Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Aldundiak eta Donostiako Udalak hasierako hitzarmena sinatu dute Klima Aldaketaren Zentroa Eskuzaitzetan eraikitzeko

Aldundiak eta Donostiako Udalak hasierako hitzarmena sinatu dute Klima Aldaketaren Zentroa Eskuzaitzetan eraikitzeko

Urte honen amaieran irekiko da, eta behin-behineko kokapena izango du behin betiko azpiegitura Eskuzaitzetan eraikitzen den arte

2018/01/22

Jose Ignacio Asensio: “Gure lurraldeak plan estrategiko bat garatu behar du etorkizuneko Gipuzkoa gaurkoaren desberdina izan dadin, berotegi efektuko gas isurketak murriztuz, gaur egungo energia mendekotasuna gutxituz eta energia berriztagarrien aldeko apustua eginez".

 

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ingurumeneko Departamentuak eta Donostiako Udalak ingurumen arloan duten hitzarmenari esker, hainbat ekintza sustatu ahal izan dira Ingurumeneko Departamentuak iaz abian jarri zuen ‘Gipuzkoa Klima 2050’ klima aldaketari buruzko programaren barruan. Aipatzekoa da, besteak beste, Ecoplayas hondartzen nazioarteko biltzarra; bertan, berotze globalak gure itsasertzean duen eragina eta udalei tresnak eskaintzeko beharra aztertu zen, udalerriei aukera emateko beren hondartzak klimaren aldaketetara egokitzeko politikak abian jar ditzaten. Ildo horretan kokatzen dira, orobat, hondakinen prebentziorako estrategiak garatzea, hala nola ‘GK Green Fashion’ moda jasangarriaren klusterra, edo Donostiako Udalarekin sinatu den lankidetza hitzarmena, zeinak ahalbidetuko duen Amara eta Gros auzoetan errefusa biltzeko sistema irekiko edukiontzietan 100 sentsore adimendun jartzea, edukiontzi horien tenperatura eta betetze maila neurtzeko. 

 

Lankidetza hori sendotzen jarraitzeko, Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatuak eta Ernesto Gasco Donostiako Udaleko Ekonomia Sustapeneko zinegotziak iragarri dute hasierako hitzarmen bat sinatu dutela Klima Aldaketaren Zentroa Eskuzaitzetako poligonoan eraikitzeko. Hortaz, Donostiako Udalak aktiboki parte hartuko du Zubietako eremuan kokatuko den zentroa sustatzen. Lur horietan eraikiko da Gipuzkoako Ingurumen Gunearen bigarren fasea ere, zepak heltzeko planta eta biometanizazioko planta, alegia. Azpiegitura horien kokapena 300 metro eskasera egongo da Ingurumen Gunearen lehen fasea osatzen duten balorizazio energetikoko plantatik eta tratamendu mekaniko-biologikoko plantatik.

 

Klima Aldaketaren Zentroa urte honen amaieran irekiko da, eta behin-behineko kokapena izango du Eskuzaitzetan behin betiko azpiegitura eraikitzen den arte. Aurreikuspenen arabera, lehen fasean, zuzeneko 15 eta 20 lanpostu artean sortuko dira, guztiak ere kualifikazio altukoak. Eraikina bera abangoardista izango da, gainera eta diseinuaren abiapuntua ingurumena izango da. Zero emisio eta zero kontsumoko eraikina izango da eta bere helburua eraikuntza erreferentea izatea da gure lurraldean zein nazio eta nazioarte mailan. Eraikuntzarako beharrak 3.384 m2-koak dira.
Entitate hori Gipuzkoako Foru Aldundiak Etorkizuna Eraikiz programaren barruan bultzatzen dituen proiektu estrategikoen artean dago, eta hainbat zati izango ditu: behatoki bat, ekonomia zirkularra sustatzeko alor bat, eta Gipuzkoaren trantsizio energetikorako eta energia berriztagarrien garapenerako departamentu bat.

 

Jose Ignacio Asensiok azaldu duenez, Gipuzkoako Klima Aldaketaren Zentroak hiru ardatz nagusi izango diru: berotze globalak gure lurraldean duen eragina neurtzeko eta aztertzeko behatoki bat sortzea, ekonomia berdea sustatzeko Europako funtsen bidez ekonomia zirkularra sustatzea eta ‘GK Recycling’ birziklatze klusterra indartzen jarraitzea, eta energia berriztagarriak sustatuz energia trantsizioa ahalbidetzea. “Gure lurraldeak plan estrategiko bat garatu behar du etorkizuneko Gipuzkoa gaurkoaren desberdina izan dadin, berotegi efektuko gas isurketak murriztuz, gaur egungo energia mendekotasuna gutxituz eta energia berriztagarrien aldeko apustua eginez", adierazi du foru diputatuak.

 

Ernesto Gascok nabarmendu du Aldundiak eta Donostiako Udalak elkarrekin egindako lana: “Lan honi esker, gaur iragarri dezakegu Klima Aldaketari aurre egiteko Zentroa errealitate bat dela eta Donostiako Udalak Aldundiaren eskura jarriko duela zentroa finkatzeko lursaila. Garrantzia handiko zentroa izango da, gaur egungoa”. Sustapen Ekonomikoko Zinegotzi eta Alkateordeak azpimarratu du garatutako gizarte guztiontzako gai erabakigarria aztertuko duela erakundeak, klima aldaketari aurre egitea, hain zuzen. “Norabide honetan lan egin behar dugu, Europako puntako hiriek egiten duten bezala”.

Zentro berria egiteko, Ingurumeneko Departamentuak 800.000 euroko partida bat ezarri du 2018rako; kopuru horri 2017an politika horietara xedatutako 700.000 euroak gehituta, 1.500.000 euro izango dira guztira. <0}

 

Asensiok inbertsioa justifikatu du “hondakinen arazoa gainditu ondoren, klima aldaketa delako ingurumen alorrean Gipuzkoak duen erronka handiena”; gainera, gogoan izan behar da "klima, ingurumen alorreko erronka bat izateaz gain, garapen eredu berri eta jasangarriago bat garatzeko aukera ere badela”. Horri dagokionez foru ordezkariak gogorarazi du Europako Batzordeak 2015eko abenduan onartu zuen ekonomia zirkularraren paketeak 6.000 milioi euro baino gehiagoko zenbatekoa duela diru laguntzak eta finantzaketa eskaintzeko, eta Klima Aldaketaren Zentroaren helburuen artean dagoela Gipuzkoak aukera berri horietan parte hartzea.

 

Klima aldaketari buruzko foru programaren helburua da laguntzea lehengaien eta energia fosilen kontsumoa gutxitzen, isuriak murrizten eta berotegi efektuko gasak (BEG) gutxitzen, Klima Aldaketaren 2050 Euskal Estrategian (Klima 2050) definitutako estrategiak tokian-tokian garatuz.

  

1631