Aldundiak enkargatu duen txosten batek dio Debako zubiak xilofagoak dituela eta kolapsatzeko arriskua duela
Aldundiak enkargatu duen txosten batek dio Debako zubiak xilofagoak dituela eta kolapsatzeko arriskua duela
Aldundiak enkargatu duen txosten batek dio Debako zubiak xilofagoak dituela eta kolapsatzeko arriskua duela
Kultura departamentuak larrialdi-prozeduraren bidez obra esleitu ahal izatea aurreikusten du.
Itxasok iragarri du Aldundiak subsidiarioki jardungo duela, baina gogorarazi du Debako eta Mutrikuko udalak direla jabeak, eta eskatu die biaduktua, pertsonen segurtasunerako, zeharkatzea debekatzeko beharrezko neurriak har ditzatela.
Kultura departamentuak, dagoeneko, Debako zubiaren kontserbazio-egoerari buruzko txosten teknikoa du; bertan dakar kolapsatzeko arrisku larrian dagoela, xilofagoak baititu. Diagnostiko hori hain larria denez, premiazko bilerak egiten ari dira erakundearen beraren barruan, bai eta Debako eta Mutrikuko alkateekin ere, eta aurreikusten da premiaz hastea obrak, zubia eror ez dadin eta ondasun eta pertsonei kalterik ez eragiteko.
Ingelan ingeniaritza-etxeak eginiko txosten teknikoaren arabera, zubiaren egitura kolapsatutzat jo daiteke eta bere bi ganga erortzeko arrisku larrian daudela ulertu behar da, bai eta ibaian beherako ibaiertzeko tinpanoa ere. Kalte horiek, ziur asko, zurezko piloteen kolapsoak eragin du, sekzioa galdu baitute, xilofagoen erasoagatik. Gainera, azterlanak dakar pilaren zurezko parriladuraren azpiko materiala nabarmen hondatu dela. Kolapsoa zuraren konpresioaren ondoriozko bat-bateko hutsuneak eragin du; ahalmen erresistentea galdu du, sekzioa murrizten joan delako. Hutsunea pilote batzuetan gertatu da, ia aldi berean.
Denis Itxaso lehen diputatu nagusiordeak esan bezala: “Debako zubiak uztailaren hasieran izan zuen erortze partzialaren ondoren, zubiaren egoerari buruzko txosten teknikoa enkargatu genuen, eta oraintsu jaso dugu. Eta diagnostikoak ohartarazten du dauzkan xilofagoen ondoriozko kolapsoa duela; beraz, premiaz jardutea erabaki dugu eta 1866ko ondare honen osotasuna ziurtatuko duen obrari heltzeko lanean ari gara, monumentu-multzoaren babes bereziko kalifikazioa baitu. Hori dela eta, zubiari eusteko jarduketari ekingo diogu eta horrek, monumentu-balioa eta balio funtzionala ez ezik, garrantzi handia ere badu erreferentziazko puntu baita Donejakue bideak Gipuzkoan duen tartean”.
Gipuzkoako Foru Aldundiak pasa den abuztuaren 3an, ostiralean, Injelan eta Fhecor enpresei enkargatutako diagnostikoaren txostena eta esku hartzeko proposamenen enuntziatua jaso zituen; azken hilean zubiaren egoera balioesten jardun dute eta zubiak berak bizi duen ezohiko egoerari nola heldu aztertzen, kontuan izanda Europan ez dagoela erreferentzia gisa baliatzeko aurrekari ezagunik. Pasa den uztailaren 24an, Ondare Historiko Artistikoa foru-departamentuko teknikariek, bi enpresa horiekin batera eta buzo espezializatuen laguntzarekin, ikuskaritza bat egin zuten, ideia osagarria izateko eta zehatzago ezagutzeko zubiaren horma-bularren eta pilen egoera.
Zubia XIX. mendearen erdialdean eraiki zen; harrizko azken eraikuntza zibiletako bat da, izan ere, harrezkero burdinazko eraikuntzak egiten hasi ziren. Zubia oinezkoentzat baino ez da, 2013tik; harrezkero, ibilgailu-trafikoa debekatuta dago. Gaur egun, egiturak, gainera, oinarri ematen die ur fekalen, gasaren eta elektrizitatearen eroanbideei.
Itxasok ziurtatu du “datorren ostiralean, hilaren 17an, egin beharreko lanen analisi eta azterlan zehatzagoa izango dugula, bai eta horretarako aurrekontua ere. Berriz ere esan nahi dut garrantzitsua dela eskualdeko alkate eta agintariek eraginkortasunez babestea zubia eta inork gurutzatzen ez duela ziurtatzea; izan ere, arrisku larria dakarkie gurutzatzen duten pertsonei, dela oinez, dela azpitik ontzian”.
Aztertzen ari diren irtenbideek ahalik eta ezarpen errazena, ekonomikoena eta azkarrena bermatu beharko dute, baina, aldi berean, epe ertainerako beharrezkotzat jotzen diren birgaitze-eragiketa guztiak egiteko aukera eman beharko dute. Une hauetan, zenbait irtenbide balioesten ari dira, eta, datorren ostiralerako, abuztuaren 17rako, zubiaren segurtasuna bermatuko duten lanei heltzeko aukerarik egokiena eta haren balioespena izatea espero da.
2138