Aldundiak eta Azpeitiko Udalak Madalena auzoaren eremu degradatua eraldatu eta natura- eta hezkuntza-gune bihurtu dute
Aldundiak eta Azpeitiko Udalak Madalena auzoaren eremu degradatua eraldatu eta natura- eta hezkuntza-gune bihurtu dute
Aldundiak eta Azpeitiko Udalak Madalena auzoaren eremu degradatua eraldatu eta natura- eta hezkuntza-gune bihurtu dute
Madalena auzoaren lehengoratze ekologikoak 3.882 m² lurzoru degradatu berreskuratu ditu, hiru baso autoktono mota berrituz eta ingurunea ingurumena kontserbatzeko eta paisaia lehengoratzeko eredu bihurtuz.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuaren Azpiegitura Berdeen diru-laguntza lerroaren bidez finantzatutako proiektu honek, 45.000 euroren bitartez, azpiegitura berdeek klima-aldaketaren aurkako borrokan duten garrantzia nabarmentzen du, ekosistemak leheneratuz eta Azpeitian garapen jasangarria sustatuz.
José Ignacio Asensio Jasangarritasuneko diputatuak eta Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak Madalena auzoko eremu degradatuko obren amaiera bisitatu dute. Bertan, lehengoratze ekologikorako asmo handiko proiektu bat gauzatu da. Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuaren Azpiegitura Berdeen diru-laguntzen lerroak bultzatutako proiektu horrek 45.000 euroko inbertsioa izan du guztira, bere bigarren fasean. Ekimena, era berean, Next Generation funtsek finantzatzen dute, Espainiako Gobernuaren Berreskurapen, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren bidez.
Planak 3.882 m²-ko azalera hartu du guztira, eta eragin positiboa izan du 28.055 m²-ko azaleran, hiru baso autoktono mota berrituz: hariztia, haltzadia eta artadia. Era berean, proiektuaren lehen fasearen bitartez, landaredi autoktonoari buruzko hedapen-, dibulgazio- eta sentsibilizazio-espazio bat sortu da, bisitarientzako museo bizi bat eta herriko ibilbide turistikorako euskarri gehigarri bat bihurtuz.
Zaharberritutako eremuak mintegi txiki bat, putzu bat, naturan ikasgela gisa erabiltzen den harmaila bat eta Urola ibaiaren behatoki bat ditu. Eremu berri horrek aukera ematen die bertakoei zein bisitariei tokiko flora hurbiletik ezagutzeko, ingurumen-kontzientzia sustatzeko eta tokiko basoak kontserbatu eta birsortzearen garrantzia hobeto ulertzeko.
Bisitan, José Ignacio Asensio Jasangarritasuneko diputatuak adierazi duenez, “azpiegitura berdeak funtsezkoak dira gure ekosistemen jarraitutasun ekologikoa bermatzeko, eta rol garrantzitsua betetzen dute klima-aldaketaren aurkako borrokan, horiek baitira CO2 hustutegi nagusiak. Azpeitiko Madalena auzoan gauzatutako proiektu honek eremu degradatu bat birgaitzeaz gain, hezkuntza- eta sentsibilizazio-espazio bat sortzen du herritarrentzat. Gure ongizatea, osasuna eta ekonomia ekosistemen kontserbazio-egoeraren mende daude, eta horrelako ekimenek erakusten dute Gipuzkoaren etorkizun jasangarriarekin dugun konpromisoa”.
Bestalde, Azpeitiko alkate Nagore Alkortak nabarmendu du proiektuak balio handia ematen diola Azpeitiko udalerriari: “Historikoki, Azpeitiko herritarrok ez dugu ohitura handirik izan Madalena ingurua bisitatzeko, baina amaitu berri diren lan hauei esker, erdigunetik hain hurbil dagoen eremu hau biziberritu egingo da eta garrantzi handia hartuko du”. “Proiektu honek hainbat arlo hartzen ditu bere baitan: bertako landaredia sustatzea eta ezagutaraztea ez ezik, ingurumenaren sentsibilizazioan ere berebiziko garrantzia izango du. Herriari berdegune berri bat gehitzea beti da onuragarria, eta nahiz eta Azpeitian dagoeneko hainbat ditugun, berdeguneak sortzea ongi etorria da beti, batez ere lehen degradatuta zegoen eremu batean. Gune hori erabilgarria izango da ikastetxeentzat, hezkuntza-leku bat eskainiz, eta aisialdirako eta turismorako ere balioko du, gure komunitateari are balio handiagoa emanez”.
Azpeitiko Udalak herriko ingurumen-taldearekin, Ekopasaia enpresarekin (obrak egiteaz arduratzen dena) eta Asmatu ingeniaritzarekin (obra-zuzendaritzaz arduratzen dena) izandako lankidetzari esker egin ahal izan da proiektua. Ekimenaren barruan, tokiko zuhaixka-espezieak landatzea, bertako floraren egitura berreskuratzea, auzo-baratzeen kultura-paisaia berroneratzea, hariztia hedatzea eta gainazaleko geruza iragazkor bat sortzea sartu dira.
Lehengoratze horren alderdi berritzaileenetako bat inguruko baso naturalak birsortzeko landareak ekoizteko mintegi bat sortzea da. Mintegi horrek eremua berreskuratzen lagunduko du, eta azpiegitura berdeen garrantziari buruzko hezkuntza- eta sentsibilizazio-zentro gisa balioko du.
Gainera, landare inbaditzaileak kentzeko lanak egin dira, eta oinezkoen erabilerarako ibilbideak sortu dira, naturgunera iristea eta hartaz gozatzea erraztuz. Paisaia interpretatzeko espazio bat ere egituratu da, mutuaren goiko atalasetik ikusteko modukoa, eta mendi-bideekiko loturak hobetu dira, naturarekin lotutako aisia aktiboa sustatuz.
Ekimen horri esker, Madalena auzoa, Izarraitz magalean kokatua eta historikoki auzoetako baratzeengatik ezaguna, leheneratze ekologikoaren eta garapen jasangarriaren adibide bihurtu da. Lehengoratze hori Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatutako klima-aldaketaren aurka borrokatzeko estrategiaren barruan kokatzen da, eta Gipuzkoako lurraldeak balio naturalak babesteko eta gizartea sentsibilizatzeko duen konpromisoa indartzen du. Garapen-ildo berri bat, "Gipuzkoa Klima 2050" izenekoan jasoa, Europako zuzentarauei erantzuten diena biodibertsitatearen galera-tasa kezkagarriaren aurrean jarduteko, hori baita aurre egin beharreko ingurumen-krisi nagusietako bat.
Ekimen horren bidez, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Azpeitiko Udalak aurrerapauso garrantzitsua eman dute etorkizun berde eta jasangarriago baterantz, herritarrei eta bisitariei biziberritutako eta biziz betetako espazio natural bat eskainiz, naturaz ikasteko eta gozatzeko, egoera puruan.
11637