helburu, indarkeria matxistaren aurkako foru politika indartzeko eta etorkizunean gaiaren inguruko kluster bat eratzeko asmoz. «Genero indarkeriaren aurkako estatu ituna» izan da gaurko saioan aztergai, eta itun horrek Aldundiaren politika publikoei dakarzkien erronkak eta aukerak ere aztertu dituzte.

 

Lehen topaketaren honetan, hainbat adituk hartu duten parte hausnarketarako gunean, hala nola Soledad Murillok, Socorro Álvarezek, Cristina Fabrék eta Miren Ortubayek. Lau aditu horiek lan bilera bat egin dute aurrez Markel Olanorekin. Gipuzkoako diputatu nagusiak Aldundiak indarkeria matxistari aurre egiteko gauzatu dituen ekimen desberdinen berri eman die, eta Etorkizuna Eraikizen barruan garatu dituzten berdintasun eta kontziliazio proiektuei buruz aritu dira, besteak beste. Bertan izan dira, foru erakundearen izenean, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Organoaren zuzendari Miren Elgarresta eta Gizarte Politikako diputatua Maite Peña, eta baita  bi zuzendaritza horietako teknikariak ere, Elhuyar eta Sortzen aholkularitza enpresetako adituekin batera.

 

Markel Olanok nabarmendu du Aldundiak konpromiso sendoa duela Gipuzkoa emakume eta gizonen arteko berdintasunaren arloan erreferentziazko gizarte bat izan dadin lan egiteko. Foru erakundearen helburu estrategikoetako bat da, hain zuzen ere, pertsonen arteko desberdintasun txikiena duen lurraldeetako bat izatea, baita genero kontuan ere. Ildo horretan, zera baieztatu du Marek Olanok: adituen foro berri honi esker, eta Aurre! Foru Plana, Kontziliazio erantzunkiderako Foru Plana, Indarkeria sexistari erantzun publikoa emateko protokolo instituzionala eta Etorkizuna Eraikiz prozesua martxan jarriz, «Gipuzkoa lurralde aitzindari bihurtuko dugu berdintasunaren arloan».

 

Lehen saio horretan parte hartu duten emakume adituek «genero indarkeriaren aurkako estatu ituna» aztertu dute, nork bere lan esparrutik edo ibilbide profesionaletik. Soledad Murillo Soziologian doktorea da, eta Genero Indarkeriaren aurkako Legearen eta Emakumeen eta gizonen berdintasunerako Espainiako Legearen inspiratzaile nagusietako bat. Horrez gain, Nazio Batuen Erakundeko Emakumeen Diskriminazioaren Aurkako Batzordeko (CEDAW) kide da, eta hark azaldu ditu erabakiak jasotzen dituen puntuak.Socorro Álvarez, berriz, Emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko arloaren arduraduna da Emakunden, eta itun horrek Euskadiren eskumenetan izan dezakeen eragina aztertu du. Bestalde, Cristina Fabrék, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren Etxeko Indarkeriaren eta Genero Indarkeriaren aurkako Behatokiaren unitate buruak, itunaren interpretazio bat aurkeztu du, esparru juridikotik. Azkenik, EHU/UPVko Zuzenbideko irakasle Miren Ortubayk elkarteen eta mugimendu feministaren ikuspegitik egindako irakurketa bat eskaini du.

  

2121