Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Aldundiak eta EHUko Ingeniaritza Eskolak hitzarmena sinatu dute itsasoko PETaren birziklapen aukerak ikertu eta ehun-harian eraldatzeko

Aldundiak eta EHUko Ingeniaritza Eskolak hitzarmena sinatu dute itsasoko PETaren birziklapen aukerak ikertu eta ehun-harian eraldatzeko

Asensio: “Birziklapenean aurrera egiten jarraitu nahi dugu, hondakin mota guztiek ingurumenarekiko duten eragina gutxitzeko”

2017/06/23

José Ignacio Asensio, Ingurumeneko Diputatuak eta Xabier Ostolaza, Euskal Herriko Unibertsitateko Ingeniaritza Eskolako zuzendariak, hitzarmena sinatu dute gaur goizean itsasoko zabor bezala bildutako polietileno terftalatoaren (PET) birziklapen aukerak eta ehun-harian bihurtzeko posibilitatea ikertzeko. Asmoa da bai itsasoan eta bai hondartzetan bildutako PET materialen ekonomia zirkularraren zikloa ixtea, horiek hondakin gisa kudeatzeak dakartzan ingurumen eraginak eta kudeaketa kostuak murriztuz, lehengaien kontsumoa murriztuz eta abar. Aldundiak 60.000 euroko ekarpena egingo du.

 

“Itsasoko hondakinak mehatxu larri bat dira itsas bizitzarako, arrantza komertzialerako, itsasoko bidezko turismo eta garraiorako, eta horrez gain, gizartearen osasunari ere eragiten diote, kate trofikoan mikroplastikoak gaineratzeagatik. Birziklapenean aurrera egiten jarraitu nahi dugu, hondakin mota guztiek ingurumenarekiko duten eragina gutxitzeko”, adierazi du Diputatuak.

Itsasoko PET hondakinak birziklatzeko zer aukera dagoen ebaluatzeko, egindako estimazioaren arabera, beharrezkoa izango da gutxi gorabehera 15 kg hondakin eskuratzea, laborategi eskalan aztertu eta prozesatzeko. Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako Departamentuak jarriko ditu Gipuzkoako hondartzeko garbiketa zerbitzuek bil ditzaketen hondakinak.

 

Proiektuaren emaitzak hedabide desberdinen bidez hedatuko dira, bai gizarteari erakusteko itsasoan dauden plastiko hondakinen ondorioak eta bai proiektu honetan aztertutako alternatibak aurkezteko.

 

Mende honetako ingurumen erronketako bat da itsasoak babestea. EBren Liburu Berdeak (2013) dioenaren arabera, Atlantikoko eta Pazifikoko itsasoetan 100 milioi tona inguru hondakin daude pilatuta, eta horien % 80 plastikoak dira. Itsasoko hondakinak mehatxu larri bat dira itsas bizitzarako, arrantza komertzialerako, itsaso bidezko turismo eta garraiorako, eta horrez gain, gizartearen osasunari ere eragiten diote, kate trofikoan mikroplastikoak gaineratzeagatik.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako Departamentuak, itsas hondakinekin lotutako arazoaz jabetuta, Europako LIFE LEMA proiektuaren buruzagitza du. Europar Batasunaren LIFE Ingurumena eta Klimaren aldeko Ekintza programaren esparruko proiektua da, eta bertan honako bazkideek parte hartzen dute: AZTI eta Rivages Pro Tech ikerketa zentroak, Syndicat mixte Kosta Garbia erakunde publikoa eta horiekin batera lantaldea osatzen dute Biarrizko Udalak eta Surfrider Foundation Europe gobernuz kanpoko erakundeak. Proiektuaren helburua da gida metodologiko bat eta erreminta adimentsuak eskaintzea tokian tokiko agintaritzei itsasoan flotean dauden hondakinak eraginkortasunez bildu eta kudeatzeko, europar politiketan hobekuntzak bultzatuz, mugaz haraindiko ikuspegi batetik.

Itsas hondakinen artean, ohikoak dira izaera polimerikoa duten hondakinak, hala nola polietileno tereftalato (PET) delakoa. Gaur egun hiri hondakinetako PETa birziklatu egiten bada ere, itsasoko PETa artean ez da sartu birziklatze sisteman; izan ere, material plastiko hauek narriatu egiten dira itsasoko baldintza horietako UV irradiazioarekin, ingurune gaziarekin eta tenperatura aldaketekin.

Oraindik ez da itsasoko PETa birziklatzeko aukerak aztertzeko ikerketarik ez egin. Horiek horrela, Euskal Herriko Unibertsitatearen Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolak, “Ikerketa+Teknologiak” taldearen bidez, ikerketa lerro bat zabaldu du, itsasoko PETaren degradazio maila eta horren birziklatze industrialaren bideragarritasuna zehazteko asmoz.

  

1634