Aldundiak eta Adinberrik zilarrezko ekonomia indartu dute 13 proiektu berrirekin
Aldundiak eta Adinberrik zilarrezko ekonomia indartu dute 13 proiektu berrirekin
Informazio topaketa batean, ideiak, proiektuak eta estrategiak partekatu dira, biztanleriaren zahartzearen erronkari "berrikuntzatik eta modu bateratuan" aurre egiteko.
Gipuzkoak aurrera egin du "silver economy"-aren arloko espezializazioan, eta Adinberri estrategiaren laguntzen urteko deialdiaren bidez, 523.051 euro bideratu dira negozio eredu berriak sustatzera eta zahartzearen erronkari aurre egiteko aukerak sortzera. Guztira 13 proiektu babestu dira, adinekoen autonomia eta bizimodu osasungarriak sustatzera bideratuak, eta, aldi berean, enpresa aukerak eta negozio arlo berriak garatu dira zaintza eta arreta soziosanitarioaren eremuan. Jabier Larrañaga Sustapen ekonomikoko, Turismoko eta Landa Inguruneko diputatuak adierazi duenez, "biztanleria zahartzea erronka bat da, eta elkarrekin egin behar diogu aurre, berrikuntza sozialetik abiatuta, gero eta desberdinkeria gutxiagokoa, kohesionatuagoa eta lehiakorragoa den lurraldea eraikitzen jarraitzeko".
Adinberri estrategiaren bitartez, "ikuspegi soziala eta ekonomikoa batzen ditugu, adinekoen bizi-kalitatea hobetzeko eta, aldi berean, hazkundea eta enpresa proiektu berrien sorrera bultzatzeko", azaldu du giputatuak. Gaur goizean egindako lan saioan, laguntza-programaren 13 proiektu onuradunak partekatu eta kontrastatu dira, elkarlanerako aukera berriak aztertuz. Bertan izan dira harekin batera Maite Peña Gizarte Politiketako diputatua, Rakel San Sebastian Adinberriko zuzendaria eta 13 erakunde onuradunen ordezkariak.
Gipuzkoan zilarrezko ekonomia indartzeko foru erakundeak abian duen estrategia bost espezializazio-nitxotan oinarritzen da: zerbitzu soziosanitarioetan eta arreta-ereduetan, etxearen egokitzapenean eta laguntza teknikoetan, turismoaren sustapenean, ingurune lagunkoiak sortzean eta teknologia gaitzaile integralak garatzean. Larrañagak adierazi duenez, laguntza deialdi horretan lagundu diren 13 proiektuak esparru horietan kokatzen dira, eta "balio ekonomiko eta sozial handiko" aukerak eta proiektuak garatzen jarraitu nahi dute, Gipuzkoako BPGaren % 5,5eko ekarpena egiten duen hazkunde betean dagoen 'silver' merkatu batean".
"Gipuzkoa erreferentziazko lurraldea izatea nahi dugu zilarrezko ekonomian. Lurralde gisa potentzial itzela dugu adinekoentzako baliozko irtenbideak sortzeko gai den ekosistema bat garatzeko orduan, gaitasun teknologikoak eta berritzaileak bateratuz, biztanleriaren zahartzearen erronkari ikuspegi integral eta integratzaile batetik aurre eginez", azpimarratu du diputatuak. Aldi berean, enpresei eskerrak eman dizkie, eta animatu ditu "abagune hau elkarrekin eraikitzen lantzera".
Bestalde, Maite Peña diputatuak gogorarazi du biztanleriaren zahartzea “izugarrizko” erronka dela, hainbat eragile eta esparruri eragiten diena. Hori dela eta, "sinergiak sortzen jarraitzea ezinbestekoa" dela esan du, "horrela bakarrik sortuko ditugulako efektu biderkatzailea duten aukerak eta proiektuak". Gaineratu duenez, "Gipuzkoan ezarrita genituen lehentasunak azaleratu ditu COVID-19ak", eta horregatik eskerrak eman dizkie eragile guztiei, zahartzearen erronkari aurre egiteko erakutsitako inplikazioagatik eta euren lankidetzagatik, lurralde gisa hazten jarraitzeko aukera emango duelako.
Lagundutako 13 proiektuak
Neuro Etxean, Andromeda Projects
Premia biopsikosozialak identifikatu ondoren, irtenbide integrala eskainiko zaie adinekoei, zahartze aktiboa ahalbidetuko dien terapia fisiko-sensokognitiboa jaso dezaten. Horretarako, tresna sinple bat garatuko da, sarbide errazekoa, pertsona bakoitzaren ezaugarrietara egokitua eta zuzeneko euskarri bat izango duena adinekoen premiak edozein unetan konpontzeko, bideo-deien, zuzeneko deien, txaten edo chatbot zuzenen bidez. Aurretiazko balorazioa urruneko terapeuta batek egingo du, jaso beharreko terapia automatizatuz eta planifikatuz.
Askora Plus, elikadura zerbitzuaren pilotajea
Zerbitzu-eredu berri bat sortuko da elikaduraren eta arreta integralaren inguruan, pertsonengan zentratua, eskubideetan eta balioetan oinarritutako ikuspegi modernoago baterantz eboluzionatzeko, pertsona nagusiei egokitua. Arreta-zerbitzuen eredu berriak diseinatu eta probatuko dira, egoitza-zentroetako espazioetan eta zerbitzuetan berrikuntzak eginez, jantoki biziak eta malguak sortuz eta, aldi berean, elikadura aberats eta osasungarriaz gozatuz.
