Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Volver Aldundiak eta Irun eta Hondarribiko udalek Bidasoaldeko mugikortasuna hobetzeko 50 milioi euroko inbertsioa izango duen bide azpiegituretako plan bateratua aurkeztu dute

Aldundiak eta Irun eta Hondarribiko udalek Bidasoaldeko mugikortasuna hobetzeko 50 milioi euroko inbertsioa izango duen bide azpiegituretako plan bateratua aurkeztu dute

Planean foru-errepideak eta Irun, Hondarribia eta Gipuzkoa, Nafarroa eta Iparraldeko beste eremu batzuen arteko loturak hobetzeko proposatzen da, eskualdeko errepide nagusietan esku hartuz. AP-8an Arbes parean egingo den lotura berria —Oñaurrekoarekin batera lotune osoa osatuko duena— Azken-Portuko biribilgune berri baten bidez konektatuko da Irun iparraldeko saihesbidearekin, eraztuna itxiz eta Irun Hegoaldeko Ingurabidea egia bihurtuz. Gainera, Amute, Mendelu eta Plaiaundiko jarduerak eskualde osoaren eraldaketa integralerako plan zabal baten baitan kokatzen dira.

Gipuzkoako Foru Aldundia

Gipuzkoako Foru Aldundiak, Irungo eta Hondarribiko udalekin batera, Bidasoa eskualdeko mugikortasuna hobetzeko plan zabal bat aurkeztu du gaur, 50 milioi euro inguruko inbertsioarekin. Jarduketa multzo honek konektibitatearen erronka nagusiei eta segurtasun arazoei erantzungo die, eta, era berean, Bidasoarentzat etorkizuneko mugikortasun eraginkorrago eta jasangarri baterako oinarriak ezarriko ditu. Plana gaur aurkeztu dute Gipuzkoako diputatu nagusi Eider Mendozak, Bide Azpiegituretako eta Lurralde Estrategiako diputatu Felix Urkolak, Irungo alkate Cristina Labordak eta Hondarribiko alkate Igor Enparanek. Hiru erakundeek Bidasoaldeko Mugikortasun Mahaia osatzen dute, aurkeztutako proposamenak ondu diren lan-gunea, elkarlanaren eta ahalegin partekatuaren emaitza izan direna.

Plan honen baitako esku-hartzeek Irun Hegoaldeko Ingurabidea osatzea aurreikusten dute, Azken Portun iparraldeko saihesbidearekin konektatuz; Hondarribia eta Irungo sarbideen hobekuntza eta lotura N-638 eta GI-636 errepideen bidez; eta Amute eta Mendelu auzoetan jarduketa zehatzak. Era berean, hobekuntzak proposatu dira Plaiaundi eta Azken-Portuko sarbideetan eta trafikoaren antolaketan. Azpiegitura berriek eta hobekuntzek lagunduko dute eskualde osoan errepide-sarearen berrantolaketan eta hiri-garapen ordenatu eta irisgarriago baten plangintzan.

Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiak planaren garrantzia azpimarratu du: “Bidasoaldeko Mugikortasun Mahaiaren lan partekatuaren emaitza da hau, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Irungo eta Hondarribiko udalak biltzen dituen lankidetza-gunea. Bertan aztertu ditugu eskualdearen beharrak, eta mugikortasuna eraldatuko duten konponbideak adostu ditugu. Plan honek ez ditu soilik egungo erronkak jorratzen, baizik eta garapen-aukerak zabaltzen dizkie bi udalerriei.”

Mendozaren hitzetan, “aurreikusitako jarduerei esker, eskualde osoaren errepide-sarea ehuntzea lortuko dugu, pilaketa eta segurtasun arazoekin lotutako puntu gatazkatsu nagusiak konponduz, eta trafikoaren arintasuna eta konektagarritasuna nabarmen hobetuz. Funtsezko proiektua da hau, Gipuzkoako bigarren hiri-nukleoa den eta geografia zein ekonomia aldetik kokaleku estrategikoa duen eremu baterako.”

Diputatu nagusiak nabarmendu du, halaber, “erakundeen arteko lankidetza funtsezkoa izan dela konponbide hauek lortzeko, eta erakutsi duela lan partekatuak benetako hobekuntzak dakarzkiela herritarrei.”

