Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Aldundiak eta Garapen Agentziek lurraldeko ekonomia sustatzeko hitzarmena sinatu dute lehen aldiz

Aldundiak eta Garapen Agentziek lurraldeko ekonomia sustatzeko hitzarmena sinatu dute lehen aldiz

Markel Olano: “Elkarlan honek etorkizuneko egoera sozio-ekonomiko berriari erantzungo dieten proiektu estrategikoen garapena ekarriko du”

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta lurraldeko Tokiko Garapen Agentzi guztiek ekonomia sustapenerako gobernantza eredu berri bat garatzeko hitzarmena sinatu dute. Lehen aldiz sinatu den lankidetza hitzarmen hau 2021 urtera arte egongo da indarrean, eta estrategiak ezartzeko, programak garatzeko eta tresna berriak sortzeko lankidetza eredu bat zehazten du. Elkarlanerako dokumentua Markel Olano diputatu nagusiak eta Garapen Agentzietako lehendakariek sinatu dute Foru Aldundiko kontseilu gelan izandako goi-mailako bileraren ondoren. 

Elkarlaneko espazio hauen formalizazioak lurralde lehiakortasuna eta kohesioa hobetzeko Foru Aldundiaren eta garapen agentzien indarguneak sendotzen ditu. Hitzarmen honek lurralderako estrategikoak diren proiektuen garapena du helburu, lurraldeko eta enpresako eragile eta tresnak bateratuz. Olanok adierazi duenez, “elkarlan hitzarmen honek etorkizuneko egoera sozio-ekonomiko berriari erantzungo dieten proiektu estrategikoen garapena ekarriko du”. Horretarako, garapen endogenorako eta lurralde orekarako proiektu traktoreak eta bereizgarriak identifikatu eta babestu nahi da, eta ekintzak, eragileak eta tresnak bateratu.

Diputatu nagusiak balioan jarri du “orain arte Gipuzkoako Eskualdeko Garapen Agentziek lurraldearen garapenaren alde” egindako lan guztia. Olanoren ustez, udalek sortutako erreminta hauek eskualdeen garapen endogenorako tresna interesgarriak izan dira, baina, “gaur egungo mundu ireki eta globalizatu honetan, Gipuzkoa lurralde lehiakor eta aurreratuagoa izan dadin, ezinbestekoa da elkarlana sustatzea eta estrategia bateratuetan indarrak batzea”, gehitu du. Zentzu berdinean, “eskualde guztiak indartsuak izanik soilik lortuko dugu Gipuzkoak aurrera egitea” azpimarratu du.

Hitzarmen honek erakunde ezberdinen arteko elkarlana sustatzen du Gipuzkoa garatu eta kohesionatu bat izanik xedea. Lurralde kohesioak bost alderdi kontuan hartzen dituen garapen eredu bat eskatzen du: alderdi ekonomikoa, alderdi sozio-kulturala eta instituzionala, alderdi politiko-administratiboa, ingurumenari dagokiona, eta zeharkako ardatz bezala pertsonen garapen integralari dagokiona. Aldundiak ezinbestekotzat jotzen du tokiko garapenerako Eskualde Agentziek, foru erakundearekin bezala, gainerako garapen agentziekin ere etengabeko harreman zuzena izatea, elkarrekin, lurralde politiken diseinuan parte hartu dezaten. Horretarako, Gipuzkoako Foru Aldundiak bere kapital soziala erabiliko du, eskualdeko eta lurralde politikak indartu daitezen.

Elkarlanerako hitzarmen honen sinadura Gipuzkoako Foru Aldundiak legealdi honetarako helburu duen gobernantza ireki eta elkarlanekoan pauso bat da. Zehazki, honen puntu esanguratsuenetakoa Gipuzkoa Sarean proiektuan orain arte existitu diren espazioen formalizazioa da. Espazio horiek honako hauek dira: Eskualde Arteko Mahaia (EAM), garapen agentzietako lehendakari eta zuzendariek eta Aldundiko kideek osatzen dutena, gobernantzan aurrerapausoak eman eta lurralde politiketan lehentasunak definitzera zuzendua; eta Fazilitadoreen Mahaia, garapen agentzietako teknikarien eta Aldundiaren elkarlanerako espazioa, gaitasunak sortzera bideratuta; eta Talde Eragilea, Aldundiko kabineteko eta proiektuaren koordinaziorako, Kabineteko eta Ekonomia Sustapenerako departamentuko kidek osatuta.

Gipuzkoa Sarean 2009an martxan ipinitako proiektua da lehiakortasuna hobetzen laguntzeko eta lurralde garapenerako eredu berri bat eraikitzeko helburuarekin. Proiektua ekintza ikerketaren metodologian oinarrituta dago, ekintza eta ikerketa uztartzen dituena. Ikerketaren ikuspuntutik hitzarmen sinadura mugarri garrantzitsua da, modu esperimentalean lanean aritu diren espazioak formalizatzeak orain arte laborategian egon direnak nolabait instituzionalizatzen baititu.

Eskualdeetako Garapen Agentzien eta Aldundiaren arteko elkarlana 2013tik garatu da, Orkestraren laguntzarekin. Helburua elkarlanari esparru bat emanez, hainbat pauso ematea gobernantza eredu berri bat bilatzea izan da. Orkestrak paper garrantzitsu bat izan du orain arteko bidean, prozesuan fazilitadore bat izan da eta baita ekintza ikerketa metodologiaren eraikuntzan aktore klabea.

Hasieran aipatu bezala, hitzarmen sinadura Gipuzkoako Foru Aldundiaren (Diputatu Nagusiaren Kabinetea eta Ekonomia Sustapeneko departamentua) eta Gipuzkoako hamaika Eskualdeetako Garapen Agentzien artekoa da. Garapen agentzia horiek dira, alfabetikoki: Beterri-Buruntza Udalak, Bidasoa Bizirik-Bidasoa Activa, Debagoienako Mankomunitatea, Debegesa (Deba Barrenako agentzia), Donostia Sustapena, Goieki (Goierriko Agentzia), Iraurgi Berritzen (Urola Erdiko agentzia), Oarsoaldea, Tolosaldea Garatzen, Uggasa eta Urola Kostako Udal Elkartea.

  

1942