Aldundiak ekonomia sustatzeko eginiko apustua babesten dute inkesta sozio-politikoaren emaitzek
Aldundiak ekonomia sustatzeko eginiko apustua babesten dute inkesta sozio-politikoaren emaitzek
6,13 eta 5,96ko nota jasotzen dute foru erakundeak eta Diputatu Nagusiak, hurrenez hurren, 2015ean egindako inkestan jaso zutena hobetuz
Aldundiak begi onez hartu ditu Gipuzkoaren egoera sozio-politikoari buruzko azken inkestaren datuak. Herritarrek lurraldearen gaur egungo egoeraren inguruan duten iritzia eta ikuspegia jasotzea du xede inkesta. 1.225 elkarrizketa egin dira hura osatzeko, lau atalen gaineko galderekin: ekonomia eta enplegua, erakundeekiko konfiantza eta ikuspuntuak, gipuzkoarren babesa hainbat gai eta proiektuari, eta Aldundiaren balorazioa. Imanol Lasa foru bozeramaileak nabarmendu duenez, emaitzek islatzen dute, oro har, herritarrek “babestu eta bere egiten” dituzte Aldundiaren apustu estrategiko nagusiak, ekonomiaren sustapena batik bat, eta foru erakundeak jasotzen duen balorazioak hobera egin duela orain urtebete egindako inkestarekin alderatuz, “egiteko asko” gelditzen bada ere.
Bloke ekonomikoaren barruan, herritarrek 8.26ko notarekin baloratzen dute Aldundiak susperraldi ekonomikoari eta enpleguari lehentasun osoa eman behar dion neurria -2015eko inkestan baino 0,16 altuagoa-. Gehienek eraginkortzat jotzen dute Aldundia alor honetan egiten ari den lana -% 37,4k-. % 32,7k ukatzen dute eraginkorra denok, eta gainerakoek ez dakite/ez dute erantzuten. % 80,7rentzat, beharrezkoa Aldundiak dirua inbertitzea, Gipuzkoako enpresak nazioarteko merkatura ateratzen laguntzeko.
% 57,5entzat, langabezia eta krisialdia dira lurraldeak duen arazorik larriena. Joera bera jasotzen da inkesta erantzun dutenek dituzten behar eta eskakizunetan. Izan ere, % 70,3rentzat, ekonomia eta enplegua sustatzea izan behar du Aldundiak lehentasun behinena, eta gizarte laguntza bultzatzea hurrena % 15,5. % 37,4ren irudiko, Gipuzkoan ez dago gizarte bazterketa nabarmenik, baina % 33rentzat “dezente· dago.
5,98eko notarekin zenbatzen dute herritarrek batez beste beraien egoera ekonomiko pertsonala. % 53,1entzat, haien bizi mailak ez du aldaketarik izan orain bizpahiru urtekoarekin alderatura; % 35,4rentzat, berriz, okerrera egin du, eta % 39,8rentzat hovera. Ildo horretan, % 43,7k uste dute Gipuzkoa atzean uzten ari dela krisia, eta % 39,9k ezetz.% 60,4k erantzuten dute haien ekonomia pertsonalak bere horretan jarraituko duela datorren urtean; % 10,8k hobera egingo duela, eta % 18,6k okerrera egingo duela. % 52,1entzat, etxean “arazorik gabe” iristen dira hilabete bukaerara, eta % 35,1ek diote “oso estu eta murrizketak eginda” iristen direla.
Lasaren arabera, datu hauek 2015ekoak baino “zerbait itxaropentsuagoak” dira, baina oraindik “dezenteko kezka” dago herritarren artean etorkizunarekiko, eta “zuhurtzia handiz” hartzen dituzte gehienek errekuperazio zantzuk. Edonola ere, haren esanetan, datuok “berretsi” egiten dute Aldundiak Ekonomia Suspertzeko Planarekin egiten ari den “apustuaren” egokitasuna. Urteko 50 milioi euroko inbertsioa aurreikusten du Planak, eta 1.860 lanpostu, eta 419 enpresa berri sortzea ahalbidetu du, haietako asko perfil teknologikokoak: “Jarduera ekonomikoa eta kalitatezko enplegua sortzen laguntzea da gure lehentasuna, gizarte babeserako dugun sistemari eutsi eta hura hobetzeko. Gizarte Politiketan 19 milioi euro gehiago bideratuko ditugu 2017ko aurrekontuetan. Ekintzak dira, ez hitzak”.
Proiektuen babesa
Hainbat proiektuk duten babesa neurtzen du ere inkestak. % 40,9k erantzuten dute Tabakalera bisitatu dutela, eta % 21,9k, berriz, urtebeteko epean bisitatzeko asmoa dutela. 6,52ko nota ematen diote “erreferentziazko kultur centro” bihurtzeko dituen aukerei. Pasaiaren eraberritzeak 7,5eko nota jasotzen du, eta Hondarribiko aireportua beharrezko azpiegitura estrategikotzat jotzen dute -6,6ko puntuazioa-. Haatik, inkestatuen % 15ek soilik erabili dute azken bi urteotan.
