Aldundiak barne ekintzailetzako proiektu pilotu bat sustatuko du Gipuzkoako 6 enpresatan
Aldundiak barne ekintzailetzako proiektu pilotu bat sustatuko du Gipuzkoako 6 enpresatan
Helburua da ezagutza eta jardunbide egokiak sortzea ETEetan ekintzailetza orokortzeko, bereziki industria sektorean
Foru Aldundiak abian jarri du 'Gaitzen: Barne Ekintzailetza Eraikitzen Gipuzkoako enpresetan' programa, Gipuzkoako industria arloko enpresa txiki eta ertainetan enpresa-ekintzailetza sustatzeko. Lurraldeko 6 enpresatan garatuko den proiektu pilotu bat da, eta barne hartuko ditu Mondragon Unibertsitatea, aholkularitza enpresak eta ekintzailetzari laguntzeko ekosistemako eragileak. Proiektuaren helburua da enpresei metodologia bat ematea, eta eremu horretan enpresak sentsibilizatzeko eta gaitzeko tresnak identifikatzea. Horretarako, ibilbide orri bat zehaztuko da, berrikuntza kontuan hartuko duena maila guztietan –produktua, prozesua, merkatua, antolaketa eta talentua–, negozio lerro edo unitate berriak edota enpresa berriak sortzeko.
Proiektua, Etorkizuna Eraikizen barruan kokatua, aurten burutuko da eta 280.000 euroko aurrekontua izango du. Parte hartzen duten enpresek gaian adituak diren aholkularitza enpresen banakako laguntza izango dute, bai eta hainbat baliabide eskuratzeko aukera ere, pertsonen eta erakundearen berezko gaitasunei ahalik eta etekinik handiena ateratzeko. Horretarako, barne dinamika jarraitua eta inguruneari irekia izango dute, negozio aukera berriak sustatzeko. Prozesu horren barruan, eta parte hartzen duten eragile guztiekin lankidetzan, barne ekintzailetzaren arloko prestakuntza programak diseinatzeko, prototipoak egiteko eta testatzeko ekintzak egingo dira, eta funtsezko lau zutabetan oinarritutako ereduak probatu eta proposatuko dira: estrategia; kultura eta pertsona ekintzaileak; ideiak, proiektuak eta emaitzak; eta ingurunearekiko lotura.
Parte hartuko duten enpresak Zue Calderería, Zubiola, Ormola, Lazpiur, Soraluze eta Bokado Taldea izango dira. Horiek guztiek une bakoitzean behar dituzten gaitasunak eta baliabideak eskuratu ahal izango dituzte (teknologia, finantzaketa, kontaktuak, gaikuntza, ezagutza, etab.), baita negozio berrien sorreran inplikatutako pertsonentzako prestakuntza tresnak ere, honako hauen eskutik: Mondragon Unibertsitatea, zeinaren prestakuntza eskaintzaren artean Barne ekintzailetza eta Elkarlaneko Berrikuntza masterra baitago, eta BIC Gipuzkoa.
Gaitzen programak lau helburu handi lortu nahi ditu: lagundutako enpresen ekintzailetza profila hobetzea; barne ekintzailetzari laguntzeko eragileen ekosistemaren aldetik hobeto ezagutzea lurraldeko enpresei laguntza egonkorra emateko prozesuaren eskakizunak; ETEentzako barne ekintzailetzaren inguruan sentsibilizatzeko eta trebatzeko oinarrizko eredu bat sortzea, enpresa parte-hartzaileen artean probatua; eta Gipuzkoako barne ekintzailetzaren etorkizuneko behatoki bat garatzeko oinarriak ezartzea. "Azken batean, helburua da esperimentatzea industria arloko gure enpresa txiki eta ertainentzat onuragarriak izan daitezkeen jardunbide egokiak eta ezagutza lortzeko, hain zuzen ere enpresa horien etorkizuna bermatzeko bere burua berrasmatzea funtsezkoa den testuinguru batean. Barne ekintzailetza oso lan-ildo garrantzitsua da gure ekonomia indartzeko", azaldu du Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko diputatu Jabier Larrañagak.
Aurretiko azterlana
Gipuzkoako ia 60.000 enpresen % 99k 50 langile baino gutxiago dituzte eta enpleguaren % 62 biltzen dute. Lurraldean 4.500 ETE baino gehiago daude, eta horietatik 1.200 inguru industria arlokoak dira. Horietatik, ia erdiek 20 langile baino gutxiago dituzte. Aldundiak iaz bultzatutako azterlan baten arabera, industria arloko ETE gehienek, ia % 80k, ez dute esperientzia esanguratsurik barne ekintzailetzako praktiketan eta jardueretan. Oro har, enpresa txikiak dira, familiakoak, negozio edo teknologia bakar batean zentratuak, produktu propiorik gabeak eta beste batzuek azpikontratatuta lan egiten dutenak, hornitzaile gisa, etab.
Horri gehitu behar zaio ingurunearen etengabeko aldaketa, 4.0 industriaren eta teknologia berrien agerpena, Covid-19aren krisiaren ondoriozko jarduera-galera, edo balio sektoreak eta kateak, bereziki globalak, hausteko eta berregituratzeko prozesua. "Egia esan, gero eta zailagoa da lehia-abantailei eustea, estatikoegiak diren eta negozio nagusi bakar batean ardaztuta dauden posizionamenduetatik; horregatik, proiektu honen bidez, enpresa horiei beren jarduera dibertsifikatzeko eta orain arte esploratu ez diren merkatu-guneetara iristeko aukera emango dien kultura bat zabaldu nahi dugu. Kultura inkonformista, berritzailea eta ingurune lehiakorraren aukeretara eta aldaketetara etengabe egokitzeko prestatua", adierazi du diputatuak.
Larrañagak azpimarratu duenez, kultura hori barneratzea "funtsezkoa da Gipuzkoako industria-sarea" eta sektore horrek eskaintzen duen enplegua finkatzeko. Erronka handia da, kontuan hartzen badugu Euskadiko barne ekintzailetzako jarduera tasa (% 1, 2018) Europar Batasuneko batezbestekotik (% 5,8) urrun dagoela. "Jakin badakigu, askotan, enpresak egunerokotasunean hain zentratuta egoten direnez zailtasunak izaten dituztela tarte bat hartzeko etorkizunari buruz, merkatu eta produktu berriei edo egiteko modu berriei buruz, talentua erakartzeko, atxikitzeko eta fidelizatzeko moduari buruz pentsatzeko. 'Gaitzen' programaren bidez, tresnak eskaini nahi ditugu ekintza horiek enpresen funtsaren eta egunerokotasunaren parte izan daitezen; izan ere, ideia eta proiekturik onenak, sarritan, konpainiek berek dituzten ezagutza eta gaitasunetatik sortzen dira".
Barnetekin
Programa honekin, Aldundiak urrats berri bat eman nahi du hutsetik hasten ez den bide batean; izan ere, foru erakundeak aspalditik dauka Barnetekin programa, eta horren bidez laguntzak ematen dira barne ekintzailetza korporatibotik agertutako enpresa berriak sortzeko. Iaz, deialdi horren bidez, 30 konpainia sortu ziren. "Aspaldidanik daude baliabide ekonomikoak arlo horretan; beraz, Gaitzen programarekin ekintza horiek osatzen ditugu alderdi kualitatiboan eraginez eta beharrezkoak diren baldintzak sortuz, arina eta aurrea hartzeko gai izango den Gipuzkoako industria arloko ETE eredu bat hedatzeko", esan du amaitzeko.
1830