Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Aldundiak enpresa txiki eta ertainen lehiakortasuna hobetzeko laguntza-lerroa aktibatu du, 1,8 milioirekin

Aldundiak enpresa txiki eta ertainen lehiakortasuna hobetzeko laguntza-lerroa aktibatu du, 1,8 milioirekin

Besteak beste, belaunaldi-erreleboko, dibertsifikazioko eta enpresen arteko lankidetzako prozesuak babesten dira.

2024/05/07
Gipuzkoako Foru Aldundia

Diputatuen Kontseiluak Gipuzkoako enpresa-sarearen aukerak, balio diferentziala eta jasangarritasuna sustatzeko dirulaguntzen programa onartu du gaur. Aurten 1.861.887 euro bideratuko dira horretara, eta batez ere lurraldeko ETEek eta eragile ekonomikoek jaso ahal izango dute. Irune Berasaluze Foru Aldundiko bozeramaileak adierazi duen bezala, “programak 5 ildo desberdin aurreikusten ditu, eta horien bidez, gure ehun ekonomikoarekin ahalegina babesten jarraitu nahi du, eraldaketa eta dibertsifikazioa lortzeko. Gaur egungo ziurgabetasun une honetan, enpresak buru-belarri ari dira egunerokoa aurrera atera nahirik, eta laguntza eman nahi diegu etorkizunari ere begira diezaioten, hobekuntza-proiektuei heltzen eta gure lehiakortasuna bermatuko duten aukera berriak aztertzen jarrai dezaten”.

Deialdiak lehentasuna ematen die ETEek, industria-sektoreko enpresek eta industriari lotutako zerbitzuek garatutako proiektuei, baldin eta enpresen eskaintza dibertsifikatu eta balio-katean birkokatzen badituzte, eta kalitatezko enplegua mantentzen eta sortzen laguntzen badute. Lehen lerroak eta ekonomikoki handiena denak (941.666 euro) Gipuzkoako enpresen aukerak, balio diferentziala eta jasangarritasuna sustatzea du helburu. Lagundutako jardueren artean daude barne ekintzailetzarekin lotutakoak, ikuspegi anbidiestroa (egungo gaitasunak ustiatzea eta, aldi berean, etorkizuneko garapenerako aukera berriak aztertzea), negozio aukera berriak sortzeko aurrea hartzea, funtsezko konpetentziak, zerbitizazioa edo ekoizpen jarduerak Gipuzkoara itzultzea ('reshoring’).

Bigarren ildoak enpresa-jardueraren jarraipena bultzatzen du, 269.396 eurorekin. Enpresaren ondorengotza eta/edo transmisioa planifikatzen laguntzea, enpresa-transmisioko prozesuak garatzea eta belaunaldien arteko erreleboa bermatzea du helburu, hausnarketa estrategikoaren bidez, errotzea xede nagusitzat hartuta. Hirugarren ildoak enpresen arteko lankidetzako eta elkarlaneko dinamikak babesten ditu, 291.012 eurorekin, parte hartzen duten enpresen lehiakortasun eta iraunkortasuna areagotzea ekarriko dutenak. Sektore desberdinen hibridazioaren ondorio diren proiektu berriak lehenesten dira, gutxienez 30 pertsona batera integratzen dituzten enpresak batzen dituztenak. “Enpresen artean gaitasunak eta ezagutza batzea gero eta beharrezkoagoa da gaur egungo egoera konplexu honetan, batez ere kontuan hartzen badugu enpresa txiki eta ertainak direla gure ekonomiaren oinarria, eta gure erronka nagusietako bat dela enpresa-proiektuek tamaina handiagoa izatea”, bozeramaileak azaldu duenez.

