Aldundiak errepideak hobetzeko finantziazio gehiago eskainiko die udalerri txikiei eta inbertsio orokorra ere handituko du
Aldundiak errepideak hobetzeko finantziazio gehiago eskainiko die udalerri txikiei eta inbertsio orokorra ere handituko du
Aldundiak errepideak hobetzeko finantziazio gehiago eskainiko die udalerri txikiei eta inbertsio orokorra ere handituko du
Finantziaziorako laguntza berriei esker, 13 udalerri txikik hobekuntza lanak egin ahal izan dituzte. 2024 urteari begira, herri txikietako eta landa eremuko bide azpiegiturak hobetzeko 615.000 euro bideratuko dira.
Gipuzkoako herri txikietako bide azpiegiturak hobetzeko inbertsioari bultzada berria emango dio Aldundiak datorren urtean, finantziazio-laguntzen deialdi berri batekin eta udalerri zein toki erakunde txikien jarduketetara beren-beregi bideratuko den partida bati esker. Hala, ekimen guztiak batuta, orotara, Bide Azpiegituretako departamentuak 2024 urtean udalerri txikietara bereziki xedatutako 615.000 euroko inbertsioa egingo duela iragarri du Maria Ubarretxena foru diputatuak. Herri zein toki entitate txikiei baliabide gehiago eskaintzeko ahaleginari erantzuten dio sustapen honek, “herri txikien eta landa eremuaren bizimodurako eta garapen sozial eta ekonomikorako funtsezko elementuak baitira azpiegitura hauek”. Halaber, Ubarretxenak erantsi du Gipuzkoa dela estatu mailan bide errepideen artapen- eta hobekuntza-lanetan proportzionalki inbertsio handiena egiten duen lurraldea eta herri txikiei dagokienez ere, “behar duten arreta” eskainiko zaie. “Ahalik eta babes handiena ahalik eta herri gehienei” ematen jarraitzeko konpromisoa berretsi du Ubarretxenak. Honela, Aldundian egindako agerraldian Aiako alkate Jon Ander Azpirozek eta Berastegiko alkate Andoni Zuriarrainek hartu dute parte, bi udalerriotan finantzatzen lagundutako lanen berri emateko.
Hainbat ekimen eta laguntza-lerro barnebiltzen ditu diputatuak aurkeztutako diru-partida honek. Batetik, segurtasuna hobetzeko lanetara 415.000 euroko partida zuzenduko da datorren urtean departamenduak bere eskumeneko errepideetan ohiko artapen eta hobekuntza lanak egiten jarraitu ahal izateko.
Horrekin batera, udalerriekin lankidetza sendotu eta proiektuak finantzatzen laguntzeko helburuarekin, 200.000 euroko partida bideratuko du departamentuak hirugarren urtez jarraian, udalen titulartasunekoak diren errepideetan jarduketak egin ahal izateko. Laguntza-lerro honekin, 2022 urtean hasita lurralde osoko 13 udalerritako (Abaltzisketa, Aia, Aizarnazabal, Alkiza, Altzaga, Baliarrain, Berastegi, Ezkio-Itsaso, Idiazabal, Legorreta, Lizartza, Orendain eta Olaberria) 17 obra finantzatu dira orain arte egindako bi deialdiei esker. Azken deialdian, esate baterako, Aizarnazabalgo GI-3031 errepideko espaloien hobekuntza lanak egin ziren, Idiazabalen, GI-2637 errepidean, oinezkoen pasabidea mugitzeko lanak gauzatu ahal izan ziren eta, besteak beste, Berastegin bertan GI-2130 errepidearen eta Beheko-kaleren arteko lotunearen hobekuntza lanak hasi dira. Hain zuzen, alkateak herriaren biziraupenerako lanok duten garrantzia aipatu du, azpimarra jarriz, udalerri txiki gehienek finantziazioaren aldetik duten arazoan eta halako ekimenek proiektuei ematen dieten bultzadari balioa eman dio. “Laguntza lerro honekin eta kudeaketa egoki bati esker, hainbat urtetan deialdi ezberdinetara aurkezteko aukera ematen da”, Zuriarrainek azaldu duenez. Berastegiren kasuan, egin diren bi deialdietan aurkeztu ditu proiektuak Udalak eta, horri esker, aurrez landutako bi proiekturi bultzada definitiboa eman ahal izan zaie.
Aiako Udalak ere egin diren bi deialdietan parte hartuz finantzatutako obra txikiei esker, bide-segurtasuneko hainbat jarduketa eta bi errepidetako zorua birgaitzeko lanei aurre egin ahal izan die. Ondorioz, Jon Ander Azpiroz alkateak Aldundiari eskaera egin dio datozen urteetan ere deialdiari eusteko, udalerri txikiei epe luzera begira, baliabide eta sostengua eskaintzen baitzaie eta “Aldundiaren ahalegin txiki batekin, udalerrietan hobekuntza handiak gauzatu daitezkeelako”.
Hala egingo du Aldundiak eta konpromisoari eutsiko dio. 2024 urte hasieran egingo da laguntzetarako deialdi berria, 200.000 euroko partida berri bat 2.500 biztanletik beherako udalerrien esku jarrita. Maria Ubarretxenak apustu hau berretsiko dela aurreratu du eta babesari eusteaz gain, beharrezkoa izanez gero, “eskaera gehiago badago, partida handitzea aztertuko du Bide Azpiegituretako departamenduak udalerri gehiagok izan dezaten parte hartzeko aukera”. Gainera, diputatuak erantsi duenez, “elkarlan honen balorazioa ezin hobea da eta aurten urte hasieran bertan egingo da deialdia, udalerriek lanei ahal bezain laster ekin ahal izateko”.
Obra berriak abian
Partida zuzen hauetaz harago, obra ezberdinak egingo ditu udalerri txikietan eta landa eremuan Bide Azpiegituretako departamenduak datorren urtean. Esaterako, Bergara eta Elosu arteko errepidea eraberritzeko lanei ekin zaie jada, eta horretarako bideratu dira, 365.000 euro. Baita ere Urretxutik Santa Barbara auzora doan errepidea konpontzeko beste 245.000 euro, edota Villabona eta Amasa lotzen dituen lotunearen hobetzea egiteko 320.000 euro. Horrez gain, datozen asteetan Bidania-Goiatzeko eta Beizamako errepideetako lanak iragarriko dituztela aurreratu du foru diputatuak.
1613