Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Aldundiak Berrobiko energia-komunitateak aurkeztu ditu

Aldundiak Berrobiko energia-komunitateak aurkeztu ditu

Berrobiko tokiko energia-komunitateak 70 etxeri aukera emango die energia berriztagarria kontsumitzeko eta faktura elektrikoa merkatzeko.

2021/10/25

José Ignacio Asensio: «Energia komunitateek berriztagarrien erabileran oinarritutako eredu jasangarria sustatzen dute, aurrezpena dakarte kontsumitzaileentzat eta pobrezia energetikoari aurre egiteko tresna eraginkorra dira».

David de Miguel: «Ekimen hau aukera ona da udalerriko herritarrentzat; izan ere, partekatutako autokontsumo-erregimenari esker faktura elektrikoa merkatzeaz gain, Berrobiko energia iraunkorraren kontsumoa ziurtatzen dute».

Eguerdian, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako diputatua den José Ignacio Asensio, Berrobiko alkatea den David de Miguel eta Edinorreko kontseilari delegatua den Juan Diego jaunek Berrobiko tokiko energia-komunitateen proiektua aurkeztu dute. Energia berriztagarriak eta autokontsumoa sustatzera bideratutako komunitate hori Berrobiko San Andres ikastetxe publikoan gauzatuko da. Udalak eraikina lagako du Berrobiko familiek eskuratu dezaten elektrizitatea sortzeko eta kontsumitzeko eredu iasangarri hori.

San Andres ikastetxe publikoaren estalkiak 300 m2-ko azalera du. 40 kW-ko instalazio bat egitea aurreikusten da, autokontsumoko erregimenean energia berdea hornitzeko Berrobiko 70 etxetan, instalazioaren 500 m-ko erradioan. Energia-erkidego honetan parte hartuz gero, unitate bakoitzak urtean % 20 aurreztuko du gutxi gorabehera argiaren fakturan. TEK Berrobi energia-erkidegoan parte hartuz gero, argiaren fakturan urtean % 20 inguru aurreztuko du unitate bakoitzak, eta CO2 isuriak 392 tona murriztuko ditu.

Plaka fotovoltaikoak instalatuko dira, eta bertatik 500 metroko erradioan kokatutako bizilagunak eta saltokiak izan daitezke komunitate horretako kide. Interesdunek Erkidegoan parte hartzeko aurreinskripzioa egin dezakete udaletxean. Prozesu horretan guztian, arreta berezia eskainiko zaie ahultasun energetikoan dauden familia-unitateei.

José Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatuak nabarmendu du horrelako ekimenak bultzatu eta erraztu behar direla, autokontsumoa, mendekotasun energetikoa eta energia berriztagarrien erabilera sustatzeko, trantsizio energetiko justu baten agertokian: «Energia-komunitateek energia sortzeko, kontsumitzeko eta kudeatzeko eredu berri bateranzko aldaketa dakarte; eredu horretan, lankidetza publiko-pribatuaren bidez, gipuzkoarrak ahalduntzen dira, sistema energetiko deszentralizatu, zuzen eta efiziente baten erdigunean kokatzeko». Asensiok azpimarratu duenez, «energia-komunitateek energia berriztagarrien erabileran oinarritutako eredu jasangarria sustatzen dute, kontsumitzaileek aurreztu egiten dute eta energia-pobreziari aurre egiteko tresna eraginkorra dira».

Edinorren kontseilari delegatua den Juan Diegok adierazi duenez, Berrobiko TEKen parte hartzen dutenek, beren udalerrian bertan energia jasangarria sortzen laguntzeaz gain, autokontsumo partekatuko erregimen batean egongo dira, faktura elektrikoan beti sartzen diren bidesarien eta karguen kostuak aurrezteko.

Era berean, foru diputatuak gogorarazi du Gipuzkoako 2050erako Jasangarritasun Energetikoaren Estrategiaren helburua dela energia-eskariaren kudeaketa efizientean oinarritutako lurralde-eredu energetiko bat ezartzea. «Energia-eskariaren kudeaketa da ekonomia deskarbonizatu eta lehiakor bateranzko aldaketaren palanka nagusia.  Hain zuzen ere, eskaria murrizteak eta iturri fosilen ordez energia berriztagarriak erabiltzeak ahalbidetzen digute aurrera egitea energia-hornikuntzaren kostua murrizteko, ingurumen-inpaktua murrizteko eta energia-segurtasuna areagotzeko helburuetarantz, ahalik eta modurik merkeenean».

Testuinguru horretan, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Departamentuak hainbat ekimen bultzatu eta babestuko ditu Gipuzkoako udalerrietan, mendekotasun energetikoa murrizteko, berriztagarrien erabilera sustatzeko eta autokontsumoa bultzatzeko.  Gaur egun, Gipuzkoak kanpoalderako duen mendekotasun energetikoa %92,77 da, eta, beraz, gure autohornikuntza %7,23 baino ez da. Horregatik, Gipuzkoako 2050erako jasangarritasun energetikoaren estrategiaren helburuetako bat da lehen mailako energia berriztagarria sortzeko lurralde-ahalmena handitzea, eraikinetan eta beste unitate batzuetan autokontsumorako energia banatzeko hainbat ereduren bitartez. 

Autokontsumoa sustatzeaz gain, beste helburuetako bat da berriztagarrien kuota hobetzea, gaur egun ez baita % 20ra iristen. Adierazle horrek adierazten du zein proportziotan den berriztagarria erabiltzen dugun energiaren jatorria (guk geuk ekoitzia edo kanpoan erosia) kontsumo osoarekiko. Helburu gisa, 2050erako Gipuzkoako Jasangarritasun Energetikoaren Estrategiak berriztagarrien % 80ko kuotara iritsi nahi du 2050erako.

Testuinguru horretan, Tokiko Energia Komunitateek, Berrobiko instalazioak kasu, trantsizio energetikorako aldaketaren azeleratzaile gisa jarduten dute. Bultzatzen den eredu berria deskarbonizazioaren kontzeptuan oinarritzen da; izan ere, sorkuntza fosilean eta deszentralizazioan oinarritutako energia progresiboki baztertzea errazten du, garraio-beharrak sortutako ingurumen-inpaktua murriztuz. Zero kilometroko modelo berri honetan, instalazioak kontsumitzailearen 500 metroko erradioan daude. Kontsumitzailearen ahalduntzea da eredu berri honen hirugarren ardatza, eta herritarrek energia berriztagarrien ekoizpenean, erosketan, kontsumoan eta biltegiratzean rol aktiboa izatea sustatzen du.

Proiektu hau lankidetza publiko-pribatuko eredu batean garatuko da. Bertan, Edinor Energia Distribuida del Norte SAk parte hartuko du, zeinak trantsizio energetikoko proiektuen artean baititu hiri-eremuetan Tokiko Energia Komunitateak bultzatu eta garatzea.

  

1740