Aldundiak eta CIC biomaGUNEk Covid-19aren aurkako borrokaren ikerketa-ildoak aztertu dituzte
Aldundiak eta CIC biomaGUNEk Covid-19aren aurkako borrokaren ikerketa-ildoak aztertu dituzte
Markel Olanok azpimarratu du garrantzitsua dela I+G+B ekosistema, pandemiak eragindako krisiari berme osoz aurre egiteko.
Gipuzkoako Foru Aldundiak eta biomaGUNE Biomaterialen Ikerketa Kooperatiboko Zentroak elkarren arteko estrategiak eta proiektuak kontrastatu dituzte gaur, baita Covid-19aren krisiari aurre egiteko egiten ari diren lana ere. Markel Olano diputatu nagusia, Imanol Lasa Ekonomia Sustapeneko diputatua eta Jon Gurrutxaga Berrikuntzako zuzendaria Jose Maria Mato zuzendari nagusiarekin, Luis Liz Marzan zuzendari zientifikoarekin eta Anna Llanes zentroko kudeatzailearekin bildu dira. Zentroa biomaterialen arloko ikerketan nazioarteko erreferentzia da. Ondoren, zentroaren jarduera bertatik bertara ezagutu ahal izan dute Miramongo instalazioak bisitatuz.
CIC biomaGUNEk aurrera eramaten dituen proiektuen artean, 'Coin' dago, zeina nanopartikulen koroa proteikoa (NP) kontrolatzeko estaldura adimendunak diseinatzean baitatza. Medikuntzan sendagaietarako ibilgailu gisa erabiltzen dira; adibidez, minbizi ehunari erasotzeko diseinatu dira. Arlo honetako erronka bat da gorputzean injektatu ondoren ibilbidean zehar funtzionaltasunari eustea, helburua lortu arte. Proiektuaren helburua da NPak estaltzeko gai diren proteinak diseinatzea, epe luzera horien azalera funtzionalizatzeko eta minbizi-zeluletara bideratzeko. Proiektu hori Aldundiak lagundu zuen, Gipuzkoako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Sarea programaren barruan, 89.534 eurorekin.
Programa horren beraren bidez, ekipamenduen atalean, Aldundiak 100.000 eurorekin ordaindu zuen fotoi anitzeko laser bat, aplikazio biomedikoetan edo nanomaterialen karakterizazio biofisikoan zentratutako ikerketa-lerroen giltzarria dena. Fluoreszentzia-mikroskopioari akoplatuta, ahalbidetzen du lagin konplexuetan interakzio molekularrak aztertzea. Fellows goi-mailako ikerketa talentua erakartzeko eta atxikitzeko programaren bidez ere lan egiten dute bi erakundeek elkarrekin. Programa horren esparruan, Aldundiak gaur egun CIC biomaGUNEn proiektuak garatzen dituzten hiru ikertzaile kontratatzea bultzatu du.
Ildo horretan, Gipuzkoako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Sarea programaren urteko deialdia zabalik dagoela gogorarazi dute foru arduradunek; izan ere, eskaerak aurkezteko epea uztailaren 13ra arte luzatu da, Covid-19aren krisiaren ondorioz. Aldundiak 4.315.000 euro bideratuko ditu aurten, 2019ko kopuru bera, lurraldeko erakundeek I+G+B arloan egiten duten ahalegina babesteko. Lau motatako proiektuak lagunduko dira diruz: sareko beste zentro batekin edo batzuekin lankidetzan egindako enpresetako I+G unitateen gidaritzapean egindakoak; enpresetako I+G unitate berriak sortzekoak; ekipamenduan eta azpiegitura aurreratuetan inbertitzekoak; eta I+Gkoak, ahal dela biozientzien/osasunaren, fabrikazio aurreratuaren eta energia berrien Euskadiko RIS3 Estrategian identifikatutako lehentasun estrategikoetan.
Era berean, Zentroko arduradunek Aldundiarekin partekatu dute Covid-19aren aurkako borrokan egiten ari diren lana. CIC biomaGUNE gaixotasuna monitorizatzeko proiektu bat garatzen ari da, konplexu inflamosomek larritasun-egoeraren markatzaile gisa duten eginkizun prediktiboan oinarrituta. Inflamosomak hanturazko erantzun sistemikorako plataformak dira, eta, beraz, Covid-19 duten pazienteen odol-laginetan ebaluatzea proposatzen da; izan ere, emaitzek egoera arina izango duten edo arriskuan egongo diren iragartzen lagun dezakete, baita gaixotasuna larriagotzeko puntu bat badago ere, kontrol handiagoa izateko.
Bestalde, zentroak, CEIT eta Tecnaliarekin batera, pazienteei hartzen zaizkien laginetarako birus garraiobideak prestatzeko lanak koordinatu ditu. Laborategian prestatutako antibiotikoen konbinazio batek osatzen ditu sistema horiek, eta laginak ospitaleetatik analisi-laborategietara segurtasunez eramateko balio dute.
I+G+Bren aldeko apustua
"Gipuzkoa auzolanean pandemiaren ondorioei aurre egiten ari dela diogunean, benetako komunitate gisa, Gipuzkoako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Sarearen ekarpenaz ere ari gara, sare horretako zentroak gizartearen esku jartzen ari baitira bere ezagutza, talentua eta entrega guztia, Covid-19ari aurre egiteko", esan du Gipuzkoako diputatu nagusiak. Olanok eskertu egin du CIC biomaGUNEk lan horretan hartutako konpromisoa, eta "gure garaiko erronka sozial eta ekonomikoei" aurre egiteko "ikerketa zientifikoa modu irmoan babestu" behar dela azpimarratu du, "pertsona guztientzat kalitatezko eta ongizateko enplegua sortzea ahalbidetuko duen ehun ekonomiko berritzaile eta lehiakorra" bermatzeaz gain. Atal horretan, ahaldun nagusiak nabarmendu duenez, "aipamen berezia" egin behar zaio biozientzien sektoreari; izan ere, "etorkizun handiko" esparrua da, eta, "erabakitasunez eta lan luzeari esker, Gipuzkoa indartsu kokatu da". "Duela urte batzuk hasitako apustuari esker, jarduera ekonomiko berria sortzeaz gain, lehen mailako erronka global baten aurkako borrokan parte hartu ahal izango dugu, hau da, Covid-19aren aurkako borrokan", gaineratu du.
"Pandemia Gipuzkoan oso argi geneukan zerbait baieztatzera etorri da: Gizarte aurreratuagoa, justuagoa eta demokratikoagoa eraikitzeko, ikerketa zientifikoa eta berrikuntza modu irmoan babestearen garrantzia. Orain, inoiz baino gehiago, apustuari eusteko unea da", esan du Olanok. Hori dela eta, nahiz eta Foru Aldundiak aurrekontuetan doikuntzak egin behar izan dituen, I+G+B partidak bere horretan mantendu dira. Bestalde, CIC biomaGUNEko zuzendari Luis Liz Marzanek nabarmendu duenez, Foru Aldundiaren babesa “ezinbestekoa izan da gure zentroaren gaitasunak indartzeko, azken hamar urteetan zehar”. “Zientzia azpiegituren finantzaketa partekatua” balioan jarri du Liz Marzanek, “ahalbidetzen baitu nazioartean posizio lehiakor bat edukitzea, eta gure inguruko enpresei sostengua eskaintza, lehen mailako ekipamendu zientifikoarekin”.
1632