Aitzitik, Etzegarateko gainetik igarotzen diren kamioientzat ordainlekua ezartzeko proposamenarekiko adostasunak, behera egiten du -5,02tik 3,89ra-. Errepideen kudeaketak, berriz, 6,23ko nota orokorra jasotzen du. Gehiengoarentzat, Gipuzkoara datorren turismoa positiboa da -7,9-, jarduerak gurean “uzten duen diruagatik” batez ere % 56,3rentzat-. Ondorio negatibo gisa, berriz, jende eta auto pilaketak dira aipatuenak -% 24,4-. Donostia 2016 Hiriburutzak ere balorazio ona jasotzen du -7,53-, jardueraren batean parte hartu dutenen portzentajea %34,9koa delarik. Zaborrak biltzeko sistemari dagokionez, % 74,9k, edukiontziak hobesten dituzte, bosgarren edukiontzia barne -2015ean baino 5,41 puntu gehiago-. Birziklatu ezin daitekeen zaborra azken teknologietan oinarritutako errauskailu batean balorizatzeko proposamenak 5,61eko puntuazioa jasotzen du -2015ean baino 0,61 baxuagoa-.
Aldundiak darabiltzan beste hainbat lan ildo estrategikok “oso harrera ona” dute herritarren artean. Horien artean daude indarkeria matxistaren aurkako plana -8,89-, lanaren eta familia bizitzaren arteko kontziliazioa -8,11-, eta langileen partaidetza enpresen kudeaketan -8,02-, “azken biek etorkizun osagai nabarmena dutenak”. Gizon eta emakumeen arteko berdintasunak, Gipuzkoan, 5,78eko nota jasotzen du, eta beharrezkotzat jotzen da berdintasun politikak bultzatzen jarraitzea -8,46.- Foru erakundeak euskara/hizkuntza berdintasunean duen politikak 7,19eko dauka; % 89,6 beharrezkotzat jotzen dute gure hizkuntza bultzatzen jarraitzea -3,1 puntuko igoera-. Herritarren partaidetzari dagokionez, % 39,7k iritzi diote Gipuzkoan ez dela behar beste bultzatzen partaidetza politikan –orain urtebete baino 3,6 puntu gutxiago-, eta % 35,9k baietz –hala uste dutenen portzentajea 1,4 puntutan igo da-.
Sentsibilitate politiko desberdinetako herritarren arteko elkarbizitza mailak, berriz, balorazio hobea jasotzen du -6,9-; gehienek, % 93,7k, diote une honetan ez dutela inolako elkarbizitza arazorik. Ildo beretik, % 80,7rentzat -8,3 gehiago-, ona da Gipuzkoan indar politiko desberdinak elkartzen dituen gobernu koalizioa egotea. Foru Gobernuari 6,18ko nota ematen diote -+0,19-; % 40,1 irudi ona dute gobernuaz, eta % 39,2k, ez ona eta ez txarra. Mariano Raxoi da buruzagi politiko ezagunena -% 97,2k-, baina baita gaizkien baloratuena ere -1,83-; Iñigo Urkulluk % 89,6 ezagutzen dute, 6,09ko notarekin puntuatzen dutelarik; Markel Olanoren ezagutza maila % 51,9koa da, eta 5,96ko nota du -+0,52-. Aldundiak zein Diputatu Nagusiak, hobera egiten dute duela urtebeteko inkestarekiko.
Erakundeekiko konfiantzaren atalean, orokorki politikan konfiantza duten ala ez galdetuz gero, % 20,9ek soilik erantzuten dute baietz, eta % 71,3k ezetz. Nolanahi ere, alde nabarmena dago Espainiar Gobernuak pizten duen konfiantzaren -2,35eko nota lortzen du-, eta euskal erakundeek pizten dutenaren artean, kasu guztietan gainditzen baitute: 5,39 Aldundiak, 5,60 udalek, eta 5,46 Eusko Jaurlaritzak.
Lasak adierazi duenez, herritarrek balio handia ematen diote “euskal alderdi eta erakundeek helburu komun baten mesedetan desadostasun politikoak alde batera uzteko duten gaitasunari. Horren isla dira Euskadiko gobernuen osaketa eta jarduera”. Orobat, gogorarazi du legealdiko Kudeaketa Plan Estrategikoak helburu gisa jartzen duela, besteak beste, herritarrek Aldundiaren inguruan duten balorazioa gutxienez % 8 hobetzea: “Oraingoz betetzen ari gara. Norabide berean Gipuzkoaren alde lanean jarraitzeko indarra ematen digute datu hauek”.
1621