Aldundiak ateak ireki ditu Gabonetako jaiotza animatua bisitatzeko
Aldundiak ateak ireki ditu Gabonetako jaiotza animatua bisitatzeko
Gaurtik aurrera, Gipuzkoako Belenzaleen Elkarteak sortu eta diseinatu duen jaiotza ikusi ahal izango da foru jauregiaren ohorezko sarreran
Aldundiko bozeramaile eta Gobernantza diputatuak, Irune Berasaluzek, gaur aurkeztu du Gipuzkoako Foru Aldundiaren Gabonetako jaiotza tradizionala. Herritarrek ikusgarri izango dute urtarrilaren 6ra arte foru jauregiaren ohorezko sarreran. Aurten, berrikuntza gisa, belena animatua izango da. Jaiotzaren ate irekieran, Gipuzkoako Belenzaleen Elkarteko María Castillo eta Begoña Lamy ere izan dira. Biek parte hartu dute bere diseinuan eta muntaketan.
Bere aurkezpenean, Berasaluzek, herritarrak gonbidatu ditu jaiotza ikusgarri hau ikustera “ia 50 urtez gure Gabonen ezaugarri dena” eta “oraingoan mugimenduz hornitu duguna, bertaratzen diren pertsona guztiek, heldu zein txiki, oraindik are gehiago lan eder honekin disfrutatu ahal izan dezaten”.
Aurtengo jaiotzak dimentsio handiagoa du aurreko edizioekin alderatuta. Jaiotza biblikoa edo hebrearra da, eta duela bi mila urte Palestinan zeuden paisaia eta ohiturak irudikatzen ditu. Jaiotza tradizional bateko eszena eta irudi tipikoez gain, hala nola misterioa, artzainek beren artaldeekin edo Errege Magoek haurra gurtzen duten eskaintza, merkatuko egun batean kokatzen gaituzten eguneroko eszenak ere erakusten ditu. Hala, garai hartan egiten ziren lanbide desberdinak irudikatzen dituzten irudiak ikus daitezke: okina, irulea, zorroztailea, gaztandegia, errementaria, etb. Guztira 14 irudi dira, batez ere oihalez eta buztinez eginak, beste osagarri batzuekin batera.
Jaiotza egiteko, aurreko urteetako materiala birziklatu da. Horrela, eraikin historiko garrantzitsuak eta irudiak birmoldatu dira eta jaiotza honetan bizitza berri bat hartu dute.
Gipuzkoako Belenzaleen Elkartea 1947an sortu zuten Juan Pérez Cuadradok eta Santiago Carrerok, eta 1975etik arduratu izan da Foru Aldundiko jaiotza sortzeaz. Euskadin sortu zen lehen elkartea da, eta Europako Federazioaren sortzaileetako bat. Bere ibilbide luze eta oparoan, beti nabarmendu da bere lanen kalitateagatik, eta halaxe aitortu izan zaie hemen nahiz kanpoan.
Jaiotza, gaurtik aurrera egongo da irekita jendearentzat. Ordutegia da 11:30etik 13:30era, eta 17:00etatik 19:30era, asteko egun guztietan. Abenduaren 24an, berriz, gaueko 20:30ak arte bisitatu ahal izango da.
1147