Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Aldundiak aitortu eta eskertu egin du DYAk COVID-19aren aurkako borrokan egiten duen "lan handia"

Aldundiak aitortu eta eskertu egin du DYAk COVID-19aren aurkako borrokan egiten duen "lan handia"

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta DYAk elkarrekin egindako lanari esker, 2020ko uztailetik, 108.048 PCR egin dira Gipuzkoako egoitzetan, langile eta egoiliar bakoitzeko 10 baino gehiago.

Gipuzkoako diputatu nagusiak, Markel Olanok, eta Gizarte Politikako foru diputatuak, Maite Peñak, DYAren Donostiako egoitza bisitatu dute gaur goizean. Bilera bat egin dute elkarteko arduradun gorenekin, Irene Tapia eta Maider Makazaga, elkarteko lehendakari eta gerentearekin, hurrenez hurren. Pandemiaren bilakaerari buruzko analisia partekatzeaz eta pandemiaren ondorioz sortzen ari diren erronkak aztertzeaz gain, Olanok eskerrak eman nahi izan dizkio DYAri, Gipuzkoako egoitza baliabideetan, “egungo testuinguruan hauskorrenak eta zaurgarrienak diren pertsonak bizi diren lekuetan”, COVID-19a "kontrolatu eta prebenitzeko" egiten ari den "lan handiagatik".

          2020ko uztailetik, Gipuzkoako Foru Aldundiko taldeen eta DYAko profesionalen arteko lanari eta lankidetzari esker, "prebentziozko 108.000 PCR baino gehiago egin zaizkie Gipuzkoako egoitzetako egoiliarrei eta langileei; horrek esan nahi du batez beste 10 PCR egin zaizkiola pertsona bakoitzari", adierazi du diputatu nagusiak. PCR masiboak egitea prebentzio neurri "ezinbestekoa eta eraginkorra" izan da, egoitza zentroetan gertatzen dena "denbora errealean" ezagutzeko eta birusaren hedapena geldiarazteko aukera ematen duelako. "Pandemiaren hasieratik, apustu sendoa egin dugu COVID-19ari aurrea hartzeko eta prebenitzeko, eta hori izan da giltzarria birusa zentroetara ez sartzeko eta, kasuan kasu, hedapena geldiarazteko", gaineratu du.

          Adinekoen egoitza guztietan Pfizer/Biontech-en txertoaren bi dosiak jarrita dauden arren, prebentziozko mapaketak egiten jarraitzen da, langileen eta egoiliarren artean egon daitezkeen kasu positiboak atzemateko.  "Egoitzetako egoera nabarmen hobetu da, baina oraindik goiz da txertoen etorrerak planteatzen digun agertoki berria ezagutzeko; horregatik, erne jarraitzen dugu, prebentziozko PCRak egiten jarraituko dugu eta osasun agintariekin harreman estuan, protokoloak nola eta noiz malgutu ahal izango diren erabakitzeko, bisitei eta irteerei dagokienean", azaldu du Markel Olanok.

 

Ekarpen komunitarioa

PCR probak egiteaz gain, azaroaz geroztik, DYAko taldeek eta anbulantziek COVID-19an positibo diren egoiliarrak eramaten dituzte lurraldeko erreferentzia zentroetara, hau da, Eibarko Ospitaleko Torrekua solairura eta Ordiziako San Jose zentrora.  Hiru hilabete eta erdian, 220 lekualdaketa egin dira birusa zentroetatik "ateratzeko", egoitzetan kutsatzerik egon ez dadin.

          Olanok publikoki aitortu nahi izan du DYAren lana eta profesionaltasuna, bai eta bere "ekarpen komunitarioa" ere, Gipuzkoaren egiteko moduaren erakusgarri.  "Joan den martxotik, Gipuzkoak lurralde solidarioa dela frogatu du, sarean lan egiten jakin dugu, eta administrazioen, herritarren eta hirugarren sektore sozialaren arteko lankidetza funtsezkoa izaten ari da pandemiari aurre egiteko orduan".  Amaitzeko, diputatu nagusiak adierazi du DYAk "besteei laguntzeko beren onena ematen ari diren" 500 boluntarioren eta 28.000 bazkideren laguntza jasotzen duela.

  

1835