Azken bi lerroen helburua da ekonomia sortzailea balorizatzea, batetik, 184.870 eurorekin, eta, bestetik, ekosistema sozioekonomikoan ezagutza sustatzea, sortzea, transferitzea eta partekatzea, 174.943 eurorekin. Azken horren kasuan, programaren ekintza-eremuei lotutako funtsezko ikerketako, industriako edo garapen esperimentaleko proiektuak babesten dira, I+Gko erakundeek, enpresa-elkarteek eta/edo klusterrek eta zerbitzu aurreratu espezializatuetako enpresek garatutakoak. “Helburua da jardunbide egokiak eta metodologia arrakastatsuak sortzea eta zabaltzea”, adierazi du bozeramaileak.

Laguntzen oinarriak laster argitaratuko dira Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean, dagokien informazio guztiarekin, eta interesa duten enpresa eta erakunde guztiek aurkeztu ahal izango dituzte eskabideak, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Iaz, deialdi honen eskutik 89 proiektu babestu ziren. Berasaluzek “esperimentazioaren eta ikasketa kolektiboaren” balioa azpimarratu du, “egungo egoera aldakorra eta exijentea” delako. “Trantsizio digitalak, ekologikoak eta demografikoak erronka handiak planteatzen dituzte, baina baita aukerak ere, eta programa honekin gure enpresei bide eraldatzaile horretan laguntzen jarraitzen dugu. Oraina kudeatzeaz gain, baliabideak izan ditzaten epe luzeko ikuspegia duten proiektuak garatzeko, eta modu iraunkorrean kalitatezko, ongizateko eta aberastasuneko enplegua sortzen jarraitzeko”.

Enpresen salmentak

Era berean, Gipuzkoako Foru Ogasunak hilero-hilero egiten duen Gipuzkoako enpresen egoerari buruzko txostenaren datuak jakinarazi dira Kontseiluan. Txosten horren arabera, lurraldeko konpainien salmentak %5,4 jaitsi dira 2024ko lehen hiruhilekoan, 2023ko aldi berarekin alderatuta. Barne-salmentak % 5,5 jaitsi dira eta esportazioak % 5,3. Emaitza hori martxoko datu negatiboen ondorioa da, non guztizko salmentak % 14,5 murriztu baitira: barrukoak % 14,9 eta esportazioak -% 13,7. Kontuan izan behar da konparazioa 2023ko martxoarekin egiten dela, non salmentak nabarmen igo ziren (% 13,6). Enplegua, aldiz, ez da ahultzen, lan-etekinak jasotzen dituztenen kopurua % 1,6 igo baita martxoan, eta % 1,8 hiruhileko metatuan. Soldatak ere hazi egin dira: % 7,5 martxoan eta % 8,4 lehen hiruhilekoan.

Hiruhilekoko salmenten jaitsiera jarduera-sektore guztietan gertatu da: industrian ( % 6,8), eraikuntzan ( % 5,3) eta zerbitzuetan ( % 3,3). Beheranzko joera bera eman zen martxoan ere: % 15,6 industrian, % 11,5 eraikuntzan eta % 13,2 zerbitzuetan. Kanpo-merkataritzaren norakoari dagokionez, Europar Batasunerako esportazioak % 8,2 jaitsi dira lehen hiruhilekoan, eta gainerako herrialdeetarako salmentak gutxiago jaitsi dira (% 1,7). Martxoan jaitsierak % 14,6 eta % 12,6 izan dira, hurrenez hurren.

Beste behin ere, industriako enpleguaren portaera ona nabarmendu behar da, martxoan % 2,6 hazi baita eta % 3,2 aurtengo metatuan. Zerbitzuen sektorean igoera apalagoa izan da ( % 0,5 hiruhilekoan) eta eraikuntzan, aldiz, % 1,8 jaitsi da. Urteko lehen hiru hilabeteetan, industria-sektorean igo dira gehien soldatak (% 9,7), eta eraikuntza ( % 5) eta zerbitzuetan ( % 6,6) hazkundeak zertxobait apalagoak izan dira.

