Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Aldundiak ekain amaierarako irekiko du Hondarribian luiziak kaltetutako GI-3361 errepidearen errei bat

Aldundiak ekain amaierarako irekiko du Hondarribian luiziak kaltetutako GI-3361 errepidearen errei bat

Bide Azpiegituretako departamenduak milioi bat euro gaitu ditu lerradura konpondu, ezponda egonkortu eta bidea egokitzeko. Errepidea bere osotasunean uztail bukaeran ireki ahal izatea aurreikusten da.

2024/05/17
Gipuzkoako Foru Aldundia

Lanak ondo bidean, Hondarribian martxo hasieran  gertatutako luiziaren ondorioz itxitako GI-3361 errepidearen lehen erreia ekain amaierarako ireki ahal izango du Gipuzkoako Foru Aldundiak, Maria Ubarretxena, Bide Azpiegituretako diputatuak gaur lanetara egindako bisitan aurreratu duenez. Ordurako kaltetutako ezpondaren euste-lanen zatirik handiena eginda egongo da eta uztail amaiera aldera errepidea bi noranzkoetan ireki ahal izatea da asmoa. Helburu horrekin, Aldundiak 1.000.000 euro gaitu ditu emergentziazko jarduketa gauzatu ahal izateko. Ingurua segurtatu eta errepidea berriz zerbitzuan jartzeko lanak “martxa onean eta aurreikuspenak betez” gauzatzen ari direla azaldu du diputatuak eta, aldi berean, aldameneko ezpondaren eta inguru guztiaren segurtasuna bermatzeko azterketak ere egin direla gehitu du, alboko ezponda eta eremu guztia gainbegiratuz: “errepidea garbi, kaltetutako tartearen zorua berrituta eta segurtasun neurri berriekin irekita egongo da udan”.  

Lurren mugimendua eta euste lanak

Ubarretxenak azaldu duenez, luizia egonkortu eta ingurua lehengoratzeko lanei gertaeraren biharamunean bertan, martxoaren 3an, ekin zitzaien emergentziako prozeduraren bitartez eta ordutik lanek aurrera egin dute martxa betean, “lerraduraren neurria handia izan bada ere eta jarduketa bera nahiko konplikatua”.

Izan ere, martxo hasierako denboraleek eragindako euriteen ondorioz, GI-3361 errepidearen ezponda horretan lur mugimendu handia egon zen. “Kalkulatzen da luiziak 3.300 m3 lur desplazatu zuela, hainbat tonatako harritzarrekin batera”, esan du diputatuak. “Eremu guztia segurtatzearekin batera, material hori guztia mugitzea nekeza izan da hasiera batean, baina dagoeneko 1.000 m3 lur mugitu dira eta haitz handiak txikitu eta erretiratu ahal izan dira segurtasun neurri bereziekin. Datozen bi hilabeteetan azkartu egingo da lanen garapena”, aurreratu duenez.

Aldi berean, euste-lanei ere ekin zaie kaltetutako ezponda ainguratzeekin finkatuz. Horren osagarri, ezponda bera 1.300 m2-ko sare batek estaliko du eta, honekin batera, errepidean euste-horma bat ere eraikiko da. Aurrekontuari dagokionez, oraingoz milioi bat euro gaitu dira emergentziazko bi jarduketa hauek egin ahal izateko. Hala, lur mugimenduetarako eta hasierako lanetarako 72.463,83 euro (BEZ barne) erabiliko dira eta euste-lanetarako aldiz, 796.720,74 euro (BEZ barne).  Lanen azken zati hau ekain amaieran bukatu eta behin euste-egitura horiek gauzatuta, uztailean zehar errepidea konponduko da, zorua eraberritu eta euste elementu berriak jarrita; eta drenatze sistema eta seinaleztapen berria instalatuko dira. “Azkeneko hilabetean errepidea erabat garbituko dugu eta konponketa lanak egingo dira baina, ordurako errei bat zabalik izatea da asmoa”, esan du Ubarretxenak.

  

1956