Aldundiak argi berdea eman dio Irungo Arbes egoitza berriaren eraikuntzari
Aldundiak argi berdea eman dio Irungo Arbes egoitza berriaren eraikuntzari
Egoitza 2026an egongo da martxan, eta adinekoentzako 130 egoitza-plaza eta desgaitasuna duten pertsonentzako 26 egoitza-plaza izango ditu.
Gipuzkoako Foru Aldundiak Irungo Arbes egoitza berriaren proiektua onartu du gaur Diputatuen Kontseiluan. Eider Mendoza, Gipuzkoako diputatu nagusia, Maite Peña, Zainketa eta Gizarte Politiketako diputatua eta Cristina Laborda, Irungo alkatea prentsaurrekoan agertu dira gaur, hartutako erabakiaren eta egoitza berriaren xehetasunen berri emateko. Egoitza berria eraikitzeko proiektuaren arabera, 130 plaza sortuko dira adinekoentzat, zazpi bizikidetza-unitatetan banatuta, eta 26 plaza desgaitasuna duten pertsonentzat, bi unitatetan banatuta. Horrez gain, eguneko bi zentro sortuko dira, adinekoentzako 30 plaza eta desgaitasuna duten pertsonentzako 25 plaza dituztenak, eta tutoretzapeko 48 apartamentu, mendekotasunik ez duten 50 adinekorentzat.
Erakunde adjudikazioduna Arbesko Egoitza da (GSR kooperatibak, Kreanek, eta Altuna y Uriak osatzen dute), eta bera arduratuko da proiektua idazteaz, 24 hilabeteko egikaritze-epearekin zentro berria eraikitzeaz, abian jartzeaz eta 22 urtez kudeatzeaz, 270,9 milioi euroko balioarekin. Lanak irailean hasi eta 2026an amaituko dira. "Garrantzi handiko" proiektua da, bai Irunentzat, bai Gipuzkoa osoarentzat, Eider Mendozaren hitzetan, "gure lurraldeak zainketei dagokienez bizi duen eraldaketaren beste adibide bat da"; izan ere, Arbesen osatuko den espazioaren eta emango den zerbitzuaren diseinua lurraldean zabaltzen ari den zainketen eredu berriaren ondorio izango da, arreta pertsonalizatuagoa, berritzaileagoa eta komunitatearekin konektatuagoa eskainiz.
Zentzu horretan, gogorarazi duenez, hemendik 2027ra Aldundiak 3 egoitza berri eraikitzea aurreikusi du: Arbes Irunen, Adinberri Pasaian –obretan– eta Errezabal Elgoibarren –esleituta–. Era berean, lurraldeko hogeita hamar bat egoitza birmoldatzen ari dira, beren arkitektura eredu berri horretara egokitzeko. Eredu berri hori, besteak beste, bizikidetza-unitate txikiagoetan eta egoiliarrentzat giro etxekoagoa duten bizikidetza-unitateetan oinarritzen da.
"Gipuzkoa adinekoentzako arreta- eta zainketa-ereduaren eraldaketan murgilduta dago. Arbeseko egoitzak balio handiko ekarpena egingo dio Iruni eta lurralde osoari, apustu hori hedatzeko eta etorkizuneko zainketetarako trantsizioa gauzatzeko", zehaztu du diputatu nagusiak. Gogorarazi duenez, egoitza berriaren proiektua aurreko legegintzaldiaren amaieran aktibatu zen, baina geldialdi bat izan zuen COVID-19aren pandemia iritsi zenean. Pandemiaren ondoren, Aldundiak proiektua berrabiarazi du, garai berrietara egokituta eta Gipuzkoako adinekoen egoitzen sarean, hirugarren sektore sozialarekin eta udalekin lankidetzan, bultzatzen ari den aldaketa sistemikoaren "aitzindarietako bat" bezala.
Eider Mendozak azpimarratu duenez, Foru Aldundiaren helburua da Gipuzkoa zainketen lurralde "abangoardista" bihurtzea, pertsonengan oinarritutako eredu berritzaile batekin, komunitatearen parte-hartzearekin eta egoiliarren eta langileen bizitza hobetuko
duten berrikuntza teknologikoen erabilerarekin. Diputatu nagusiaren hitzetan, trantsizio hori gauzatzea "erabateko lehentasuna" da Aldundiarentzat. "Gipuzkoan, zorionez, punta-puntakoa eta aitzindaria den gizarte politiken eredu bat dugu, hirugarren sektore soziala osatzen duten irabazi-asmorik gabeko erakundeekiko lankidetzan oinarritua, eta indargune hori baliatu nahi dugu eredu berrirako trantsizioan aurrera egiten jarraitzeko", adierazi du, eta gaineratu du, zentzu horretan, Arbesko egoitza berria "erreferentzia argia izango dela Gipuzkoan garatzen ari garen zainketen eredu berri honetan".
