Aldundiak Belabietako tunela berrituko du, segurtasun-sistemak indartzeko
Aldundiak Belabietako tunela berrituko du, segurtasun-sistemak indartzeko
A-15eko tunelik luzeeneko obrek –1.836 metro luze da– ia 15 milioi euroko inbertsioa ekarriko dute; obrek 10 hilabeteko iraupena izango dute, eta bitarte horretan trafikoa bypass bidez erregulatuko da.
Gipuzkoako diputatu nagusi Markel Olanok eta Bide Azpiegituretako foru diputatu Aintzane Oiarbidek Belabietako tunela bisitatu dute gaur goizean, A-15aren Gipuzkoako zatiko tunelik luzeena berritzeko lanak hasi diren egunean. Ordezkariek in situ ezagutu dute 15 milioi euro inguruko aurrekontua duten obra hauen «neurri eta garrantzi kualitatibo handia». Obra horien ondorioz, trafikoa bypass bidez ibili beharko da berritzeak iraungo duen 10 hilabeteetan.
Diputatu nagusiak bisitaren ondoren gogorarazi du Belabietako tuneleko esku-hartzea izan zela iazko urtearen amaieran berrabiatutako «lehentasunezko proiektuetako» bat, Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoak euskal erakundeen defizitaren muga handitzea erabaki ondoren. «Aldundiak sustatutako funtsezko obretako bat da, mugikortasun gero eta seguruagoa, erosoagoa eta modernoagoa bermatzera bideratua. Jarduera kualitatiboki garrantzitsua da lurralde orekaren, Nafarroarekiko komunikazioen eta korridore atlantikoan azpiegitura aurreratuen sarea izateko beharraren ikuspegitik», baieztatu du.
Belabietako tunela 1995etik dago martxan, 1.836 metro luze da, A-15 autobidean dago (Nafarroa-Gipuzkoa autobidea), eta hodi bat du noranzko bakoitzeko. Azpiegitura hori Europa barneko sarearen parte da, eta, 500 metro baino gehiago dituenez, Europako 2004/54/EE Zuzentarauaren arabera, segurtasun baldintza berri batzuk bete beharko ditu, Europako herritar guztientzako babes maila uniformea, etengabea eta handia bermatzeko.
Olanok gaineratu duenez, Belabietako obrak aktibatzea, abiatu berriak diren Azkoitia-Urretxukoekin eta Donostiako 27. poligonorako sarbide berriarekin batera –29 milioitik gorako guztizko aurrekontuarekin–, «bultzada bat da lurraldearen ekonomiarentzat». «Inbertsio publikoek zeregin antiziklikoa dute lurraldeko jarduera ekonomikoaren eta enpleguaren palanka gisa. Esku hartze horrek, duen handitasunagatik, lurraldearen susperraldi ekonomikoari ere laguntzen dio», adierazi du Olanok, eta gaineratu du lanek sor ditzaketen eragozpenak segurtasunaren eta erosotasunaren arloan lortuko diren hobekuntzekin konpentsatuko direla.
Instalazioak modernizatzea
Obrek, Europako Batzordearen zuzentarauaren eskakizunekin lerrokatuta, hainbat alderdi estaltzen dituzte, eta nabarmentzekoak dira estalkia sendotzea, estaldura hobetzea eta instalazioak modernizatzea. Europako araudiak azpimarratzen du tunelen segurtasunak neurri berriak eskatzen dituela tunelaren geometriarekin, diseinuarekin eta segurtasun-ekipamenduarekin lotuta, baina baita trafikoaren kudeaketarekin, larrialdi zerbitzuetako kideen prestakuntzarekin, gorabeheren kudeaketarekin edo erabiltzaileei zuzendutako informazioarekin ere.
«Azken belaunaldiko ekipoak instalatuko ditugu bide kudeaketa, zirkulazioaren kontrola eta edukiera eguneratzeko. Telebista-zirkuitu itxiaren sistema ere eguneratu eta birbanatuko dugu, gorabeherak automatikoki detektatzeko sistema instalatu ahal izateko», zehaztu du Oiarbide diputatuak. Tunelean egin beharreko lan ugarien artean, suteen aurkako babes sistema bat jarriko da, tunelean zehar hidrante sare bat eta galerien barruan zutabe lehor bat dituena, eta erabiltzailearekiko komunikazio sistema eguneratuko da, SOS zutoinen sistema berrituz eta megafonia-sistema bat sartuz.
Proiektu hori gauzatu ahal izateko, proiektuaren xede den hodiko trafikoa murriztu beharko da (Andoain-Iruñea), eta trafikoa kontrako hodira desbideratu, hesi fisikodun bypass bat egokituz obrak irauten duen bitartean. «Trafikoa egoera horretan edukitzeak ez du utziko 3 metro zabal eta 4,5 metro garai baino gehiago diren ibilgailuak igarotzen, ez eta salgai arriskutsuak garraiatzen dituztenak ere. Baldintza horiek betetzen ez dituzten ibilgailuek ordezko bideak hartu beharko dituzte. Bide horiek mezularitza aldakorreko paneletan eta obra-seinaleen bidezko seinale finkoetan adieraziko dira», argitu du Bide Azpiegituretako diputatuak.
Bestalde, bypassaren hasieran galiboa kontrolatzeko sistema bat jarriko da (altueran eta zabaleran), bypasserako sarrera bakoitzaren aurretik, neurri horiek gainditzen dituzten ibilgailuei pasatzeko debekuaren berri emateko. Ibilgailu horiek horretarako prestatutako gune batean aparkatu beharko dira, eta Ertzaintzak ebakuatu egingo ditu. Gainera, zehapen radar bana instalatuko da noranzko biko trafikoa duen tunelaren ahoetan, eta baita lehen esku-hartzeko talde bat ere, gorabeheren aurrean erantzuteko denborak murrizteko.
Bide Azpiegituretako diputatuak gogorarazi du Belabietako tunel horren obren iraupenak ezinezko egingo duela neguko bide zaintza hasi baino lehen amaitzea. «San Lorentzoko tuneleko obretan, obrak egokitu genituen neguko plana ez oztopatzeko moduan, baina oraingoan ezinezkoa izan da. Arreta bereziz jokatu beharko dugu, eta onartu, eguraldiaren arabera, beharrezkoa izango dela zenbait neurri hartzea, hala nola, trafiko astuna moztea edo errepidea unean-unean ixtea». Halaber, gogorarazi du Belabietako obrek dirauten bitartean eta bypass bidez zirkulatu behar den bitartean, debekatuta izango dela A-15 errepidean gai arriskutsuak garraiatzea eta 3 metroko zabalera edo 4,5 metroko altuera gainditzen duten ibilgailuek zirkulatzea.
«San Lorentzo tuneleko bi hodiak egokitu ondoren, Gipuzkoako Foru Aldundiak Belabietako obrari ekingo dio orain, eta, beraz, hurrengo urteetan, A-15 errepidearen Gipuzkoako aldeko gainerako bost galerietan esku hartu beharko du, bi noranzkoetan lau tunelak berritzeko lanak osatzeko. Aurten bertan idatziko ditugu Ondoilar eta Gorosmendi tunelen proiektuak», amaitu du Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatuak.
2472