Adinmugi, Athlon
Prebentzioko, tele-errehabilitazioko eta coaching-eko plataforma baten bidez, adineko pertsonen jarduera monitorizatzen da, haien autonomia eta bizi-kalitatea sustatuz. Ariketa fisikoak pertsonalizatuko dira, eta, entrenatzaile baten bidez, adineko pertsonak animatuko dira jarduera fisikoa egiten jarrai dezaten. Jarraipen-tresna bat izango du, ariketak ebaluatu, pertsonalizatu eta optimizatu ahal izateko.
Nor Etxean, Aurrerantz
Etxez etxeko zainketen sektorean kontratazioa eta gaikuntza laguntzeko zerbitzu baten garapen esperimentaleko proiektu bat da. Beste erakunde publiko eta pribatu batzuekin koordinatuta egongo da, eta irtenbide teknologiko baten sostengua izango du, zaintza pertsonalizatuak, profesionalak eta giza zainketak bermatzeko erreferentea izango dena eta gaitasun berrietan prestakuntza sustatzen duena.
Bizihobe, Ikigaia
Etxean banaka erabiltzeko online plataforma bat garatuko da. Plataforma horrek datu ugari emango ditu, osasun-arazo posibleak agertu baino lehen arriskuak identifikatzea eta adinekoen gainean jardutea ahalbidetuko duen ezagutza eskuratzeko lana errazteko. Bizihobek pertsona bakoitzaren azterketa holistikoa egingo du, etorkizunean gaixotasunak eragiten dituzten faktoreak ager ez daitezen. Kontua ez da bizi-itxaropena handitzea, bizitza osasungarriaren itxaropena handitzea baizik.
GoiOSASUNLab II, Eder Arretak
Esperientzia pilotuak garatzea du helburu, mendekotasun faseetan dauden adinekoen sarrera atzeratzeko, hauskortasun funtzionala eta narriadura kognitiboa prebenitzeko zerbitzu komunitario digitala sustatuz, ohitura osasungarriak hobetzera ere bideratuta dagoena, eta hori guztia Goierriko eskualdean jarduten duten eragileentzako aukera-espazioak sortuz.
Experience Lab Home, Errotu Taldea
Adinekoak beren ohiko bizilekuan ahalduntzen dituen eta prestakuntza soziokulturala ematen dien zentzumen anitzeko esperientzien eredu berri bat diseinatzea, zahartze aktiboa sustatuz. Adineko kalteberenen bizi-kalitatea hobetzen laguntzea du helburu, adineko pertsonen egoitzan eta etxean egiten diren jardueren beste osagai bat baita.
Smart Home Care, Fagor Healthcare
Proiektuaren helburua da zerbitzu berri bat garatzea, soluzio teknologiko batean oinarritua (Smart Home Care gailua eta abisuen aplikazioa), erabiltzaileei medikazioa hartzen laguntzeko eta tratamenduarekiko atxikidura hobetzeko. Irtenbide teknologiko integratua da, botikak hartzeko alarma eta abisu sistema baten bidez. Farmaziako Medical Dispenser sistemarekin prestatuta dago.
Eldercook, GSR
Helburua da indukziozko bitrozeramikazko gainazal egokitu bat garatzea adineko pertsonek edo ikusmen desgaitasun edo desgaitasun psikomotoreren bat dutenek erabil dezaten, ahots-komandoen bidez, eta, horretarako, laguntzaile birtualak erabiliz. Adibidez, erabiltzailea pasta egosteko errezeta egiten has daiteke, eta hodeiaren bidez kudeatuko dira errezetaren irakitea eta egoste denbora.
Etxean Geratuz, Gureak Ostalaritza
Elikadura testurizatuan eta etxez etxeko ikuztegian zerbitzu integral bat garatzen da, 65 urtetik gorakoei edo mendetasunen bat dutenei egokitua, etxeko bizi-kalitatea hobetzeko helburuarekin. Horretarako, proiektu pilotu bat garatuko da erabiltzaileen parte-hartzearekin eta etxez etxeko laguntza ematen duten enpresen eta Gipuzkoako hainbat udalerritako gizarte-zerbitzuen lankidetzarekin.
Bitxikeriak, Kastore Gest
Eskari turistikoa sortzea du helburu, adinekoentzat berariaz diseinatutako jarduerak eskainiz. Proiektu turistiko bat da, bizitza osoko ikaskuntzan oinarritzen dena, tokiko konfinamendu eta deskonfinamendu uneetan aplikatzeko gai dena, baina, aldi berean, mugaz haraindikoa, eta zahartze aktiborako baliabideak emateko helburua duena.
Landa inguruneetan zerbitzu soziosanitarioak mutualizatzea, Partem XXI
Gipuzkoako landa eremuan Interneteko sare berriari emandako bultzada aprobetxatuz, proiektuak mutualizazio potentziala duen telelaguntza eredu bat ikertu nahi du, kostuak murrizteko, erronka soziosanitario berriei aurre egiteko eta enplegua sortzeko. Proiektuak mutualizazioa eta digitalizazioa aztertuko ditu, Europa mailako jardunbide egokiak identifikatuz eta landa ingurunerako eredu bat proposatuz. Eredu horrek adinekoen, haien familien eta inguruneen parte-hartzea izango du, bai eta inplikatutako erakunde publikoena eta eragileena ere.
Zaintek loT, Wattio
Mendekotasuna duten pertsonak monitorizatzeko sistema hobetzea du helburu, etxeetan aurrera eginez, haien pribatutasuna inbaditu gabe. Adimen artifizialaren eta LoT gailuen bidez, monitorizazioa egingo da eta kontaktuei ohartaraziko zaie edozein egoera anomaloren aurrean. Ondoriozko sistemak zerbitzu berria eskainiko du mendekotasuna duten pertsonak zaintzen laguntzeko, haien bizi-kalitatea hobetzeko eta istripu-tasa eta zaintzaileena murrizteko.
2897