Aldundiak eta EKOHACK-ko kideek Smartphone-rako aplikazio bat jarriko dute martxan
Aldundiak eta EKOHACK-ko kideek Smartphone-rako aplikazio bat jarriko dute martxan
Ingurumeneko Departamentua bigarren aldiz bildu da EKOHACK ekimeneko kideekin lankidetza-bideak aztertzeko eta gazteen ikuspuntua ezagutzeko
José Ignacio Asensio: "Nahitaezkoa da natura babesteko eta klima aldaketaren aurka borrokatzeko estrategiei gazteen ikuspegiak eta proposamenak eranstea”.
Ingurumeneko Departamentua Gipuzkoako zenbait gazterekin bildu da bigarren aldiz, haiekin lankidetzan aritzeko, haien ikuspuntua ezagutzeko eta naturarekin duten lotura berreskura dezaten sustatzeko. EKOHACK izeneko ekimen honek lankidetza bideak aztertzen ditu, eta naturarekin bat egiteko jarduera kate bat planteatzen du hezkuntzaren etapa guztietarako. Lehenengo saioa 2017ko azaroan egin zen, eta 22 gaztek hartu zuten parte. Pedro Cáceres ingurumen-kazetariak emandako hitzaldi baten ondoren, gazteek gaiari buruz zituzten ezagutzak partekatu eta diziplina anitzeko taldeak sortu zituzten. Ondoren, ikerketa, ideia eta prototipo lan prozesu baten bidez, aurkezten zitzaien erronkari erantzuteko proposamen batzuk aurkeztu zituzten.
Gazteek egindako proposamenen ondorioek adierazi zuten naturarekin berriz bat egiteak gizarte osasuntsuago bat dakarrela berekin, eta, gainera, ingurumen kontzientzia baten oinarriak jartzen dituela. Departamentuak proposamen horien ondorioak aurkeztu ditu, eta gazteek EKOHACKen lehen saioan asmatu zituzten hiru proiektuak matatu ditu. Lehen saio horretan bildutako proposamenei esker, Aldundiak smartphone-rako aplikazio bat abiaraziko du, gazteak naturarekin berriz bat egin dezaten sustatzeko. Beraz, sustatuko da gazteek parte hartzea proiektu honen garapenean, eta Departamentuak App-a sortzeko behar den euskarri profesionala ekarriko du.
Ingurumeneko diputatuak azaldu duenez, nahiz eta baden nolabaiteko sentsibilizazioa naturarekiko eta haren arazoekiko, gazteen artean zulo handia dago naturaren, haren balioen eta baliabideen benetako ezagutzan. «Horregatik, naturarekin berriz bat egitea gero eta beharrezkoagoa da; izan ere, horrek aukera emango digu gizarte osasuntsuago bat eta ingurumen kontzientzia bat edukitzeko». Orobat nabarmendu du nahitaezkoa dela natura babesteko eta klima aldaketaren aurka borrokatzeko estrategiei gazteen ikuspegiak eta proposamenak eranstea.
Gaur egun, jende gaztea hiri inguruneetan eta ingurune teknologikoetan bizi da gehienbat, eta, ondorioz, erabat arrotzak zaizkie naturari eta ingurumenari eragiten dieten arazoak. Arazo horri heltzeko, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Departamentuak EKOHACK topaketak sortu zituen: Gipuzkoako 18 eta 30 urte bitarteko gazteentzako sorkuntza txoko bat, non gazteek naturarekin duten harremana lantzen baita.
1485