Berasaluzek “zuhurtziaz” jokatzeko eskatu du datu horien irakurketa egiterakoan. “Beharbada esan dezakegu gure esportazioak neurri batean ahuldu egin direla, Europako ekonomia traktoreen motelaldia dela eta. Izan ere, ekonomia horiek oso merkatu garrantzitsuak dira Gipuzkoarentzat, baina ikusi egin beharko da joera sakona den edo zerbait puntualagoa. Kontuan hartu behar dugu konparazioa gure lurraldearentzat errekorra izan zen urte batekin, 2023. urtearekin, egiten dela, eta enpleguak zifra oso positiboak ematen jarraitzen duela. Inflazioak, gatazka geopolitikoek eta ziurgabetasunak markatutako testuinguru batean, gure enpresak eta horiek osatzen dituzten pertsonak aurrera ateratzeko egiten ari diren ahalegina baloratu behar dugu. Gure enpresa-sareak egokitzeko gaitasun handia erakutsi du, nortasun-ezaugarri oso argiekin: ondo egindako lana eta bikaintasunaren aldeko apustua. Balio horiekiko konfiantzari eutsi behar diogu”.

Artisau-sektoreari laguntzea

Era berean, Kontseiluak oniritzia eman dio Gipuzkoako artisautza sektorea sustatzeko programari, eta 455.000 euro bideratuko ditu horretara. 2023ko deialdiaren balorazio positiboa sektorearekin berarekin partekatzen delarik, enpleguari eta jarduerari eusten laguntzeko funtsezko helburuari eusten zaio, oinarrizko bi lehentasunen bidez: alde batetik, finantzaketa eta likidezia ematea jarduerari eusteko, eta, bestetik, merkatuarekiko eta bezeroekiko hurbiltasuna indartzea, bai online, bai orain arteko biderik garrantzitsuenean, aurrez aurreko azoken bidez. Eta, horregatik, 2023ko deialdian aplikatutako oinarriei eutsi zaie; iaz 127 profesional babestu ziren laguntza hauekin.

Eskabideak aurkezteko epea deialdia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta 2024ko ekainaren 25ean amaituko da. Gogoratu behar da, Gipuzkoan eskulangintza sektorea sustatzeko politikaren arau-esparrua eguneratzeko eta hobetzeko asmoz, 2023ko apirilean jarduera eta Gipuzkoako Artisautzaren Erregistro Orokorra arautzen zituen foru-dekretua argitaratu zela. Helburua profesionalizazioa, artisauen errolda berritzea eta bertako eta 0 kilometroko artisautza bultzatzea zen. “Gure nortasunaren eta ondarearen parte den kolektibo horri laguntzen jarraituko dugu, lankidetza, digitalizazioa eta komunikazioa sustatuz”, adierazi du Berasaluzek.

Azpeitia-Bidania errepidea

Azkenik, Azpeititik Bidaniara Urraki gainetik doan GI-3740 errepideko seinaleztapena hobetzeko proiektua onartu du Kontseiluak, eta Bide Azpiegituretako sailak lizitaziora aterako du. Errepide horren seinaleak eta balizak egokituko dira Azpeitia, Errezil eta Bidania-Goiatz udalerrien artean, bide-zati horren segurtasuna hobetzeko. “Zehazki, seinale bertikalak eta baliza-panelak aldatuko dira, indarrean dagoen araudira egokitzeko eta, horrela, ibilgailuen zirkulazioa errazteko”, foru bozeramaileak azaldu duenez.

“Oriako eta Urolako ibarretako industrialdeetako langileen sarrera- eta irteera-orduetan, zirkulazio-intentsitate handia erregistratzen da errepide zati horretan, 1.200 ibilgailu inguru egunean. Hori dela eta, Aldundiak beharrezkotzat jo du jarduketa hori egitea”, Berasaluzek adierazi duenez. Era berean, aurrerantzean enborreko zirkulazioaren gehieneko abiadura 70 km/h-koa izango da, trazaduraren ezaugarrietarako egokiagoa. Lanek 15 asteko iraupena izango dute eta aurrekontua 327.342,99 eurokoa da (BEZa barne).

  

1760