Cristina Laborda Irungo alkateak adierazi du jarduketa hauek oso garrantzitsuak direla “hiriaren ikuspegitik”: “Ingurabide osoaren gauzatzea, Hegoaldeko Ingurabideak eta errepide-sarean egingo diren esku-hartzeek aukera emango dute Irunen kokaleku estrategikoak eta igarobide handiko trafikoak sortzen dituzten trafiko handiei aurre egiteko. Proiektu hauek Irunentzat ezinbesteko irtenbidea dira, eta saihesbidearen eraikuntzak mugikortasunaren kudeaketa iraunkorra erraztuko du hirian barrena.”

Igor Enparanek, berriz, azken urte eta erdian egindako lana azpimarratu du: “Hiru erakundeok buru-belarri aritu behar izan dugu egiturazko irtenbideak bilatzeko, epe labur eta ertainera neurrien proposamenak eginez. Bai teknikariek, bai erakundeetako ordezkariek norabide berean lan egitearen alde egin dute, herritarren eguneroko arazoei irtenbideak emango dizkien plan baten alde.” “Datozen hilabeteak funtsezkoak izango dira proposatutako jarduketei ekin ahal izateko, eta horiek hainbat ekitalditan gauzatu beharko dira. Horretarako, gure konpromisoa izango da lankidetza instituzionaleko eredu honen alde egiten jarraitzea.”

Felix Urkola, Bide Azpiegituretako eta Lurraldearen Antolaketako diputatuak adierazi duenez, “jarduera hauek ikuspegi integral bati erantzuten diote, eta horrek mugikortasun arinago, seguruago eta iraunkorragoa ahalbidetuko du. Bidasoaldeko ipar, hego, ekialde eta mendebaldean esku hartzeko planteamendua egin da, ikuspegi global eta egituratu batekin, eskualdeko mugikortasun erronka nagusiei erantzuteko aukera emango duen azterketa sakon baten ondoren.”

Hegoaldeko Ingurabidea: Arbesko lotura berria eta haren konexioa Oñaurre eta Azken Porturekin

Planaren jarduera nagusietako batek Arbes auzoaren parean AP-8arekin lotuko den erdi-lotune berri bat sortzea proposatzen du. Lotune horrek bide berri baten bidez konektatuko du Oñaurreko erdi-lotunearekin, eta horrela, AP-8arekin lotura osoa osatuko da, sarbide eta irteera guztiak ahalbidetuz. 2,1 kilometroko luzera izango duen lotura-bide berri horren eraikuntza erakundeen arteko lankidetza-hitzarmen baten bidez arautuko da, eta lau lotune zeharkako izango ditu: Oñaurren, Euskal Herria etorbidean, Olaberriako Hegian eta Arbesen. Horiek guztiek hiriko trafikoa antolatzen lagunduko dute, hiri barneko mugikortasuna optimizatuko dute eta Iparralderako eta Nafarroarako joan-etorriak erraztuko dituzte.

Felix Urkola diputatuak azaldu duenez, jarduera honek AP-8arekin lotura osoa sortzea ahalbidetuko du hirigunean bertan: “Honek Irunen trafikoaren antolaketa erraztuko du, hiri barneko sare osoko joan-etorri guztiei irtenbidea emanez, GI-636 eta Behobia zeharkatu beharrik gabe, mugara eta Nafarroara bideratutako trafikoari irtenbidea emanez”. “Multzo osoak AP-8arekin lotura oso berria osatzen du Irunen erdigunean”, azaldu du.

Azken Portu inguruan, biribilgune berri bat eraikitzea aurreikusten da, hiri dentsitate handiko eremu batean irisgarritasuna eta mugikortasuna hobetzeko helburuarekin. Bertan auzo-eremu bat eta jende ugari erakartzen duen kiroldegi bat kokatzen dira. Azpiegitura berriak aukera emango du zirkulazioan etenaldi bortitzak saihesteko eta Iparraldetik Behobiatik barna iristen diren ibilgailuen mugimenduak errazteko, Arbesko erdi-lotune berria erabiliz maniobra konplexuak edo biraketa arriskutsuak egin beharrik gabe beren ibilbidera itzuli ahal izateko.

