Aldundiak eta Gipuzkoako Merkataritza Federazioak lankidetza berri bati ekin diote, Gipuzkoako merkataritzan ekonomia jasangarria lortzeko
Aldundiak eta Gipuzkoako Merkataritza Federazioak lankidetza berri bati ekin diote, Gipuzkoako merkataritzan ekonomia jasangarria lortzeko
Aldundiak eta Gipuzkoako Merkataritza Federazioak lankidetza berri bati ekin diote, Gipuzkoako merkataritzan ekonomia jasangarria lortzeko
21.000 euroko inbertsioarekin, akordioak jardunbide jasangarriak sustatu nahi ditu lurraldeko 8.000 saltokitan baino gehiagotan.
Hitzarmena Gipuzkoan Garapen Jasangarriaren Helburuak lortzeko eta ekonomia zirkularra sustatzeko ahaleginen parte da.
José Ignacio Asensio: “Jasangarritasuna merkataritzan integratzea funtsezkoa da etorkizun oparoa eta ingurumenarekiko errespetuzkoa bermatzeko. Jasangarriagoak izateak, energia aurrezteak, hondakinak murrizteak eta bestelako jardunbideek aukera emango diete saltokiei beren lehiakortasun-gaitasuna indartzeko”.
José Ignacio Asensio Jasangarritasuneko diputatuak eta Julen Maiz Gipuzkoa Merkatariak Federazioko presidenteak lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute gaur, Gipuzkoako merkataritza-sektorean jasangarritasuna hobetzeko. Akordio horrek merkataritza-eremuan jardunbide jasangarriagoak sustatzeko baterako konpromisoa islatzen du, Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuaren 21.000 euroko inbertsioarekin.
Merkataritza sektoreak Gipuzkoako BPGaren % 11 inguru hartzen du, 8.000 establezimendu baino gehiago biltzen ditu eta 30.000 langile baino gehiago erabiltzen ditu. Horregatik, haren jarduerak eragin nabarmena du ingurunean, batez ere hiriguneetan, haien bolumena eta kontzentrazioa dela eta. Testuinguru horretan, hurbileko merkataritza formatu jasangarriena da, kontsumitzailearengandik gertu dagoelako eta jardunbide egokiak dituelako. Hala ere, aitortzen da ingurumen-jarduna hobetzen jarraitu behar dela, hirien jasangarritasunari are gehiago laguntzeko.
Horri dagokionez, José Ignacio Asensio Jasangarritasuneko diputatuak adierazi duenez, “sektore estrategiko horri lagundu behar diogu etorkizuneko ekonomiak, ekonomia jasangarri eta zirkularrak eskatzen dizkigun parametro berrietara egokitzeko". “Jasangarritasuna merkataritzan integratzea funtsezkoa da etorkizun oparoa eta ingurumenarekiko errespetuzkoa bermatzeko. Jasangarriagoak izateak, energia aurrezteak, hondakinak murrizteak eta bestelako jardunbideek aukera emango diete saltokiei beren lehiakortasun-gaitasuna indartzeko”.
Hitzarmen hau sinatzea NBEk 2015eko irailean, 193 herrialdek 2030 Agenda onartu zutenean, ezarritako Garapen Jasangarrirako Helburuak (GJH) lortzeko ahalegin globalaren barruan sartzen da. Agenda horrek 17 GJH eta 169 jomuga unibertsal biltzen ditu, herrialdeak 2030erako mundu jasangarria lortzera bideratzen dituztenak, ingurumen-, gizarte- eta ekonomia-arazo globalei helduz.
Jasangarritasun Departamentuaren programak Gipuzkoan GJHak lortzera eta herritarren artean jokabide jasangarriak sustatzera bideratuta daude. Merkataritza-jarduera, herritarrekin duen etengabeko harreman masiboarekin, tresna eraginkorra izan daiteke sentsibilizatzeko eta ingurumen-inpaktua minimizatuko duten kontsumo arduratsuko jardunbideak errazteko.
Gipuzkoako Merkatariak Federazioak, tokiko merkataritzari laguntzearekin konprometituta, sektorearen lehiakortasuna eta etengabeko hobekuntza sustatzen duten proiektuak garatzen ditu. Kontsumitzaileen artean gero eta kontzientzia handiagoa dagoenez ingurumenari, etikari eta gizarteari buruz, Federazioak iraunkortasun-irizpideak txertatu nahi ditu tokiko merkataritzaren eguneroko jardunbideetan. Erronka hori, premia bat izateaz gain, sektorearen etorkizuna ziurtatzeko aukera bat da.
Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Gipuzkoako Merkatariak Federazioaren arteko lankidetzak aukera emango du helburu komun horietan aurrera egiteko, merkataritza jasangarriagoa sustatuz eta hiri-ingurunea eta herritarren bizi-kalitatea hobetzen lagunduz.
1913