Gipuzkoako Foru Aldundiaren jardunaren ardatz nagusia da pertsona guztien "ongizate integrala" sustatzea eta babestea, eta, horretarako, "funtsezkoa da zainketen kalitatean eta pertsonalizazioan are gehiago aurrera egitea". "Gizarte gisa, adinekoei ahalik eta arretarik onena zor diegu. Gipuzkoa, hain zuzen ere, lankidetzaren bidez berritzen ari da norabide horretan urratsak ematen jarraitzeko eta adinekoei, egungo ongizate maila haiei zor baitiegu, etxean arreta pertsonalizatua eman ahal izateko eta, etxean ez bada, etxean bezala sentitzeko", adierazi du.
Auzoari irekitako egoitza bat
"Konplexutasun handiko espedientea da, baina Foru Aldundiko teknikariek, Irungo Udaleko teknikariekin elkarlanean, hilabete asko lanean eman ondoren, errealitate bihurtu da", adierazi du Maite Peñak. Obraren aurrekontua 32.421.183,97 eurokoa da, eta prozesuaren hurrengo urratsa izango da egikaritze-proiektua eta azterketa tekniko osagarriak egitea (segurtasuna, osasuna, kalitate-kontrola eta hondakinen kudeaketa).
Peñak zehaztu duen bezala, egoitzak 6.913 m2-ko lurzati trapezoidal bat hartuko du, guztira 19.363,32 m2-ko azalera eraikia duena, Irungo Arbes auzoan, "eta auzoari irekitako espazio bat eratuko du, non komunitatearekiko lotura lehenetsiko den". Egoitza zentroak, bere zerbitzu eta instalazioen artean, kafetegi bat eta kanpoko urbanizazio bat izango ditu, erlazio hori ahalbidetzeko.
Mendekotasun-egoeran dauden adinekoentzako egoitzak zazpi modulu izango ditu guztira, 19 plazako lau bizikidetza-unitate, 20 plazako beste bi unitate, eta arreta psikogeriatrikoko unitate bat, 14 plazarekin. Eremu komunek hall bat, kontrol-postu bat, kafetegia, egongelak, jantokiak, ikus-entzunezko gela, eremu komunak, ile-apaindegia, podologia, fisioterapia, bilera-gelak eta bulegoak izango dituzte.
Gune horretan 12 eta 14 plazako bi egoitza-modulu ere egongo dira, desgaitasun larria duten pertsonentzat, guztira 26 plazarekin. Gainera, eguneko bi zentro ere eraikiko dira, adinekoentzat 30 plazarekin eta desgaitasuna duten pertsonentzat 25 plazarekin. Tutoretzapeko 48 apartamentu ere gaituko dira adineko autonomoentzat, 50 plazarekin eta udal-eskumenekoak izango dira, Irungo Udalarekin sinatutako hitzarmenaren baitan, izan ere, Udalak Aldundiari laga zion lursaila eta Aldundiak finantzatuko ditu tutoretzapeko apartamentuetako 50 plazak.
"Funtsezko" proiektua Irunentzat
Bestalde, Cristina Laborda Irungo alkateak azpimarratu duenez, "adineko pertsonen ongizateak lehentasuna izan du beti Irungo Udalarentzat, eta hiriaren behar historiko bati erantzungo dion proiektu baten aurrean gaude. Zalantzarik gabe, gure adinekoen bizi-kalitatea hobetuko duen ekipamendua da, Aldundiarekin lankidetzan egiten ari dena”.
Egoitza-zentroaren baitan hainbat zerbitzu eta azpiegitura aurreikusten dira. Zehazki, Irungo Udalak tutoretzapeko apartamentuetako 50 plazak jarriko ditu martxan, udalaren eskumena baita. Alkatearen hitzetan, "ekipamendu honek helburu garrantzitsuak beteko ditu, hala nola, erabiltzaileak komunitatean egon daitezen erraztea, autonomia pertsonala eta gaitasunak hobetzea, isolamendu-egoerak saihestea edo segurtasun-sentimendua erraztea".
Aldi berean, Irungo Udalak aurrera egiten du proiektu hori gauzatzeko beharrezko urratsak emanez. Hala, joan den asteazkenean, apirilaren 17an, tokiko gobernu batzarrak Arbesko Errota-Arbes bideko 1 faseko ET aireko linea desbideratzeko obrak kontratatzea onartu zuen. Proiektu honek urbanizazio- eta eraikuntza-obrek eragindako lurzatia gurutzatzen duen erdi-tentsioko aireko linea bat lurperatzeko lanak aurreikusten ditu. Azken horiek hasteko, ezinbestekoa da aipatutako lurperatzea eginda egotea, eta, beraz, beharrezkoa ikusten da lurzatia urbanizatzeko lanen lehen fase gisa, aipatutako erdi-tentsioko aireko linea elektrikoa desmuntatzea eta lurperatzea. Oro har, urbanizazio-eragiketa osoak 2.700.000 euroko udal-aurrekontua du.
3457