Amutaldeko saihesbide berria

Hondarribirako sarbide-errepideak —N-638 eta GI-636— elkartuko dira bi biribilgune berri sortuz. Horien bidez, saihesbide bat eratuko da, herrirako sarbideak berrantolatu eta hobetu egingo dituena.

Gaur egun, Jaitzubiatik doan N-638 errepideak Donostialdearekin eta AP-8arekin (Irun mendebaldetik) lotutako trafikoak bideratzen ditu, bere funtzioa egoki betez. Aldiz, GI-636-13 adarrak (Amutalde kalea) zama handiagoa jasaten du: Nafarroatik (N-121-A), Iparraldetik (Hendaia–Behobia) eta Irungo erdiguneko zati handi batetik datorren trafikoari ematen dio zerbitzua, Zubi-Muxuko biribilgunearen bidez. Horrez gain, Amutalde auzoko barne-mugimenduak ere hartzen ditu bere gain: auzoko bizilagunak, jarduera komertzialak, eta oinezko zein txirrindulariak, bi udalerrien arteko joan-etorriak egiten dituztenak. Adarraren egungo ezaugarriek ez dituzte behar horiek asetzen.

Egoera hori hobetzeko, bide berri bat eraikitzea proposatzen da: Ospitale kaletik abiatuta, eremua zeharkatuko du eta GI-636arekin lotuko da, gasolindegiaren ekialdean kokatuko den biribilgune berri baten bidez. Lotura horrek GI-636 eta N-638 zuzenean elkartzeko aukera emango du, gaur egungo GI-636-13 adarraren saihesbide gisa jardunez eta trafiko-karga handiko puntu sentikor bat arinduz.

Mendelu–Eskapatxulo ingurua eta Zubi-Muxuko lotura

Zubi-Muxun lotura oso bat sortzeko aukera emango duten hainbat alternatiba aztertzen ari dira gaur egun. Une honetan ez daude guztiz konponduta sarrera eta irteera guztiak, eta helburua da Donostia aldetik datozen ibilgailuentzako mugimenduak ahalbidetzea, Mendelu eta Eskapatxulo artean irisgarritasun eta konektibitate handiagoa lortzearekin batera. Horrek aukera emango du bidegorriak, espaloiak eta aisialdirako guneak sortzeko, bi udalerrien arteko lotura eta integrazio urbano hobea bermatuz.

Planteamendu berri honek, soluzio bideetatik harago, hirigintza-mailako baldintza eta inplikazio garrantzitsuak ditu, eta Mendelu auzoaren berrantolaketa integrala eskatzen du. Berrantolaketa hori dagoen zubiaren eraldaketarekin eta Zubi-Muxutik egingo diren sarrera-irteerekin estu lotuta dagoela azaldu du diputatu foralak.

Biribilgune eta bidegorri berriak Amuten

N-638 errepidean trafikoaren arintasuna hobetzeko, semaforodun bidegurutzean dagoen Amuteko sarrera biribilgune bihurtuko da. Horri esker, semaforoak kendu eta pilaketak saihestu ahal izango dira.

Horrez gain, errepidearen paraleloan noranzko biko oinezkoentzako eta txirrindularientzako bide bereizia eraikiko da, mugikortasun iraunkorrago eta seguruagoa sustatzeko.

Beste jarduera batzuk

Plaiaundin, ibilbide laburrentzako erabilera esklusiboko errei bat jarriko da martxan. Errei hori hurbileko sarbide batetik sartu eta berehala, irteera batetik ateratzen diren ibilgailuentzat izango da. Horretarako, N-638 errepideko plataforma zabalduko da, errei berri baten bidez, ibilgailu horiek errepide nagusiko trafikoarekin nahastu ez daitezen.

Eider Mendozak amaiera eman dio agerraldiari zera nabarmenduz: "Jarduketa multzo honek Gipuzkoako Foru Aldundiaren konpromisoa islatzen du mugikortasunaren eta bide-segurtasunaren alde. Irungo eta Hondarribiko udalekin elkarlanean aritzeak aukera eman digu adostasunetik abiatutako konponbideak lortzeko, eta horiek Bidasoaldea eraldatuko dute, eskualdeak mugikortasun eraginkorrago eta iraunkorrago baterantz aurrera egin dezan."

  

4399